Igandean itxiko dute Zaldundegi

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 23a, 07:25

Igandean itxiko ditu ateak Zaldundegi jatetxe ezagunak; sei hamarkada pasa aritu dira lanean jo eta su Axun, Carmen eta Pepi Garagorri ahizpak, eta mende laurdena Eneka Iribarrek– Carmenen alaba– hainbat langileren laguntzarekin

Urnietako paisaia urbanistikoko pieza ezagunenetakoak pertsianak itxiko ditu uztaileko azken igandearekin bat. Ez dugu betiko esango, hamarkada batzuk barru zer gertatuko den jakiteko modurik ez dugulako izango, baina ixteko erabakia hartu duten lau emakumeek kitto, bale esan dute. Ondo merezita gainera, Axun, Pepi eta Carmen Garagorri ahizpen kasuan, sei hamarkada luze baitaramate su artean; tabernako barraren atzean, edota jatetxean, sabel orroak apaltzeko asmoarekin joan diren milaka eta milaka herritarren mesedean. Eneka Iribar Carmenen alabak mende laurdena darama, baina ama eta bi izeben erabakia bere egin du.

Urnietarrari, eta inguruko herritar askori kosta egin zaie sinestea, Zaldundegiren itxiera iritsiko zela onartzea, baina hala da. Urnietako ondare izan baita jatetxe ezaguna, herriak izan duen jatetxe ezagunena ezbairik gabe. Onena ere bai, askoren ahotan. Zaldundegik zerbait izan badu neurriko salneurrian otordu oparoak eskaini izana izan baita. Bereziki ezagunak bertako belarria, legatza frijitua eta saltsan, eta nola ez, Urnietako mugetatik harago oso ezaguna egin den flana.

Garagorri ahizpak ez dira, preseski,  komunikabideetan azaldu zaleak, baina Eneka alabaren bultzadari esker onartu dute Aiurriko eskaintzari baiezkoa ematea. Jatetxe atzealdean dagoen terraza dotorean batzartu dira, ordu pare bateko solasaldia egiteko. Azken egunak nola bizitzen ari ote diren galdetu diegu, aurrena, honatx erantzuna: “Bukatzeko desiatzen gaude. Aspaldi esan genuelako bukatu behar genuela, eta eguna iristen ari den neurrian ba eskaera asko jasotzen ari gara, jende guztiak etorri nahi du…”. Axunek esan duenez medikuak bezala ari dira bezeroekin: “egun honetan ez dago lekurik, beste honetan ahal duzu? Eta antzera”. Atseden pixka bat behar dutela aitortzen dute, “eromena izaten ari baita bukaera. Jendeak estimatzen gaituelako ari da etortzen, noski. Gazte jende asko, eta kontent gaude”.

Zaldundegin nola hasi ziren azaldu digute: “Bertan jaiotakoak gara. Mojetan ikasiak. 14 urterekin batxilergoa hasten zen orduan. Moja batek gure amari esan zion, alabetako batek batxilergoa egin beharko zuela, eta amak hala esan omen zion: ‘etxean hiru batxilergo dauzkat: sukaldea, jatetxea eta taberna’. Lanean gazte hasi ginen, eskolara joan eta gero. Ama sukaldaria genuen eta haren atzetik joan ginen gu”.

Euren adinaz galdetuta, ‘asko!’, bota dute hirurek, algara batean. Zehaztasunik eman gabe lanean 60 urte inguru eman dituztela esan digute: “Hori lotsa, hori!”, bota du barrez Axunek. “Oraingoei esan behar hori errepikatzeko”, Carmenek. “Pentsioa zerbait emango ote digute…”, Pepik, umoretsu. XX. mende erdiko garai hartan murgildu da hirukotea: “Urnietan hiru taberna zeuden gu hasi ginenean: Matxo, Txapelenea eta gu, ez zegoen besterik”.

Zaldundegi erdi baserria omen zen, “esnea ere saltzen baikenuen”. Telefonoa ere ez zegoen etxe guztietan, “eta enkarguak egiten genituen; bakarren bat hiltzen bazen abisua eman eta antzekoak. Zerbitzu publikoa ginen, denda, abisuak, apopiloak, turistak, gasolina eta pentsua banatu… Albaitaria ere gure etxean bizi izan zen ezkondu zen arte, pentsa. Taula bat geneukan jarrita: medikua eta albaitaria, eta enkarguak bertan apuntatzen genituen. Tanco berak ere farmazia jarri zuenean aurrena Udaletxera joan zen eta gero Zaldundegira”, gogoratu dute.

