Kulturaren erakusleiho, arte eszenikoen fabrika

Alba Cabrera Jauregi 2024ko uzt. 19a, 10:59

Hogeita hamar urteko ibilbidea osatzera doa, igande honetan, Sarobe arte eszenikoen gunea. Kulturgile ezagunen keinu beroa jaso du Urnietako egoitzak, hiru hamarkadak gogoan hartzeko.

Ez du bat bete, ez eta bi ere. Hiru. Hiru hamarkada biribil beteko ditu, aurten, Urnietako Sarobek, herriko arte eszenikoen guneak. 1994. urteko uztailaren 21ean ireki zituen, lehenengoz, ateak, urteen poderioz Euskal Herrian sortzaile eta kultura-eragile askoren erreferentziazko geldialdi bilakatu den guneak, Enrique Santiago Rodriguezen ekimenez. Horma horien artean zegoen Elizondo zinemari lekukoa hartu zion, begirada zabaldu eta Urnietan nahiz Euskal Herrian pizten ari zen kultur loraldiari erantzuteko: antzerkigintzatik hasi eta dantzara bitarte, arte eszenikoen adar guztiek izan dute tokia Sarobeko oholtzan. Bertako tripak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Jaione Jauregi Garmendiak, Maribel Tardio Alonsok eta Pablo Lusarreta Pardok, hasiera-hasieratik baitaude buru-belarri murgilduta. Atzera begirako ariketan jarrita, biziki asebeteta sentitzen dira hiru kideak egindako ibilbidearekin. Harreran eta kudeaketan egiten dute lan Jauregik eta Tardiok; aretoaren teknikaria da Lusarreta: “Hogeita hamar urte igaro badira ere, oraindik, ikasten jarraitzen dugu”.

Ideien lapikoa

Oholtza ez ezik, azpiegitura ere izan da Sarobe artista askorentzat, obra baten sorkuntzan beharrezkoak diren baliabide guztiak ipintzen dituelako eskura. Hori horrela, erakustoki bezain fabrika izan da kultur eragileentzat. Konpainiek beren proposamen eszenikoak sortzeko zein moldatzeko espazio profesionala da, arte eszenikoen laborategia. “Opari bat” izan da hori urte hauetan guztietan Jauregirentzat “benetako pribilegioa” baita berarentzat “hutsetik hasitako obra batek jendaurrean taularatu bitarte eman beharreko pausu guztien prozesua ikusi ahal izatea”. Era berean, ibilbide luzeko lasterketa baten gisan bizi du Tardiok hiru hamarkadako lana: “Ekoizpen bakoitzaren zirrikituak ikusteko aukera izan dugu, baita konpainia bakoitzaren askotariko estiloak bereizteko eta alderatzeko parada eduki ere”.

Hori horrela, antzerki-konpainia askoren geldialdi bilakatu da Sarobe denborarekin: Tanttaka Teatroa, Txalo Produkzioak, Ados Teatroa, Vaiven Produkzioak… Saroben bertan ekoizten dituzte beren obrak, aretoa bera etxe sentitzeraino. Hala, “gertutasuna” da, besteak beste, Jauregiren iritziz, gakoa: “Bidelagun izaten saiatzen gara, egunerokoan, beren beharretara egokitzen ahaleginduz, malgutasunarekin”. Harekin bat dator Lusarreta, izan ere, “beste toki batzuetan ez dagoen askatasuna dute hemen konpainiek lanerako”.

Oso ongi pentsatutako aretoa da”, azaldu du Tardiok, “zaindua, gertukoa, berezia, eta hori guztia publikoari eta artistari iristen zaie”. Bada, artisten joan-etorrian, oso berezia egin zitzaion Lusarretari Kulunka konpainiaren “Forever” maskara-antzezlana: “Muntaketa konplexua bezain interesgarria du obrak”. Begirune handiz gogoratzen du, modu berean, Jauregik Kulunkaren lan hori bera: “Berriki, Max-etan saritu dituzte. Nire miresmena, hain desengonkorra den ogibide honetan dabiltzanei”. Tardiok, berriz, begirada aretoaren hastapenetan kokatu du, Sarobetik igaro diren ekoizpen kuttunengatik galdetuta: "Bi aipatuko nituzke. Ginebran (Suiza) estreinatu zen Enrique Santiagoren ‘Esperando a Godot’ eta Oscar Gomezen ‘Woyzec’”.

