"Maite dugun kirola sustatzeko aukera ematen digu Urnietako pilota eskolak"

Mikel Arberas 2024ko mai. 25a, 09:00

Pilotazaletasunak aurrera darrai Urnietan. Imanol Odriozolak, zenbait laguntzailerekin batera, Urnietako Kirol Elkarteko pilota sailaren ardura hartu du.

Gorakada nabarmena izan du pilota atalak, azken urtean. Nolatan hartu zenuen Urnietako pilota eskola kudeatzearen ardura?

Ez da pilota eskola eramatearen ardura, soilik, baizik eta Urnietako Kirol Elkarteko pilota sailaren kudeaketa; hau da, pilota eskolaz gain, seniorrak eta erramintako modalitateak ere antolatzen aritzen naiz. Zure galderari erantzunez, pilota sailak bultzada bat behar zuela sumatu genuen, gazteetatik hasi eta helduenetaraino.

Herritarrek eskertu al dute?

Bai. Horren isla izan da pilota eskolak izan duen gorakada. Ardura hartu eta hilabetera, geroz eta gazte gehiago hasi ziren izena ematen.

Zaila al da pilota eskolaren antolaketa-lana?

Zaila baino gehiago, lana eskatzen du. Modu egokian antolatuta eta atzean jende gehiago dagoela jakinda, ongi ari gara.

Zenbat pilotarik, entrenatzailek eta laguntzailek osatzen duzue pilota eskola?

Iragan urtetik gorakada handia izan du klubak. Izan ere, iaz 10-15 gaztetxo gerturatzen ziren frontoira, jarraikortasun handirik gabe, eta sei bat palaz jokatzeko. Egun, berriz, berrogeita hamar pilotarik eman dute izena, gutxi gorabehera. Zehaztearren, aurrebenjaminetan, hogei gaztetxok eman dute izena, benjaminetan hamarrek eta alebinetan beste hamarrek. Horrez gain, lau pala gomaz eta bi pala motzean ari dira.

Nire kasuan, antolakuntzan eta entrenatzaile-lanetan aritzen naiz; horrez gain, nirekin batera Erlaitz Arrieta eta Unai Urdangarin egoten dira, entrenatzaile eta epaile lanetan. Beste batzuekin batera, talde polita osatzen dugu. Oso eskertuta nago.

Zer ematen dizu zuri pilota eskolak?

Maite dugun kirola sustatzeko aukera ematen digu. Horrez gain, gazteen artean pilota afizioa sorraraztea eta gazte horiek nola hobetzen duten ikustea ere oso pozgarria da, asko betetzen gaitu.

Zein txapelketatan murgilduta zaudete?

Pilota federazioak antolatutako eskolarteko txapelketa jokatu dute hainbat gaztetxok, Buruntzaldean. Horrez gain, pilota eskolan antolaturiko binakako txapelketa jokatzen ari dira, benjaminak eta alebinak nahastuta; finalak ekainaren 15ean izango dira. Gazte Festetan ere pilota-partidak izango dira, kontzejupean, pilota eskolak antolatuta.

Pilota eskolaren etorkizuna nola aurreikusten duzu?

Urtebetean, gorakada handia ikusi dugu, eta, datozen urteetan, joera hori mantentzea dugu helburu. Ea gutxinaka pilotazaletasun hori sustatzen jarraitzen dugun. Esanak esan, etorkizuna baikor ikusten dugu; epe luzera, gure helburu nagusienetako bat Herriarteko Txapelketa jokatzea izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!