Zaldundegi garai batean herriko estankoa ere bazen, herritik kanpo ere oso ezaguna. Jatetxea errepide nagusiaren alboan dago, eta bere izena posta banatzen zuten zaldunak ostatua hartzen zutelako omen dator. Hiru ahizpek euren aita zena morroi bezala Zaldundegin hasi zela gogoratu dute, 1927an. Laster mendea beteko da: “ama eta aita San Migel festa batzuetan elkar ezagutu ziren, tabernan, biak lanean, eta handik gatoz gu”.

Eneka Carmenen alabak 43 urte ditu. Ikasketak bukatu eta jatetxean geratu zen lanean, berak hala  erabakita. “Bi hamarkada pasa egin ditut. Gaur egun zaila dago gazteren batek nik egin nuena errepikatzea, asteburuak libre nahi baititu gazteak”. Amak kendu dio hitza: “Eneka gu bezala hasi zen jatetxean, berak erabakita. Gu ez ginen behartuta hasi ostalaritzan, hala nahi izan genuelako baizik, alaba berdin”. Zaldundegi 1999an berritu zuten erabat, eta orduz geroztik lana asko igo omen da jatetxean. Horren zergatia eskatu diegu laurei, eta aho batez erantzun dute: “Etxeko janaria, kalitatezkoa prezio onean”.

Gabonetan hartu zuten erabakia

Noiz hartu ote zuten jatetxea ixteko erabakia? Eneka: “Gabonetan, eta bat-batean. Nekatuta geunden, eta kito esatea erabaki genuen”. Herriko jende askok galdetu du han eta hemen jatetxea norbaitek hartuko ote zuen; aginte makila ez ote zioten norbaiti emango? Enekaren azalpen zintzoa: “Kanpoko jendea ekartzea baztertu genuen, denak etxekoak garelako. Ez dago erraza, bertigo pixka bat ematen du. Orain ere etxekoez gain zazpi langile ditugu eta zenbaki handiak dira, amak eta bi izebek utzi eta gero, ni bakarrik arduradun izateko. Gauzak konplikatu ordez sinplifikatzea erabaki genuen. Orain arte etxekoen artean eraman dugu dena, eta orain ni bakarrik geratuko nintzateke arduradun. Mentalitate aldaketa handia behar zen jarraitzeko, jende berria, kanpokoa, eta ez dakit amak eta bi izebek hori begi onez ikusiko ote luketen. Etxea ere eurena da, bertan bizi dira, goialdean, eta bertan bizi izanda negozioa beste norbait eramaten ari dela ikustea…”.

Carmen amak berriro, kontrapuntua: “Eneka berarentzat lan handiak zirela pentsatu genuen, eta ez dugu behartu negozioarekin jarraitzera. Ez hasi zenean, ezta orain ere. Neroni ere ez nintzateke lasai biziko alabak negozioa hartu izan balu. Eneka gaztea da oraindik, lana egin beharko du, ez pentsa, baina zer edo zer egingo du”, bota du, alabari begirada konplizea eginda.

Saltzeko, edo errentan jartzeko asmorik izan gabe ere, jatetxea bereganatzeko eskaintzarik izan ote duten galdetu diegu laukoteari: “Ez”, tinko hiru ahizpak. “Zurrumurru pilo bat entzun ditugu barraren bestaldean: honek hartu behar zuela, beste hark, hurrengoak hainbeste diru eskaini duela… Astakeri handiak! Bezeroak guri galdetu besterik ez, baina guk ezer ez zegoela esan eta ez ziguten sinesten. Oraingoz esan genezakeena da gurekin bukatzen dela negozioa”.

Jatetxea kudeatzeko modu bat ikasi zuten gazte zirela, eta hala egin dute Garagorri ahizpek eta Enekak azken hamarkadetan. Igandetan, jendeak belarri pintxo famatua eskatzeko ohitura izaten du, eta bizi ibiltzen ez dena pintxo hori dastatu ezinik geratzen da, bukatu egiten delako. Bukatu, kopuru jakin bat prestatzen dutelako betidanik: “Arrazoi bategatik: jatetxeko martxan hasten garelako eguerdia pasata, eta denera ezin dugu iritsi. Belarriak jan nahi dituen bezeroei esan izan diegu, onena erreserbatzea dela, horrela belarriak jango dituztela ziurra baita. Jendeak pentsatzen du belarri edo bakailao pintxoa egun guztian eduki behar dugula prest, eta ez da horrela. Egun guztian prestatuko bagenitu jatetxea ezingo genuke behar moduan atenditu”. Bukatzen direnean bukatu egiten dira; ez dituzte gehiago prestatzen.

