"Giro ona eta parte-hartze handia Gazte Festetan"

Aiurri 2024ko eka. 7a, 13:56

Urnietako Udalak Gazte Festen balorazioa egin du. 

Aurtengo Gazte Festak maiatzak 24-26 bitartean ospatu ziren eta egun horietan izandako giro ona eta parte hartze handia nabarmendu nahi ditu Urnietako Udalak.

Eguraldia lagun izan zen ostiral eta larunbatean eta horrek antolaturiko ekintza guztiak normaltasunez garatzea ahalbidetu zuen. Igandean berriz, euriak baldintzatuta programaturiko jarduera batzuk lekualdatu egin behar izan ziren, nahiz eta arazorik gabe gauzatu ziren.

Nabarmentzekoa da San Joan plazan sorturiko giroa. Aurten, kontzertu guztiak egun berean elkartu dira musika eskaintza orokorra eta Poxta Zaharrek egindakoa uztartuz, eta emaitza positiboa izan da. Kontzertu horietan Lappa eta Hamarretan Makulu herriko taldeen presentziarekin kontatu zen, besteak beste. Bazkari eta afarietan, txarangetan, erraldoi eta buruhandietan eta gainerako ekintzetan ere jende asko ibili da herriko kaleak kolorez eta alaitasunez betez.

Jaiak modu horretan eta ekintza horiekin guztiekin aurrera eramateko ezinbestekoa izan da herriko elkarteek buruturiko lan guztia eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie haien ekarpenagatik: Etxeberri plazako auzoko elkartea, Poxta Zahar, Mantalle, Egape Dantza Taldea, Txanbolin txistulari banda, Xoxoka Motor Klub, UKE, Habitantes de Innsmouth eta Adarra judo elkartea. Era berean, festen garapenean lagundu duten gainerako eragile, boluntario eta profesionalen lana azpimarratu nahi du.

Amaitzeko, etorkizuneko ospakizunak ere ahalik eta anitz eta aberatsenak izan daitezen
Jai Batzordean parte hartzera eta ekarpenak egitera animatzen dira herriko elkarte eta
eragileak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!