Adarra Judo Klubak botako du txupinazoa udaletxetik, Gazte Festei hasiera emanez. 2000an Mari Jose Sardonek sortu zuen kluba, eta zazpi urteren ostean utzi, eta Iker Lizarribarrek hartu zuen bere zuzendaritza. Lizarribar heziketa fisikoko irakaslea da Donostiako Santa Teresa ikastetxean, eta hango eginkizunak bete ondoren, arratsaldeetan zein asteburuetan buru-belarri jarduten du Urnietako gazteen artean judoa sustatze aldera. Aitortu duenez, egundoko ilusioa eragin die klubeko gazte guztiei txupinazoa botatzeko izendapena jaso izanak.
Zer moduz, txupinazoaren atarian?
Ohore handia da halako protagonismoa hartzea herrian, eta ilusioz beteta gaude. Egunotan udaletxeko balkoitik zabaldu beharreko mezua ari gara prestatzen. Bestalde, 65 bat ikaslek osatzen dute kluba, eta denek ezin direnez balkoira igo, bostpasei hautatu beharko dira; Espainia eta Europako txapelketetan emaitza bikainak lortu dituztenak-edo izango dira horiek, seguruenik.
Egia esan, gizartean oihartzuna edukitzearen ikuspegitik nahiko bazterrean geratzen den kirola da judoa normalki, eta pozgarria da txupinazoak emango digun aukera. Ekitaldia baliagarri gerta daiteke ikusgarritasuna pixka bat lor dezan judoak, eta aldarrika dezagun betiko kirol handiez (futbola, eskubaloia…) gain, Urnietan gazteek egiten dutela beste hainbat kirol, ezezagunak askorentzat.
Urnietako edozein gazterentzat irekita al dago Kluba?
Bai, noski. Sei urtetik aurrera edonor etor daiteke. Astearteetan eta ostegunetan aritzen dira gazteak, eta bi egun horiez gain, helduek ere astelehenetan daukate hitzordua. Lasai etor liteke nahi duenak, gogoa edukiz gero, adinaren eta mailaren arabera hasiko litzateke. Gurean, gaitasun guztiak lantzen saiatzen gara, indarra, abiadura, erresistentzia, teknika… Judoa indarra besterik ez dela pentsa dezake jendeak, eta etorri izan zaigu bat edo beste gimnasiotik indartsu; ederki kostata egokitu ahal izan da judoaren ezaugarrietara.
Klubeko ikasle askok lehiaketa ofizialetan eta torneoetan parte hartzen dute, baina hori ez da nahitaezkoa; badira bestelako aspirazioa daukatenak, gerriko beltza lortzea, esatera baterako.
Zuen ohiko saio bat ikustea nahikoa da ohartzeko ikasleen artean dagoen giro nobleaz.
Gazteak oso motibatuta etortzen dira judoa egitera. Kirola da judoa batik bat, baina adiskidetasuna, elkartasuna eta antzeko giza baloreak ere lantzen ditugu. Ondo eramaten gara guztiok elkarrekin, eta nik berehala igartzen diet ikasleei zer nolako umorearekin etorri diren klasera. Baten bat triste edo kezkati badator, bakarkako hizketa saioa egiten dugu.
Egia esan, elkarbizitza handia egiten dugu entrenamenduak direla, ia astebururo txapelketak eta torneoak direla… Lehengoan ikasle batek aipatu zuen Adarra klubak familia baten antzera funtzionatzen duela, eta ez zaio arrazoirik falta. Esate baterako, lehiaketetara joan behar dutenek aparteko prestaketa lanak egin behar dituztenean, beti edukitzen dituzte boluntarioak laguntzeko, edota lehiaketetan parte hartzen ari direla elkarri animoak ematen aritzen dira batzuk eta besteak.