Herrera de la Manchako (Ciudad Real) presondegian 1988ko ekainaren 15ean hil zen Juankar Alberdi urnietarra oroitzeko ekitaldia antolatu ohi du herritar taldea batek, urtero. Lore eskaintza egiten zaio, eta aldi berean, osasun asistentzia faltagatik hil zela salatzen dute.
Bada, aurtengo oroitzapen egunari, beste zenbait ekitaldi erantsi dizkiote. Besteak beste, bazkaria eta kantu-kalejira Kantazaun taldearekin arratsaldean.
Aurrez, goizetik, berriz, Memoria Ibilbidea” izeneko ibilaldi gidatua antolatu dute. Goizeko 11:00etan abiatuko da San Juan plazatik, eta 13:00etan iritsiko da. Ordu horretan, ohiko oroitzapenezko ekitaldia burutuko dute.
Antolaketa lanetan dabilen taldeko Dani Gomez eta BeÒat Zinkunegi kideek adierazi dutenez, bi orduko iraupena izango du “Memoria ibilbidea”k, eta Urnietan hurbileko memoriaz mintzo diren zenbait tokietatik igarotzeko aukera izango dute parte hartzen dutenek.
Bost herritar hizpide, nagusiki
Horretarako, adierazi dute iaz Eneko Bustillok kaleratu zuen Urnietako Memoriaren Ibilbidea. 1979-1993 argitalpena oinarri hartuko dutela. Batik bat, estatuaren biktimatzat hartzen dituzten bost pertsona eta horiekin zuzenki identifikatzen diren tokiak hartuko dituzte erreferentziatzat. Honako hauek dira bost pertsona horiek: Batallon Vasco EspaÒol talde parapolizialek hil zituen Joxe Ramon Ansa, Jokin Altimasbere eta Joxe Kamio, Guardia Zibilen eskuetan hil zen Gurutze Iantzi, eta, preso zela hil zen Juankar Alberdi.Alberdiren, Iantziren eta Kamioren kasuan, beren jaiotetxe edo bizitokietatik igaroko da ibilaldia; Ansari eta Altimasberi dagokionez, berriz, hil zituzten lekuak hartuko dituzte kontuan, hots, Xoxokako bidea (Azkonobieta baserritik gertu) Salesiarrak ikastetxeko aldapa, hurrenez hurren. Biek ere, oroitarriak ipinita dauzkate bertan. Hortaz, hiribarnean zein landa eremuan ibiliko dira parte-hartzaileak.
Geldialdi guztietan azalpenak emango dituzte ibilbidearen antolatzaileek, eta aldi berean, aukera egongo da parte-hartzaileek ere beren bizipenak eta oroitzapenak konta ditzaten.
Bost heriotza horien gainean ez ezik, Urnietan azken hamarkadetan gatazka politikoari lotuta gertatu izan diren beste zenbait gertakizun (atxilotuak, torturatuak, mehatxatuak, “Heriotzaren Triangelua” deitu izan zireneko garai beldurgarriak…) ere hizpide izango dituzte.
Estatuaren biktimentzat justizia eske
Eneko Bustillok iaz plazaratutako Urnietako Memoriaren Ibilbidea. 1979-1993 argitalpena izango du oinarri ibilbideak, esan bezala. Bustillok 2023ko irailean Aiurriri eskaini zion elkarrizketan, argitalpenaren edukia azaldu zuen. 1979-1993 epealdi historikoan Urnietan hildako gehiago izan zirela gogoraraztean, Bustillok argi utzi nahi izan zuen zein den argitalpena egiteko ikuspuntua. Hara bere erantzuna:
“Zientzia politikoetan lizentziatua naiz, formazio akademiko hori jaso dut, baina, aldi berean, badaukat posizio ideologikoa, eta hori hitzaurrean definituta egin dut lan. Euskal nazioaren askapenerako borrokaren ikuspuntutik egin dut argitalpena hain zuzen, eta ezin dut ukatu hori. Nire subjetibotasunetik, gaia ahalik eta objetiboen lantzen saiatu naiz, nahiz eta jakitun izan jokabide hori ez dela batzuen gogokoa izango. Zintzo jokatu nahi dut, zein den nire asmoa garbi agertzearekin. Errespetuz aritu naizela iruditzen zait, inor iraindu, gutxietsi edo goraipatzeko asmorik gabe.
ETAk hildakoek badituzte beren omenaldi eta aitormen ofizialak, memorialak, diru-laguntzak... Nik ez ditut horiek gutxietsi edo mindu nahi inolaz ere; bakar-bakarrik, ahaztuen memoria azaleratu nahi dut. Estatuaren parte-hartzearekin edo oniritziarekin hildakoenena, epaiketa, memoria, aitormena edo justizia ukatu zaienena. Azken batean, politika ez da neutroa, eta Estatua ere ez da neutroa; ez da hala izan ez iraganean, eta ezta orain zein etorkizunean ere. Estatuak memoria eta aitormena ukatzen dien horiek sentitzen ditut nik hurbilago. Argitalpen honek hildako horiek gogoan hartzeko eskatzen duenean, ez du bilatzen Urnietako Udalak egin diezaien omenaldia; izan ere, azken 40 urtetan ez bada gogoratu horiekin, politikoki hala erabaki duelako izan da, eta ez du zentzu askorik orain eskakizun hori egitea”.
Ekainak 15, larunbata
- 11:00 Memoria ibilbidea, San Juan plazatik.
- 13:00 Lore-eskaintza, San Juan plazan.
- 14:30 Bazkaria.
- 18:00 Kantu-kalejira Kantazun taldearekin, San Juan plazatik abiatuta.