"Kopa etxera eramango bagenu, ezin hobe, baina oso harro gaude orain arte egindako lanarekin"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko mai. 17a, 07:58

Larunbat honetan, Kopako finala jokatuko du Astigarragan, Oriokoren aurka, Urnieta Kirol Elkarteko emakumezkoen lehen taldeak. Zaletuak gorriz jantzita joateko deia luzatu du klubak.

Kopako finalera iritsi da Urnieta Kirol Elkarteko emakumezkoen lehen taldea. Oriokoren kontra izango da norgehiagoka, maiatzaren 18an, goizeko 10:30ean. Iazko irailean, ez zuen inork irudikatuko denboraldia modu horretan biribiltzea, ohorezko kategoriatik jaitsi berritan baitziren, taldea ateratzea bera ere zalantzan jarrita. Ogi gogorrari hagin zorrotza erakutsi diote, ordea, eta ahalegin horren emaitza da finala bera. Taldeko kapitaina da AloÒa de Torres Bilbao urnietarra, eta entrenatzaile-lanetan dabil David Cuenca Gallego herrikidea. Astelehenean egin zuten hitzordua Aiurri astekariarekin. 

Asteburuko adrenalinaren biharamunetan, zein zaporez hasi duzue finalari begirako astea?

Aloña de Torres Bilbao: Ezin sinetsi gabiltza. Neke fisikoa, oraindik, gainean daukagu, baina ez dugu finalean gaudela irudikatzen. Zalantza genuen, baina taldea indartsu atera zen zelaira, eta, aurrera! Motibazio handiarekin gabiltza.

David Cuenca Gallego: Nerbioak jota igaro nuen joan den aste osoa, egia esan. Gaur, jada, ez.  Finalerdi batean galtzea finalaren ateetan gelditzea da. Modu honetan, ahal genuen guztia luzatu dugu denboraldia. Ederra litzateke finala irabaztea, baina, presioari begira, ez da gauza berbera.

Zein giro nabari da aldagelan?

A.T.B.: Gogo handiz ikusten dut taldea. Egin dugu egin beharreko lana, gozatzea dagokigu orain. Kopa etxera eramango bagenu, ezin hobe, baina oso harro gaude orain arte egindako lanarekin.

Joan den igandeko finalerdietan, 3-1 irabazi zenuten Ilintxa. Une oro aurretik joan zineten markagailuan. Jokoari dagokionez, zuena izan al zen baloia?

A.T.B.: Bai, nire ustez. Hasieratik izan genituen aukerak, lehen abisuak eman genituen. Gure lehen gola 5. minutuaren bueltan etorri zen. Ondoren, bigarren gola bilatzea gehiago kostatu arren, ez genien beren jokoa egiten uzten. Horrela, bigarren zatian etorri ziren beste bi golak. Markagailuan beti aurretik joatea guretzat gako garrantzitsua izan zen. Bestela, urduritasuna sartuko zitzaigun zelaian ginen bitartean. Konfiantza handiarekin ari ginen jokoan, eta beren golak ez gintuen beldurtu. Gurea izan zen jokoa, eta, hortaz, norgehiagoka.

D.C.G.: Gehien kostatzen zaiguna, normalean, bigarren zatien hasiera da. Bada, 60. minutuan sartu genuen bigarren gola. Dena dela, atzetik, jarraian, beren gola etorri zen, 2-1. Urduritu egin nintzen, orduan. Baina, segituan, bost minutura sartu genuen hirugarrena.

A.T.B.: Urduritasunak kontrolatzea ere inportantea da, jokoari burua jartzea. Gu lasaiago ginela uste dut.

Etxean jolastea, aldeko faktore, ezta?

D.C.G.: Bete-beteta zeuden harmailak, eta igande goiza zela hartu behar da kontuan. Jendearen bultzada iritsi zitzaigun. Beste taldeko zaleak ere bertaratu ziren eta giro polita sortu zen.

Aurkari zaharra zenuten Ilintxa. Orain bi urteko finala beren kontra jokatu baitzenuten, kadeteak zinetela. Oraingo honetan ere, berriro irabazi. Emaitza ez da aldatu: garaipena, bi kasuetan. Zertan aldatu da, ordea, bi urtetik hona zuen taldea?

A.T.B.: Kadeteak ginenean, bi liga ezberdinetan jokatzen genuen Ilintxak eta guk. Alegia, pixka bat, itsu-itsuan iritsi ginen finalera, ez baikenuen ia aurkaria ezagutzen. Aurten, ostera, nola jokatzen duten ikusi dugu, denboraldian. Kategoria aldatzearekin batera, jokoa aldatu dutelakoan naiz.

