“Su txikian sortzen dugu musika, presarik gabe”

Aiurri 2024ko mai. 24a, 10:15

Gazte Festetako ostiralean ariko da oholtza gainean talde urnietarra. Ondoren, Bengo eta Lappa izango dira.

Txupinazoaren ondoren, San Juan plazako oholtza gainera igoko da ostiral honetan Hamarretan Makulu talde urnietarra. Urtebete pasatxoko ibilbidearekin, kanta berriak aurkeztuko dituzte. Bezperako egunetan hitzartu dira taldekideak Aiurrirekin, Amaia Ripalda Garbayo, Aitor Valverde Jauregi, Eneko Calonge Maestro eta Kenari Arrate Bilbao.

Istorio berezia ezkutatzen omen du taldeko izenaren jatorriak...

Saroben egiten genituen entseguak lehen. 20 urte zituztenean Aitorrek eta Enekok, gaueko 00:00k arte gelditzen ziren askotan. Urte dezente jo gabe egon ondoren, berriro ere aretoa erabiltzeko baimena eskatu genuen. 22:00ak bitarteko baimena eman ziguten. Elkartu ginen lehen egunean Ertzaintza etorri zen, bizilagun bat kexaka zegoela medio. Ordutik, 22:00k pasa eta gutxira, pertsona bat jaisten zen makulua eskuan eta errieta egiten. Hortik dator izena!

Iazko apirilean, Poxta Zaharren urteurrenean jo zenuten lehenengoz. Nola oroitzen duzue momentua?

Nork bere bizipena du lehen egun horrekin. Batzuk deserosoago sentitu ziren oholtza gainean, urduriago. Beste batzuek, ordea, oholtza ukitu orduko gehiago gozatu zuten. Ez ginen ohituta zuzenekoak ekartzen dituen zereginetara, soinu-frogara, esate baterako. Dena dela, iluntze ederra izan zen, giro paregabea baitzegoen. Hantxe ginen, guztiak, eguzkitako betaurrekoak jantzita eta guzti! Gure lehen kontzertua zen talde gisa; bost bat abesti izango genituen, orduan, bost abesti eta bertsio bat. Hasiberriak ginen eta pixka bat lotsatuta igo ginen taulara. Finean, ia kasualitatez elkartu garen talde bat gara inolako espektatibarik gabe, eta ez gara musika-estilo jakin batean ixten. Batek ideia bat ekartzen du entsegura eta horrekin jolasten dugu. Gure martxara goaz. Ume txikiak ditugu taldekide guztiek; hala, guretzat denbora hartzeko momentua bihurtu zen taldea, umeak etxean utzi eta lagun-taldearekin ondo pasatzeko aukera. Askotan, inprobisazioak egiten ditugu eta horrela ere atera izan dugu abestiren bat edo beste. Era berean, exijenteak ere bagara, ez digulako edozerk balio: abestia iritsi baino lehenago ez daukagu inolako katerik, baina, ondoren, gauza dotoreak egitea gustatzen zaigu, ahal den neurrian, noski! Su txikian sortzen dugu musika, presarik gabe.

Harrezkero, denbora zeneramaten elkartzen. Zergatik egin salto jendaurrera?

Gazteagotan, Aitor eta Eneko elkartzen ziren bakarrik. Eneko gitarrarekin ibiltzen zen, eta, behin, Aitorrekin parkean zela, Amaia gerturatu eta kantatzera animatu zen. Kenari ere batu zen eta horrela sortu genuen, pixkanaka. Jendeari erakutsi eta "jo egin behar duzue!", esaten zigun. Inertziak eraman gintuen, nolabait, lehen kontzertu hori ematera. Gerora, taldeak ez du publizitaterik egin eta gu ere ez gara mugitu, bizitzako momentu honetan ezin dugulako hara eta hona ibili kontzertuak ematen. Ezin dugu maila horretako konpromisorik hartu. Egun, kanta gehiago ditugu, hamar bat. Bestalde, elkarren artean oso ezberdinak gara taldekideak eta bakoitzak bere moduan bizi du proiektua, nahiz eta gero, guztion artean ondo uztartu.  

Urtebete igaro da jendaurrean zuen abestiak erakutsi zenituztenetik.  Zer moduzko bidea egin dute?

Gure "hit"-a "Laguna" da, harrera beroena eduki duena. Guretzat kanta oso berezia da, jada, gure artean ez dauden lagunei eskaintzen diegulako. Abesti berriak ere erakutsiko ditugu asteburuan, lauzpabost gehiago. Halaber, abesti zaharrak zorroztu egin ditugu, hobetu.

Sarri, entseguak grabatu egiten ditugu, askotan gerora errepikatzeko gai ez garen ideiak eta proposamenak ateratzen zaizkigulako barrutik, bat-batean. Hortaz, inprobisazioak grabatuta, gordeta gelditzen dira.

Lappa herrikideak ere izango dira zuekin batera ostiral gauean.

Polita da herrian askotariko musika-taldeak daudela ikustea. Adibidez, Sanmieletan, ostegunetan, herriko jendeari ematen zaio bultzada oholtza gainera igo daitezen. Aspaldi, Materia eta Cohen taldeak zeuden garaietan, musika-hitzordu gehiago izaten ziren herrian. Orain, hiru talde gaude. Eta horietako batekin partekatuko dugu oholtza festetan. Txupinazoaren ondoren izango da, eta jendetza bilduko da plazan. Horrek urduritzen gaitu apur bat, baina animatu dadila jendea! Taldeko kamisetak jarriko ditugu salgai!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!