"Gipuzkoako bigarren rol elkarte zaharrena da gurea"

Mikel Arberas 2024ko mai. 25a, 09:03

Desire Navarrete eta Josu Vicente.

Geroz eta gehiago dira mahai-jokoetan aritzen direnak; tartean dira rol-jokoak. Badira horien berri izango dutenak, baina beste askorentzat, oraindik, arrotzak izan daitezke. Urnietan ibilbide oparoa egin du "Los Habitantes de Innsmouth" elkarteak. Bertako kide dira Desire Navarrete eta Josu Vicente. 

Rol-jokoak, izenak dioen bezala, rol jakin bat antzeztean oinarritzen da, irudimena eta estrategia oinarri, pertsonaia bakoitzak dituen ezaugarriak kontutan hartuta. Horrez gain, hiru sail nagusitan girotu daiteke jokoaren historia: batetik, erdi-aroko kutsua duten fastasiazko jokoak, adibidez, Eraztunen Jauna edo Akelarre. Bestetik, fikzio-zientzian eta teknologian oinarrituta jokoak, hala nola Cyberpunk, Paranoia eta Showrun, beste batzuen artean. Azkenik, beste edozein gaietan oinarritutako jolasak, esaterako, superheroietan edo marrazki bizidunetan oinarritutakoak.

Hari beretik tiraka, jokalariez gain, jokoa gidatzen duen zuzendaria aipatu beharra dago, master deiturikoa. Bera da rol jokoetako parte-hartzailerik garrantzitsuena, jokoa gidatzeaz eta bideratzeaz arduratzen dena. Berak esaten duenaren arabera jokatu behar dute parte- hartzaileek.

Zergatik du izena elkarteak "Los Habitantes de Innsmouth"?

Duela 30 urte otu zitzaigun izen hori jartzea. H.P Lovecraft idazlearen obra batean oinarritutako hiri bat da Innsmouth eta, garai hartan, oso famatua bilakatu zen. Horiek horrela, eta "Cthulhu-ren deia" izeneko rol jokoa zegoela aintzat hartuta erabaki genuen izen hori.

Nola antolatzen zarete jokatzeko?

Urte hauetan guztietan, aldatzen aritu gara antolatzeko eta jokatzeko moduak. Elkartean, adin guztietako kideak daude, gaztetxoetatik hasi eta helduetaraino. Gainera, duela urte batzuk, elkarteko arautegia aldatu behar izan genuen, gazteentzako elkartea izanik, helduek ere parte har zezaten. Egun, 99 urte artekoek rol-ean jokatu dezakete.

Zure galderari erantzunez, batez ere, ostiraletan, larunbatetan eta igandetan jokatzen da rol-ean. Badira, aste barruan ere jokatzen dutenak. Hala ere, Udalaren areto batean gaudenez, eurak ezarritako ordutegia bete behar dugu.

Nolatan sortu zenuten elkartea duela hiru hamarkada?

Rol jokoetan aritzen ginen zenbait gazte elkartu ginen eta garai hartako kultura teknikariarekin hitz egin genuen, zerbait egin asmoz. Horrela sortu zen "Los Habitantes de Innsmouth" gazte elkartea, gaur arte. Are gehiago, Gipuzkoako bigarren rol elkarte zaharrena da gurea eta, gutxi gorabehera, 30 kidek osatzen dugu.

Bilakaera handia eduki al dute rol jokoek azken 30 urteetan?

Jokatzeko moduan ezetz esango genuke, baina jendartean bai. Zera esan nahi dugu, urte batzuk atzera, frikien eta sozialki baztertuagoak zeudenen denbora pasatzat hartzen ziren horrelako jokoak. Oso estigmatizatua zegoen horrelakoetan jokatzea. Egun, berriz, normalizatua dago rol jokalaria eta frikia izatea. Seguru aski, asko lagundu dute The Bing Bang Theory edo Stranger Things bezalako telesailek, bertan, naturalki eta forma esplizitu batean azaltzen baitzen rol jokoen esentzia. Horiek horrela, geroz eta gehiago dira probatzera animatzen direnak. Modan dago.

Elkarte gisa Gazte Festetan ere parte hartzen duzue Okaren Jokoarekin. Azaldu zertan oinarritzen den.

Pandemia aurretik hasi ginen antolatzen eta, normalean, Gazte Festetako igande goizean izan ohi da. Okaren Jokoa handitu eta gazteak taula gainean parte hartzen du. Dado erraldoi bat bota eta parte hartzaileak aurrera egingo du jokoan, eta erortzen den laukiaren arabera, proba bat gainditu beharko du. Parte-hartzea handia izan ohi da eta amaitzean gozokiak ematen dizkiegu bertaratu direnei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!