Ehun lagunek hartu dute parte herriko zaintza-ekosistema garatzeko prozesuaren barruan

Aiurri 2024ko mai. 29a, 09:11

Herriko zaintza-ekosistemaren gainean hausnartu nahi du Urnietako Udalak, eta, horretarako, prozesu bat jarri du martxan. Lehen fasean, galdetegia betetzeko pausuan, ehun lagunek hartu dute parte. Igandean, amaitu zen epea: 50 galdetegi online egin dira, eta beste erdia udalerriko hainbat tokitan jarritako buzoietatik eta kutxetatik jaso da.

"Era berean, zainketak jasotzen ari diren pertsonei eta haien familiei prozesu horretan modu espezifikoagoan parte hartzeko gonbita egin zitzaien", adierazi du udalak, prentsa-ohar bidez, "beren egungo esperientzia kontuan hartuta, estalita ez dauden premiak eta sistemaren indarguneak hautemateko.

Orain, bildutako ekarpen guztiak aztertuko eta landuko ditu udalak, eta ondoren, iragarri du ateratako ondorioak zein horiekin egingo den diagnostikoa ezagutaraziko dituela, aurkezpen publiko baten bidez.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!