Futbol-ikuskizun handia izango da datozen egunotan Urnietako zein Andoaingo zelaietan. Era berean, askotariko txokotatik etorritako jokalarien aurka aritzeko aukera izango dute urnietarrek zein andoaindarrek. Gaur goizean, esaterako, United Elite Soccer talde estatubatuarraren kontra aritu da Urnietako mutilen kadetea, eta norgehiagokari neurria ondo ezin hartuta, 1-3 galdu dute etxean. Dena dela, aukera gehiago izango dituzte datozen egunetan: bihar, Game Sport Ragusa Italiako taldearen kontra ariko dira jokoan, eta, ostegunean, berriz, Madrilgo AR Javi Torres taldea izango dute parez pare.