Ohitura bilakatu da Urnietako nahiz herriko inguruko autoen maitaleentzat Gazte Festetan egiten den Slalom txapelketa: igandean, maiatzaren 26an izango da, goizeko 09:00etatik 13:00era bitarte. Xoxoka Motor Klubak antolatu du eta seigarren edizioa izango da aurtengoa. Erratzuko poligonoan, aparkaleku handian izango da hitzordua eta, antolatzaileek adierazi dutenez, puntuagarria izango da Euskadiko txapelketari begira: “Ikusleentzako toki paregabea da, inguruko zelaietatik segurtasunez zirkuitu osoa ondo ikusten da eta!”.
Zirkuitua ahalik eta azkarren egitean data Slaloma, errepidean konoak jarrita diseinatzen da lasterkarientzako ibilbidea. Hala, horiek inguratu egin behar izaten dituzte autoek, itzuli osoa emanda, ezkerretik eskubitik… Konoak ikutzea edota ibilbidea oker egiteak denbora gehitzen die partehartzaileei. “Izena ematen dutenek aldez aurretik ondo ikasi behar dute buruz ibilbidea”, adierazi du Xoxoka Motor Klubeko kide batek, “ez delako batere erreza hainbeste maniobra jarraian eta ziztu bizian egoki burutzea”.
Pandemia igaro denetik, “normaltasunez” antolatzen duten bigarren aldia da aurtengoa. Era berean, udazkenari begira dira, jada, irail urri partean egiten duten auto klasikoen rally-a martxan jartzen hasteko.