"Hurrengo pausoak zein izango diren jakiteko gogoz nago"

Andoni Urbistondo 2024ko eka. 16a, 07:55

32 urterekin, etorkizuna airean ikusten du, baina datorrena onartzeko prest, lasai sumatzen zaio; 11 urteko kirol ibilbide oparoak ematen duen patxada da.

Makuluak alboan dituela dabil azken hilabete eta erdian Mikel Iturria (Urnieta, 32 urte), eta aste batzuk geratzen zaizkio, oraindik, laguntzarik gabe ibiltzeko. Denboraldia bukatu da berarentzat, eta udazkenean bizikleta gainean jarri nahi luke berriz; errepidea sentitu berriro, gorputza zigortzeko gai den jakin, 12. urte bat osatzeko gai izango litzatekeen jakiteko. Ahal badu, eta aukera ematen badiote, ondo, baina ezin bada, baita. Hausnarketa sakonak egin dizkio Aiurri astekariari, bere bizitzaz, eta etorkizunaz. 

Noiz izan zenuen istripua?

Apirilak 21ean, Giro della Romagna proban.

Nola gertatu zen?

Bost txirrindulari zihoazen ihes eginda, eta haien atzetik beste bi. Ondoren tropel nagusia, 20 bat lagun edo, tarte txikira. Ni taldetxo horretan. Helmugako zuzenguneak kilometro pare bat izango zituen, eta aurreko itzulian kontrametatik pasa ginen, ezagutzen genuen nolakoa zen. Postu on bat egiteko borrokan aurretik zihoan norbaitek ertz batean zegoen motorra kolpatu zuen, eta han joan ginen bospasei lagun muturrez aurrera. Oso azkarra izan zen. Espero gabeko muturreko handia izan zen, ez genuelako ulertzen zer egiten zuen motor horrek zegoen tokian. Ez sinestekoa. Erorketa batzuk aurreikusteko modukoak izan litezke, edo sarriago gertatu, esprintetan elkarri kolpetxoren bat hartuta, edo hesi baten aurka jotzen baduzu, adibidez. Esprint batean zure aurrean geldirik motor bat topatzea ez da normala. Airetik atera ginen hegan.

Eta abiadura handian, noski.

Bai, 50-55 kilometroko orduko abiaduran bai, gutxi gorabehera.

Eta zer egiten zuen, bada, motor hark zegoen tokian?

RAI Italiako Telebistako kamera zeraman motorra zen. Gu eta aurreko zazpien artean zihoan, eta antza denez ez zuen lasterketako ibilgailuek hartu behar duten desbideratzea hartu. Ibilgailuek debekatua dute helmuga zeharkatu, oso arriskutsua izan daitekeelako, eta UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak isun ekonomiko handia jar diezaiokeelako. Helmuga ez pasatzea eta ertz batean geratzea erabaki zuen. Probako laburpena ikusi dut telebistan, eta tropel nagusiaren aurretik joaten den poliziaren motorra ezkerraldean geratuta zegoen. Talde buruan doan txirrindulariak motorraren arrastoa jarraitzeko joera izaten du, normalean. Esprint batean aurreko ziklista bakarrik ikusten duzu, beste ezer ez. Bat-batean sekulako danbatekoa hartu genuen.

A ze triskantza.

Bai. Aurretik zihoan kideak hanka hiru tokitatik hautsi zuen, okerren bera, eta ondoren, neu.

Nola izan ziren kolpearen ondorengo lehen minutu horiek?

Beno, ez nuen min handirik sentitu. Lepoko minarekin hasi nintzen, baina pentsatu nuen artatu eta etxera bidaliko nindutela azkar. Hankan ere mina sentitzen nuen, baina zauria eta kolpea izango zirela pentsatu nuen. Gero erietxera eraman ninduten, eta sekulako aberia. Bi orno zerbikal hautsita, C-2 eta C-7a, eta tibia eta peronea ere hautsita. Tibia orkatilaren parean, eta perone burua goialdean.

Eta, nola hartu zenuen partea?

