Jaietarako laguntzailea behar du Urnietako Udalak

Aiurri 2024ko uzt. 8a, 15:11

Udatik bueltan, ate-joka egongo dira herriko festarik garrantzitsuenak. Hori horrela, Sanmieletarako laguntzaile bila dabil Urnietako Udala, ekintzen prestakuntza, kudeaketa eta ebaluazioa egiteko: hiru hilabeteko kontratua da, %75eko jardunarekin. Bihar arte izango dute interesdunek izena emateko aukera, Lanbiden bertan.  

Prentsa ohar bidez adierazitakoaren arabera, honako hauek dira egin beharreko zereginak: 

  • Ekitaldien kontratazioa: koordinazioa, baimenak, aseguruak,...
  • Elkarteen eskaerak eta lagapenak.
  • Artista eta enpresen harrera.
  • Ekintzen eta ikuskizunen muntaketa eta zaintza.
  • Jaiak diren bitartean lana astelehenetik igandera eta jai egunetan.

Horrenbestez, ezinbesteko baldintzatzat jo dute Batxilergoa edo baliokidea edukitzea, baita C1 euskara maila izatea ere. Era berean, kontuan hartuko dira modu berean, lehenago horrelako lanpostuan ibili izana, gidabaimena edukitzea eta Urnietako jaien gaineko ezagutza edukitzea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!