Berdea. Hori izango da etorkizuneko Egape Ikastolako DBHko institutuaren parkearen kolorea. Jolas librea, irudimena eta inklusioa uztartuko dira ikasleen denbora-librean. Guztia berdez, naturaz, inguratuta. Patricia Celaya Reoyo herrikidea da proiektuaren arkitektoa. Gainera, gertutik ezagutzen du eskola-komunitatea, guraso ere badelako. Urnietan, horrelako proiektu bat diseinatzen duen lehen aldia da.
Irudimena, jolas librea eta inklusioa sustatuko ditu, besteak beste, Egape Ikastolako DBHko eraikin berriaren ondoan egingo den parkeak. Nolakoa imajinatu behar dugu? Zein azpiegitura izango ditu?
Patio guztiak gogorrak ditu gaur egungo eskolak eta etorkizunekoak ere tankerakoak izango ditu. Hortaz, biguna eta berdea izan behar du parkeak. Baso kutsua izango du eremuak, eta, tartean, askotariko jokoak izango dira: eszenatokia eta harmailak, gazteak elkartzeko txokoak, baso txiki bat, txirristak, baratza ikasleekin lantzeko... Zuhaitzak, landareak eta fruta-arbolak; berdea izango da, funtsean. Gauza berriak lantzeko aukera emango duen parkea da. Jolas librea izango du helburu, alegia, haurrak ez dira jolas jakin batzuetara bideratu nahi. Ondorioz, hasieratik, futbol-zelaia eta kirol-eremua debekatu ziren, horiek bestela ere izango direlako.
Sarbide zuzena DBHko patiotik izango duen arren, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat ere pentsatuta dago. Adin-tarte zabalari erantzuten dio: Egape Ikastolak hartzen dituen maila guztiei begira eraikiko da, baina, eskola-orduetatik kanpo, herritar guztientzat irekita egongo da. Irisgarria egin da, malda guztiak egokituta daude, herritar guztien premiak asetze aldera.
Zein dimentsio hartuko du?
Gutxi gorabehera, 3000m≤ hartuko ditu parkeak, etorkizuneko eraikin berritik kiroldegira arte. Horrela, desagertu egingo da, egun, hor erdian den aldapa eta errepide berria eraikiko da, ordezko gisa. Hiru fasetan egitea aurreikusita genuen eta, jada, amaitzear da lehen pausua: bideak markatu dira, landaketari ekin zaio, hornidurak prest daude, baina ezin dugu jarraitu eskola berria egin arte, hemen erdian den errepidea behar dutelako eraikuntza-lanentzat. Pixkanaka osatuko dugu. Ez dakigu zenbat denbora hartuko duen proiektua osorik gauzatzeak, eraikin berriaren obrari lotuta dagoelako eta hori bi urtetan egitea aurreikusten da.
Garrantzia eman nahi izan diozu parkearen azpiegitura material birziklatuarekin egiteari.
Hori da, birziklagarria den materialarekin egingo dugu lan, parkeak izango duen logikari jarraitze aldera. Oso erritmo azkarrean bizi gara, eta guztia “hemen eta orain” nahi dugu, berria eta polita. Horren aurrean, naturari estuki lotutako elementuak ere txertatuko ditugu, besteak beste, harria, egurra... Modu horretan, umeek material berrerabiliarekin ere gauza interesgarriak egin daitezkeela ikusiko dute.
Gurasoekin zein irakasleekin bildu zara proiektuari forma emateko. Zein behar plazaratu dizkizute?
Jolas librea, berdea, esplorazioa, proposamen ezberdina... Horiek ziren gurasoen eta irakasleen artean gehien aipatzen ziren hitzak. Daukagun inguruarekin, asfaltoz beteta daude eskolako patioak eta hortik urruntzen da proposamena.
Oso proposamen itxia ematen dizu futbol-zelai batek eta gainerako jolasak baztertu egiten ditu. Erdigunea hartzen du kantxak eta bertan jolasean aritzen diren umeek. Proposatu diren azpiegiturak guztiei begira eginda daude, inolako bereizketarik gabe eta nahastuta.