Aurreneko gauza Sierra Nevadan hilabeterako gordeta nuen apartamentuko erreserba ezeztatzea izan zen (Granada, Espainia). Romagna eta gero atsedena neukan aurreikusia, gero prestakuntza altueran, eta Portugalgo Itzulia eta Espainiako Vuelta, denboraldiko bigarren bloke moduan. Azkar jabetu nintzen osatzea ez zela laburra izango. Lehen egunak ez ziren samurrak izan, baina behin Iruñeko erietxera iritsita ondo. Ezin hobe artatu eta zaindu ninduten bertan.

Noiz jabetu zinen denboraldia bukatua zegoela zuretzat?

Orno hautsia entzuten duzunean badakizu lesioa serioa dela. Tibia eta perone gehitzen badizkiozu, ez zara aditua izan behar osatze prozesua luze joango dela jakiteko. Bizkarreko lesio horiek beti dira konplexuak, ez da lepauztai haustura bat. Medikuek esan zidaten, bere txarrean zortea izan nuela, hautsitako bi ornoak ez direlako arriskutsuak. Agian bost urte atzera saiatuko nintzen osatze prozesua azkartzen, baina orain, 32 urterekin, eta daukadan eskarmentuarekin, osatze prozesua lasai hartzea komeni. Bizikleta eta gero beste bizitza bat dago. Eskuin hankan urte batzuk atzera izterrezurra ere hautsi nuen, eta poliki-poliki joatea,  onena.

Zazpigarren astea, jada, osatze prozesua hasi zenuenetik. Zer moduz etxean?

Aspergarri samarra. Ondo egin dut lo, ia egunero, siestak ere bai, eta alde horretatik ondo. Baina luzea egin zait, ordu asko pentsatzeko, bueltak emateko. Ezin izan dut ezer egin, kalera paseo txikiren bat, lagunekin afaltzera egunen batean… Egun batzuk azkar pasa dira, beste batzuk luzeagoak egin zaizkit. Giroa ikusi ahal izan dut lasai, eta gustura.

Ze pentsamendu izan dituzu?

Adin bat daukagula dagoeneko (32 urte). Iaz, lepauztaia hautsi nuenean, hasi nintzen egoerari bueltak ematen. Txirrindulari profesional izaten jarraitzeak merezi ote duen, jarraitu ahal izango dudan edo ez, momentuz kontraturik ez daukadalako 2025erako. Ez dut nahi profesional munduan jarraitu nahi, jarraitze hutsagatik, anbizio edo helbururen bat lortzeagatik baizik. Korritzeagatik korritu, hori ez dut nahi. Osasun mailan ere beti daukazu zalantza osatzea erabatekoa izango den, dena bere tokian geratuko den, baina konfiantza osoa daukat medikuekin. Hurrengo pausoak zein izango diren jakiteko gogoz nago.

Eta gaur-gaurkoz, badakizu jarraitu nahi duzun, ez?

Erabakia berriro bizikleta gainean jartzen naizenean hartuko dut. Sentsazio hori sentitu behar dut berriro, erabaki bat edo beste hartu aurretik. Etxean zaudenean dena negatibo ikusten duzu, urruti. Txarrena pasa dut, errehabilitazioan nabil, orkatilan ere mugikortasuna irabazi dut azken egunetan, oraindik plastikozko botarekin banabil ere, eta egunetik egunera hobeto nago. Kirolariok lesioetatik azkarrago osatzen garela diote, fisikoki ondo gaudelako, eskarmentua dugulako, eta ea ba, bizikleta gainean ibiltzeko aukera dudan hilabete batzuk barru. Profesionaletan 11 urteko bidea egin dut, eta ez nuke bukaera hau izan nahi. Horrela izan behar badu, horrela izango da, baina ez nuke nahi hala izatea.

Horrela bukatzeko arriskuak beldurtzen zaitu, Mikel?

Esan dudana, ez nuke nahi hala izatea, baina datorrena onartuko dut. Ez dit beldurrik edo amorrurik ematen horrela bukatzeak. Azken finean, nork dauka amestutako erretiroa? Kirolean inork gutxik. Pena emango lidake, baina ez litzateke drama handirik izango.