D.C.G.: Txikitatik elkarrekin jokatzen duen talde egonkorra da Ilintxa. Bagenekien ondo arituko zirela. Gurea, kadeteetatik seniorrerako jauzian, asko aldatu da. Kadeteetako finala irabazi genuen taldeko zazpi kide ginen joan den igandean. Gainerakoak, berriak. Jokoan ere asko aldatu gara, taldekide berriak sartzearekin batera.

Orain, Orioko izango duzue parez pare, finalean. Talde hori ere aski ezaguna zuentzat. Alde edo kontra jolasten du elkarren jokoa horren ondo ezagutzeak?

D.C.G.: Beraiek gu ezagutzea, kontrako, baina, aldiz, guk beren informazioa izatea, aldeko (barreak). Hiru partida jokatu ditugu Oriokoren kontra denboraldi honetan, eta elkarren artean oso ezberdinak izan dira hiru norgehiagokak. Ligan, bi partida jokatu genituen, eta, momentu horretan, ez genuen atezainik. Aitzitik, orain badaukagu, eta horrek jokoan eragina izan du. Era berean, ligaren amaieran zein koparen hasieran, lesio dezente izan genituen. Denak izango gara finalean orain. Zentzu horretan, aldatu egin gara.

A.T.B.: Informazioa erreminta garrantzitsua da, gure indarguneak baliatuta, Oriokori mina nondik eman asmatzeko.

Denboraldia amaitzear den honetan, eta atzera begirako ariketan, nolakoa izan da taldearen ibilbidea?

A.T.G.: Ia ez genuen talderik atera. Hori da gure abiapuntua. Hori kontuan hartuta, ez genuen pentsatu ere egiten final batera ailegatuko ginenik. Ondoren, gainera, atezainik gabe gelditu ginen denboraldiaren amaiera aldera arte. Hori ere kolpea izan zen, lan handia egin beharko genuela aurreikusten genuelako. Ahalegin handia egin du taldeak, eta horregatik gaude finalean.

D.C.G.: AloÒak esan duen bezala, lehen erronka taldea ateratzea zen. Gainera, ohorezko mailatik jaitsi berri ginen eta atezain gabe gelditu ginen, denbora-tarte baterako. Jende berria sartu zen eta ez zegoen guztiz mamitua taldea. Ez gara ailegatu igoera-fasera, baina kopako finalean gaude. Helburuekiko gorabeheratsua izan da denboraldia, baina sendoa izan da taldearen jarrera.

Ohorezko mailatik jaitsi zineten joan den urteko udaberrian. Aurten, kopako finalera iristeak indarra ematen al dizue?

A.T.B.: Joan en denboraldian ez genuen batere gozatzen. Ahal genuen bezala joaten ginen partidetara. Aurten, kategoria honetan, gure onena atera dugu, eta gauzak txukun egiteko gai garela erakutsi dugu.

D.C.G.: Aurreko urteko jaitsiera bizi izan genuenoi aurpegia aldatzeko aukera eman digu finalera iritsi izanak. Egoerari buelta eman diogu eta, horretan, talde-lana oinarrizkoa izan da. Denboraldi honetan, gainera, AloÒa da, Pablo aitarekin batera, kadeteen entrenatzailea. Harreman estua dugu bi kategorietako taldeek eta hori oso onuragarria da.

Udako atsedenaldia eskertuko al duzue indarrak batu eta datorren denboraldiari begira?

D.C.G.: Ez zait batere luzea egin denboraldia, emakumezko senior taldean. Izatez, azken urtea nuen aurrekoa entrenatzaile gisa, eta azkenean, luzatu egin nuen. Hortaz, taldeaz gozatzeko tarte handia hartu dut denboraldi honetan.

A.T.B.: Ligaz gain, beste lehiaketaren bat izateak ere asko arintzen du. Pizgarria izan da kopako sailkapena, motibazio eta helburu berriak finkatze aldera.

Kopako final batean jokatzea lortu duzue denboraldi honetan. Zer dakar datorren denboraldiak?

D.C.G.: Denboraldi bakoitza mundu bat da, jende berbera egonda ere. Printzipioz, taldea ez da desagertzeko arriskuan eta hiru bat kadete igoko dira irailean. Ikusiko da zer dakarren!

Etxetik gertu, Astigarragan izango da finala, larunbat honetan, goizeko 10:30ean, Oriokoren aurka. Zer esango zeniekete zaleei?

A.T.B.: Eredu gara klubean emakumezko jokalariak. Ikus dezala jendeak klub txiki batean ere badela gauzak lortzerik. Animatzera etor dadila jendea, zaleen bultzada beharko dugu eta!

D.C.G.: Joan den udaberrian, Irun bete genuen gizonezkoak kategoriaz igo zirenean. Orain  bi urte, emakumezko kadeteen finalean, bete egin zen Ordizia. Bada, larunbat honetan ere, etor dadila jendea animatzera!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!