Guztia ez da antzerkia, ordea, dantzak ere pisua baitu gunearen jardunean. Bide horretan, egoitza artistiko gisa du Sarobe Aukeran Dantza Konpainiak, eta, astero-astero, bertan bilduta ematen die forma ikuskizunei. Azken geldialdia ekainaren amaieran egin zuen, euskal ipuingintza oinarri duen "Amama" ikuskizunaren sormen-prozesua agerian jarri eta entseguko ateak ikusleei irekitzeko.

Urteak joan urteak etorri, abiapuntuan bezain ongi al dabil martxan fabrika-zerbitzua? Datuetara jo du Jauregik baiezko erantzuna berresteko. Urtero, bataz-beste, 10-12 ekoizpen-prozesu jasotzen ditu Sarobek: “Ekoizteko moduak aldatu arren, oinarrian, behar-beharrezkoak izaten jarraitzen dute obra baten eraikuntzan espazioak, denborak eta baliabideek, eta Sarobek hori guztia eskaintzen du modu egonkor bezain sistematizatuan”. Egitasmo berritzailea izaten jarraitzen du Tardiotentzat Sarobek, hiru hamarkada igaro badira ere: “Eredu izan da beste gune batzuentzat”.

Cinema Paradiso

Euskal Herriko zinemagintzan, mugarri garrantzitsua ipini zuen Sarobek “Zine Aretoa” zinema-eskolarekin, Espe Luffiego Garciak kudeatuta. 1994 urtetik 2001era bitarte, “Zinema errealizazio eta ekoizpen hastapena” izenburupean, arte diziplina horretan murgiltzeko aukera izan zuten askok eta askok, bederatzi hilabete irauten zuen ikasturtean. Orotara, 16 mm-ko hamasei film labur 35 mm-ko sei film labur filmatu ziren eskola irekita egon zen sasoietan, izen handiko irakasleez lagunduta: Enrique Urbizu, Chus Gutierrez, Michel Gaztambide, Iñaki Ros… Bide beretik, bertatik ateratako ikasle askok ibilbide oparoa izan dute zinemagintzan, esaterako, Alazne Amestoyek, Jon Garañok, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak…

Tokikoen aterpe

Begirada etxera ekarrita, Urnietako gizarte eta kultur bizitzan eragin zuzena izan duen gunea da Sarobe. Hala, astebururo makina bat herritar gerturatzen da bertara, aretoak eskaintzen dituen emanaldi eta aurre estreinaldiak ikusteko. Osasunari eta kulturari lotutako ikastaroak, Lourdes Iriondo musika-eskolaren emanaldiak, antzerki-eskola, herriko bi ikastetxeei bideratutako eskaintza pedagogikoak, Egape Dantza Taldea eta Txanbolin Txistulari Banda, ikasturte amaierako emanaldiak, herriko eragileen kultur hitzorduak… Urnietar zerrenda-luzea ibili da gora eta behera Sarobeko korridoreetan. Jauregiren hitzetan, herriko kultur adierazpen artistikoaren “topaleku” bihurtu da Sarobe bertako bizilagunentzat: “Herritarrek bere egin dute kulturgunea”. Horren erakusle herrigintzatik sortutako “Marizulo”, “Urnieta 59”, “1936” eta “Gabon Txirrita”. Gozotik ibili zen Lusarreta antzerki-obra horietan guztietan “teknikoki, konplexutasun handirik eskatzen ez zuten arren, oso sartuta egon bainintzen proiektuetan”. Hari horri tiraka, hitz-errenkada batez laburbildu du Tardiok Sarobek herritarrengan eragin duena: “Mugimendua, jakin-mina, gizarte-kohesioa, aniztasun kulturala… Finean, komunitateari irekitako gunea da Sarobe, mota guztietako jarduerak garatzeko aukerarekin”.

