"Herriari beste zerbait eskaini nahi diogu Kandela tabernan"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko eka. 13a, 08:49

Orain bi hilabete ireki zituen ateak Kandela tabernak. Ez da batere erraza izan hastapena jabeentzat, baina proposamen berriak eskaini nahi dizkio herriari.

Apirilaren 19an ekin zenioten jardunari. Martxa hartu al diozue, dagoeneko?

Abiatze ona eduki genuen, baina arraroa izaten ari da azken asteetan, gogorra. Finean, lo-herria da Urnieta pertsona askorentzat, geroz eta tokiko denda gutxiago daude eta herrian bizitza egiten duten gutxi horiek ezagunak zaizkien tokietara jotzen dute. Ez da erraza, hortaz, horri guztiari buelta bat ematea eta askotariko adinetako jendea gerturatzea. 

Txemi Martin tabernako arduraduna da.

Zuen aurretik, ia lau hamarkada zeramatzan Goi Mendik. Ardura dakar horrek?

Izen-aldaketak eragina izan du, bai, jendea ohituren zalea delako. Kandela izen berezia da guretzat, hil zitzaigun alabagatik ipini dugulako. Omenaldi modukoa da berarentzat, jada, ez delako gurekin. Bestela, ziur aski, izena bera mantenduko genuke.

Zein da zuen ordutegia?

Goizeko 08:00tatik gaueko 22:00ak arte irekitzen dugu aste barruan. Udan, luzatu egingo dugu ordutegia. Asteburuetan, berriz, 10:00tatik goizeko 03:00k arte egiten dugu lan. Eguerdian, ez dugu ixten. Zentzu horretan, adin-tarte guztiei erreparatu nahi diegu, nahiz eta, gehienbat, gurasoak, jende heldua etorri.

Nolakoa da herria barra barrutik bizitzea?

Urte asko eman ditut ostalaritzan lanean eta gertutik ezagutzen dugu tabernako jarduna. Lasarte-Orian bizi naiz, baina denbora-tarte luzea ematen dut Urnietan. Zure galderari erantzunez, konplexua da gaia, beg irada aldatu beharra daukazulako barra barruan sartzen zarenean.

Jende askok animatzen zigun taberna irekitzera, baina aste barruan ez da jenderik ibiltzen kalean. Horren aurrean, lanean jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen.

Gazte Festetan talo-potea izan zen Kandelan, ostiralean; larunbatean, mojitoak egin zenituzten. Era berean, DJak izan ziren asteburuan eta zuzeneko musika, igandean. Bestelako eskaintza bat bermatzeko motibazioz al zabiltzate?

Hori da, eskaintza berritzailea bermatu nahi dugu Kandelan. Zaila da, ostera, Urnietako Udalak ere ez duelako ezertan laguntzen. Oztopoak jartzen dituzte egunerokoan, baita festetan ere.

Ekarpena egin nahi diogu herriari, baina zaila da. Erraztasunak ipintzea eskatzen dugu, besterik ez. Iraupen-lasterketa da eta, pixkanaka, herrian toki bat nahi dugu, jendeak ere, bere aisialdian, kontuan har gaitzan.

Ildo horretan, aurrera begira, udan, zuen eskaintza zabaltzeko asmoz al zabiltzate?

Uzten badigute, bai. Musika jartzen dut nik, eta, arratsaldeak girotu nahi ditugu eta proposamen berriak pentsatzen jarraituko dugu. Pixkanaka-pixkanaka egingo dugu aurrera, hasierak ez baitira inoiz izan errazak. Hortaz, proposamen berriak egiten segituko dugu, herriari beste zerbait eskaintzeko asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!