Irekita dago, datorren ikasturtera begira, Lourdes Iriondo musika eskolan izena emateko epea

Aiurri 2024ko mai. 21a, 13:29

Martxan da, maiatzaren 31era bitarte, 2024-25 ikasturtean Lourdes Iriondo musika eskolan matrikulatzeko epea. 

Eskaintza zabalarekin egingo dute topo datorren ikasturtean ikasleek:

  • Musika tailerra: 4, 5 eta 6 urteko haurrentzako saioak. Musika eta mugimenduaren bidez kantua, entzumen-heziketa, erritmoa eta musika-grafia lantzen dira. 45 minutuko 2 saio astean.
  • Musika hizkuntza: edozein partitura irakurri eta interpretatu ahal izateko beharrezko baliabidea. Astean ordubeteko bi saio.
  • Espezialitateak: pianoa, trikitixa, biolina, klarinetea, saxofoia, tronpeta eta perkusioa. Astean ordu erdiko saio bat.
  • Instrumentu taldeak: instrumentua urte batez ikasi ondoren, ikasleek taldekako eskoletan parte hartzeko aukera izango dute.

Ikasturte osoan, bi ebaluazio-txosten jasoko ditu ikasleak, kurtsoaren erdialdean zein amaieran. Hala, instrumentuaren mailegua jasotzeko aukera izango dute herrikideek eta musika eskolak antolatutako zenbait kontzertutan parte hartzeko aukera izango dute: abenduan eta ekainean eskainiko diren bi musika-hitzorduez gain musika jarduera desberdinak egingo dira.

Lourdes Iriondo musika eskolaren esanetan, ekainean jakinaraziko da ikaslea onartua izan den ala ez. Baiezkoa izanez gero, 50 euroko lehenengo kobrantza egingo da uztailean. Gainerako kuota 9 hilerokotan banatuko da, irailetik maiatzera. Kobrantzak matrikula eskaeran adierazitako kontuan kargatuko direla jakinarazi du musika eskolak.

Hori horrela, murrizketak izango dituzte matrikulazioaren prezioan talde honetako baten parte diren urnietarrek: 21 urte azpikoek, langabetuek, gazte edo ikasle txartela dutenek, 65 urtetik gorakoek eta pentsiodunek. Bestalde, hobariak jasoko dituzte 2 familia kide edo gehiago matrikulaturik daudenean, familia ugariak diren kasuetan edo guraso bakarreko familientzat.

Edozein zalantza izanez gero, Lekaio kultur etxera deitzeko gonbita luzatu du Lourdes Iriondo musika eskolak (943 00 80 33). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!