Famatu asko bisitan

Zein izan ote da Zaldundegiko jaki ezagunena? Jendearen gustukoena? “Legatza esaten du jendeak, bai frijitua, baita saltsan ere”. Gastronomia kritiko baten pasadizoa gogoratu du Carmenek: Mikel Corcuera izenekoa etortzen zen gurera sarri, bere amarekin, eta halako batean Zaldundegiko legatza aipatu zuten egunkariren bateko kronikan, beste hiru jatetxerekin alderatuta. Berak beste gastronomia kritikoren bati esandakoa izan zen”.

Jende ezagun asko pasa da hiru ahizpen begien aurretik sei hamarkadatan. “Mikel Laboa zena sarri etortzen zen; Carmen Maura aktorea, Imanol Uribe zinema zuzendaria… Arzak ere egon izan da gurean, ArgiÒanorekin”. Zer jan zuten horiek? “Ez esannnn!”, bota du Axunek: “secreto profesional”, barrez lehertzen. “Ez zuten legatza jan, hori bakarrik aitortuko dut”. Bi sukaldariak ez omen ziren batere nabarmentzen. “Ez ziren sukaldera pasatzen. Gehiago aztoratzen ziren eguneroko bezeroak. Izan zen bakarren bat etxera plater baten bila joan izan zena, autografo bat lortzeko, pentsa”.

Anekdotaren bat kontatzeko eskatu diegu, eta asko dituztela esan digute. Travel edo Osakidetzako txartelarekin ordaintzen tematu zen bezero bat, edota karta jokoa bere unerik oparoenean zegoenean zenbat ‘cafe completo’ ematen zituzten egunean: “Ehunka bai, egun batzuetan. Kafe, kopa eta puru piloa!!!”, bota du Axunek. Zaldundegiko tabernako mahai guztietan sortzen ziren partidak, eta askok orduak ematen zituzten eserita. Karta jokoari begiratzen zegoenak isilik egon behar zuen derrigor, jokoan ari zen norbaiten purrustada jaso nahi ez bazuen.

Egunak baino ez dira geratzen pertsiana jaisteko. Egunak, 60 urtean. Jendea triste dagoela esan diegu: “Nabaritu dugu, bai, estimu handitan gaituztela. Urnietan, baina baita Hernanin eta Donostian ere, andoaindarrak ere bai. Hiru herri horietako jende asko etorri izan da gurera, herrikoez gain. Aspaldiko jendea, urteak daramatzana gurera etortzen”. Omenaldi hunkigarriak jaso omen dituzte: “Patxi Gorrotxategi eta koadrilak lore sorta oparitu ziguten, Kantazaun elkartekoek kopla eta bertso eder askoak eskaini… Joxe Lizaso eta bera bezalako betiko bezeroek esan digute: ‘eta orain nora joan behar dugu guk?’.

60 urte pasa ia egunero gauza bera egiten eman ondoren, ze asmo ote dute irailetik aurrera hiru ahizpek? Hauxe: “Lasai bizi”. Carmen: “Ni loreekin ibiltzen naiz sarri, eta ez dut askoz gehiago behar. Hara eta hona bazkaltzera joan, eta martxa horretan ibiliko gara. Jose Manuel semeari esaten diot deitzeko eta tokia gordetzeko. Camara Pasaian, kostaldeko beste herri batzuk: Iribar Getarian, Asador San Martin Orion, Juanito Kojua Donostian, Kako Astigarragan… Ohitura finkoko jendea gara”, bota du Axunek.

Enekak ere egin du bere argazkia: “Atseden hartu eta gero ikusiko dut. Bidaiatu, etxeko gauzak gehiago estimatzeko”.

Herritar xumeak, langile finak, agurrean ere umil: “Eskerrikasko denei, bihotz-bihotzez”, bota dute. Herritarren partez ere eskerrak Zaldundegiko lagunei, hainbat urtetan hainbeste jenderen poztasunean laguntzeagatik.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!