Umeek ere plazaratu al dituzte beren nahiak prozesuari ekarpena egiteko?
Lanketa egin dugu, bai. Tailerrak egin nituen 5. eta 6. mailakoekin. Proposamenez betetako mapa osatu zuten, eta ideia pila atera ziren. Era berean, eskolak guztiekin landu du egitasmoa, ikasle bakoitzak marrazkiekin irudikatu baitu nolako parkea nahiko lukeen. Horiek guztiak ere kontuan hartu dira diseinua egiteko. Ikasleek ere ingurune berdeak eskatzen zituzten, oro har. Ur-jolasak, txirristak… Esate baterako, zeta-harrak dituzte eskolan, eta masustondoak jartzea eskatu dute, haiei jaten eman ahal izateko. Loredun zuhaitzak ere sartuko dira, parkea kolorez betetzeko. Halaber, DBHko ikasleekin ere egin da lanketa eta elkarguneak eskatzen zituzten, batik bat.
Oso aberasgarria egin zait, talde-lanean diseinatzea proiektua. Galdera asko egiten ditut nik, guztien beharrak jasoko dituen parkea diseinatu ahal izateko.
Eredurik izan al duzu buruan parkea diseinatzeko?
Horrelako proiektu batean murgiltzen naizen lehen aldia da, baina mota horretako parke asko ezagutu nituen Alemanian nengoenean. Naturari estuki lotutako jolas-eremuak zeuden, haurrak zikindu egiten dira, putzuetan jolasten dira... Hona etorrita, inguruotan eskola asko horren aldeko hautua egiten ari direla ikusi dut: Zumaian, Zarautzen, Orion...
Arkitekturatik, berdeguneei begiratzeko premia al dago, hiriak handitzen eta asfaltoa biderkatzen ari den garaiotan?
Jakina. Urnietan bertan, zentzu horretan, pribilegiatuak gara, eremu berdeez inguratuta gaudelako. Hiri handietan, oso zaila da hori. Beraz, proposamen interesgarria da parke berdeak gertu izatea, haurrak ere beren kabuz bertara joan daitezen.
Patioaren itxuraldaketa fisikoak zertan izango du eragina umeen arteko harremanean eta jolasgaraian ematen diren dinamiketan?
Beti egongo da baloi bat tartean, orain arte nagusitu den patio-ereduan. Berdin zaie, ez dute ezer gehiago behar, jolas horrek hartzen du zentroa. Horrela, gainerakoak inguran dabiltza, bueltaka, bazterrean; ez dira bestelako proposamenak sortzen. Proiektu berriarekin eremu batek baino gehiagok hartuko dute garrantzia eta jolasteko modu berriak sortuko direla uste dut.
Urnietan dauden parkeei begiratuta, aisialdi inklusiborako nahikoa espazio daudela uste duzu?
Pixkanaka, proposamen berrietan aipatu ditugun baloreak lantzen ari direlakoan naiz, Ermotegi Auzunean, Aranzubiko jolas-parkean...
Herri bat bizigarriagoa eta osasuntsuagoa omen, umeen begirada kontuan hartuta eraikitzen bada.
Francesco Tonucci pedagogoaren proposamena da hori: "Haurren hiria". Oso gustuko izan dut betidanik umeekin gauzak lantzea. Amezti akademian, tarteka, arkituekturari buruzko tailerrak egiten nituen, eta beren ikuspegia oso desberdina dela jabetu nintzen. Irakurtzen eta irakurtzen, Tonuccirekin egin nuen topo. Egilearen ustez, profil jakin baten beharren gainean pentsatu eta eraiki izan dira hiriak: gizonezkoa, heldua, langilea eta auto-erabiltzailea. Bada, eredu horretan arrisku-faktoreak pilatzen dira egunerokoan. Horrenbestez, ume batentzat egokia den tokia guztientzat izango da jasangarriagoa eta irisgarriagoa. Bada, Egape Ikastolako parkea ideia horri jarraiki sortuko da.