Zehazki, bi sarrerako lau sorta zozketatuko dira, irailaren 4a arte izena ematen duten urnietarren artean.
Hiru modutara hartu liteke parte zozketan: Urnietako Udalaren webgunean edo APP-an sartuta, edota, Saroben jarritako kutxatilean.
Haur baten suizidio saiakera oinarri duen antzezlana
Jokin Oregi da zortzi urteko neskato baten suizidio saiakera oinarri duen antzezlanaren egilea eta zuzendaria, eta honako aktoreek hartzen dute parte bertan: Iraia Elias (euskaraz), Sandra Ferrus (Gaztelania), Getari Etxegarai, Javier Barandiaran, Iñigo Aranburu, Ruth Guimera, Irene Zarrabeitia.
Tartean antzerki taldeak bere web orrian azaldu duenez, “psikologoaren kontsultan hasten da gure istorioa. Zortzi urte eskaseko neskatxo bat da Maddi, eta gurasoen arabera, zeinu kezkagarriak erakutsi ditu: ia ez du jaten, nota txarrak jasotzen ditu eskolan eta hotza ageri da gurasoekiko. Gurasoek neskatoa ikaskideen tratu txarren biktima dela uste dute. Hasiera horrek, neskatoa ez ezik, haren gurasoak, hura tratatzen duen psikologoa, bere egungo bikotekidea eta haiekin bizi diren gainerako helduak erradiografiatzera garamatza. Beti ere, umeak eszenan agertzen ez direlarik. Saiakera honek helduen sufrimenduan sakonduko du. Azkenean, gizarte antsioso, depresibo eta ankerra deskribatuko du, non egia irtenbide itxaropentsu gisa aldarrikatzen den: egia ezkutatua”.
Gehitu duenez, bost atal ditu ikuskizunaren egitura dramaturgikoak, eta horien baitan "espazio-denbora unitate desberdinak biltzen dira. Mosaiko bat da, eta protagonista neskatila bat dela dirudien arren, berez haren inguruan dabiltzan helduen koru-erretratu bat da".