Neurria hartuta

Atzera begiratu eta ibilbidearen errepasoa egiteko gonbita luzatzen dute urteurrenek. Zertan aldatu da arte eszenikoen gunea, 30 urteren bueltan? “Sorburuko oinarriarekin eta filosofiarekin” jarraitzen duelakoan da Jauregi. Zentzu horretan, hasierako pausuetako magia pixka bat joan egin dela uste du Tardiok: “Dena aldatzen da jakin-minetik, autogestiotik eta talde-lanetik proiektu bat sortu eta instituzionalizatu egiten bada, kudeaketa lan-taldea baztertuta”. Nolanahi ere, unean uneko erronkei egokitzen joan dela dio Lusarretak, “bai ikuspegi teknikotik, bai kudeaketari dagokionez”.

Ez du bat bete, ez eta bi ere. Hiru. Hiru hamarkada biribil beteko ditu, aurten, Urnietako Sarobek, herriko arte eszenikoen guneak. Bada, zer kontatuko lukete bertako kamerinoek, hitz egingo balute? Oholtzara igo aurreko urduritasunak, kamaraden arteko txutxu-mutxuak, lasaitasuna bilatzeko elkarrizketa terapeutikoak, ahotsa berotzeko ariketak, testuak errepasatzeko errezitaldiak, jantzi-aldaketak, elkarri emandako animoak… Show must go on, Sarobe!

Saroberi gorazarre, artisten eskutik

Txalo Produkzioak

Zorionak, Jaione, Maribel eta Pablo! Azkar igaro dira, baina, jada, urteak ere joan egin dira! 30 urte… Jaungoikoa! Guk eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan guztietan etxean bezala sentitu garelako, oso gustura, eroso, ondo tratatu gaituzue. Ea posible dugun beste 30 urtez elkarrekin egotea. Muxu handi bat bakoitzarentzat eta zorionak!

Kresala dantza-taldea

Ezinbesteko bidelagun izan da Sarobe Kresala dantza-taldearentzat azken hiru hamarkadetan. Mila esker 30 urte luze hauetan egindako lanagatik eta eta beste horrenbeste bete itzazuela! Zorionak!

Vaiven Produkzioak

Hementxe gaude Vaiven-ekoak Jaione, Pablo eta Maribel, zuekin 30 urteak ospatu nahian. Arte eszenikoak sustatu dituzue, mimo, maitasun eta profesionaltasun handiarekin. 28 urte darama Vaivenek ikuskizunak ekoizten eta zuen espaziotik atera dira ia guztiak. Oso oso eskertuta gaude, onena opa dizuegu!

Oso gustura egin dugu lan beti zuen etxean. Zenbat ikuskizun sortu diren hor, zenbat esperientzia… Oso opari ederra! Primeran ospa dezazuela!

Tanttaka Teatroa

Zorionak zuri… Aupa Sarobe! Berriz ere hementxe gaude, betiko moduan! Gu hemen bizi izan gara 30 urteotan! Leku ona, jende jatorra… Zorionak eta urte askotako izan dadila! Beste 30! Muxu!

Aukeran Dantza Konpainia

Sarobeko konpainia egoiliarra gara. Oso pozik gaude zuekin 30. urteurrena ospatzeagatik. Mila esker emandako konfiantzagatik eta errespetuagatik! Espero dugu urte luzez zuekin lankidetzan jarraitzea. Mila esker, zorionak!

Katxiporreta

Aurten Urnietako Sarobek 30 urte bete ditu! Urteak bete eta abenturak bizi! Itzali kandelak eta jan pastela! Eskerrik asko urte hauetan guztiotan euskal kulturari eman diozuen berotasunagatik, bai horixe, mila esker! Aupa zuek eta gora Euskal Herria

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!