Lagundu zaitu sentsazio horretan 11 urte horietan sarri alanbrean ibili izanak? Izan erorketekin, kontratu berritzeekin…

Kirolean badakizu zure ibilbidea bukatu egingo dela. Lehenago izango da, edo beranduago, baina bukatu egingo da. Jende asko enpresa batean hasten da, eta enpresa horretan osatu du lan bizitza osoa. Edo tabernari moduan. Kirolariak badaki bere jardunak data muga bat daukala. Nire kasuan kolokan egon izan naiz sarri, lehen urteetan nire bidea bukatu egingo zela sinetsita nengoen. Urteak pasa dira horrela, eta 11 egin ditut. Errealitatea gordina da. Iritsiko da aurtengo negua, urtarrila, eta akaso ez naiz ariko denboraldia prestatzen. Une txarrak izango dira ziur, baina bizitzan ugari izaten dira une txarrak.

Zurearen moduko istripuak gertatu izan direnean, taldeek kontratuak automatikoki berritzen dituzte, pasatako zorigaiztoa gogoan. Zuk ez duzu proposamenik jaso, momentuz.

Ez dut hitz egin kontuaz, eta erabakia dagokionak hartu beharko du. 24 urte izango banitu urduri eta kezkatuta egongo nintzen. Orain ez. Izterrezurra hautsi nuenean Jon Odriozola kirol zuzendariak berehala esan zidan lasai egoteko, hurrengo urtean kontratua edukiko nuela Murias-en. Kontratu proposamena iristen bada ere, nik neuk esan beharko dut profesional izateko gai naizen edo ez.

Kirolari osteko prozesuaz hausnartu duzu, prestatu duzu bizikleta ondorengo aroa, eta lasai sumatzen zaizu zentzu horretan.

Amak taberna dauka Andoainen, Irrintzi, eta Jon anaia bertan ariko da lanean. Neu ere tabernari izatea ez dut baztertzen, baina beste aukera batzuk ere baditut buruan. Ikasketaren bat egiteko garaia inoiz ez da berandu, eta txirrindularitzan murgilduta jarraitzea gustatuko litzaidake, kirol zuzendari akaso. Ez daukat garbi, baina asmo batzuk bai. Ikusiko dugu.

Aurrena, dena den, ondo osatu eta bizikletan jarraitzeko gai izango zaren jakitea da, ezta?

Bai, dudarik ez. Fisikoki ongi aurkitzen banaiz gustatuko litzaidake errepidean agurtzea. Euskal Herriko Itzulia edo Donostiako Klasika korrituz. Baino aurrena, ondo errekuperatu. Hala ez bada, kitto esan beharko dut.

Bakardadean zauden ordu horietan egin al duzu zure kirol ibilbidearen halako errepasorik?

Egiten da atzera begirakoa, tarteka. Gauza onak egon dira, txarrak… Izterrezurra hautsi nuenean bizikleta gainean jarri eta otsaila-martxoan bi lasterketa bukatzeko gai nintzela ikusita sekulako indar bultzada sentitu nuen. Orduz geroztik urte asko egin ditut profesionaletan, Vueltan etapa bat irabazi, postu on dezente… Norberak bere burua loratzen ez badu, nork egingo du? Badakit egindakoa lortzeko zenbat sakrifizio egin dudan, eta harro nago.

Txirrindulari profesionalaren bizitza alboratzeak hainbat onura dakartza: mendian ibili, lagunekin aisia, korrika egin, elikadura hainbeste zaindu behar ez izatea… Tentaziorik izaten al duzu aro berri horrekin?

Sakrifizioak baino, guk errenuntzia edo uko egiteak egiten ditugula esan zidan kide batek, orain ez aspaldi. Alegia, egiten dudana ez dudala sakrifizio moduan ikusten, gustura egiten dudalako. Baina egia da gauza askori egiten diozula uko: etxera goizago joan hurrengo egunean entrenamendua daukazulako, edo jubeniletan ikasturte bukaerako bidaiari uko egin, Paris-Roubaix korritu nahi nuelako Espainiako selekzioarekin. Behintzat, lasterketan parte hartzea lortu nuen. Gauza asko utzi ditut bide bazterrean, baina ez daukat damurik. Beste gauza askotaz damutzen naiz, baina goizero bizikleta hartu eta entrenatzeaz ez. Ate hau ixten bada, beste bat irekiko da, eta saiatu behar da horretaz disfrutatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!