Etxeberriko festak 2024

“Sorpresa polita izango da aurtengo pregoian”

Alba Cabrera Jauregi 2024ko ira. 8a, 08:00

Estela Cuevas Diez eta Esther Toribio Rodrigo Etxeberri Auzoko elkarteko kideak dira.

Etxeberriko seigarren festak izango dira hilaren bigarren asteburuan. Larunbateko bazkariko tiketak salgai daude, jada, Biak kafetegian eta Celtics tabernan

Udako oporraldien ondoren, kosta egiten al da martxa hartzea jaien antolaketan?

Estela Cuevas Diez: Ekaina amaitu baino lehen guztia itxita uzten ahalegintzen gara, azken momentuan lotu beharreko kontuak kenduta, besteak beste, bazkarietako txartelak. Bestela, ez gara iristen, uztailean eta abuztuan jendeak oporrak hartzen dituelako.

Esther Toribio Rodrigo: Azken ukituak abuztuaren azken egunetan edo iraileko lehen astean egin ohi ditugu.

E.C.: Behin azpiegitura guztiaren muntaketa eginda, jendeak indar handiagoarekin hartzen ditu festak. Apur bat konplexua da, bai. Aldiro-aldiro, proposamen berriak sortzen ahalegintzen gara, baina ez da erraza.

E.T.: Aurrekontuak ere mugatzen gaitu, urtean hiru festa egiten baititugu. Nolanahi ere, bi kide berri batu zaizkigu antolakuntza-taldera, hona bizitzera etorri den bikote bat. Gogotsu daude eta ederki datorkigu!

E.C.: Festak irauten duten egunetarako dago jendea laguntzeko prest, batik bat. Eta oso normala da hori. Baina aurretiazko antolakuntzan nabari dugu hutsune hori.

Opor osteko ajea baretzen dute, era berean, ezta?

E.C.: Horregatik erabaki genuen festak irail hasieran egitea. Batetik, ez zetorkigulako ondo  urteko beste astebururik jaiak antolatzeko. Eta, bestetik, udako oporren ostean, Sanmielak iritsi aurretik, data egokia iruditzen zitzaigulako. Irailaren lehen asteburuan egin izan dugu inoiz. Baina ikusi dugu egokiagoa dela ospakizunak bigarren asteburuaren bueltan egitea, jendea, normalean, oporretatik itzuli delako.

Bost urteko langa pasata datoz aurten jaiak. Herritarren agendan toki bat egitea lortu al dute, jada, Etxeberri auzoko festek?

E.T.: Bada urtero-urtero etorri ohi den jendea. Horrela, geroz eta jende gehiago ari da batzen gure ospakizunetara.

E.C.: Aurreko batean, esaterako, bizilagun batek esan zidan gure festen egitarauan haurren aisialdiari ere garrantzia ematen zaiola, ederki prestatuta daudela. Pozgarria da horrelako iritziak jasotzea, eta indarra ematen dizu.

E.T.: Oso plaza erosoa da Etxeberri, horrelako jaiak antolatzeko, guztia eskura baitaukazu, urrutira joan gabe.

Bizilagun dauzkazue etxeberritarrek Ermotegiko etxebizitzetara etorri berri diren herritarrak. Mugimendu handiagoa nabari al duzue zuen plazan?

E.C.: Etxeberritik hara bizitzera mugitu naiz ni orain. Bertako plaza beteta egongo zela uste nuen, baina ez da horrela gertatu. Jende asko etorri da kanpotik hona bizitzera, erdia baino gehiago, esango nizuke. Nire ustez, festetan nabarituko da hori.

Adin guztiei begirako egitaraua osatzen ahalegintzen zarete urtero. Nolakoa izango da aurtengo jaien asteburua?

E.C.: Ostiralarekin ekingo diogu ospakizunari, txupinazoarekin eta apar-festarekin.

E.T.: Eta, adi, sorpresa polita izango da eta aurtengo pregoian!

E.C.: Lehen egunean, gertuko  taldeak lotzen ahaleginduko gara. Hala, Otra Kalle musika-taldea izango dugu. Larunbatean, aldiz, DJ-ak izango dira nagusi. Egun osoa hartuko du jaiak irailaren 14an: goizean, ginkana izango dugu eta Super H-ko kideak etorriko dira, urteko legez. Herri bazkariaren ondoren, bingoan arituko gara. Arratsalde partean, “Etxeberri talent” izango da: askotariko jendea animatzen da, nork bere abilidadeak jendaurrean erakusteko, gaueko afaria zein musika-saioa baino lehen. Igandean, berriz, txirrista irristakora ipiniko dugu eta Urnietako Udalak antolatutako kale-ikuskizunak itxiko ditu festak, Nimu zirko-antzerkiaren, “Pausa” emanaldiak, hain zuzen ere.

Ospakizunez beteta dator iraila herrian eta zuek botako duzue lehen txupinazoa. Prest?

E.T.: Beti gaude gogotsu. Muntaketan ere, aktibatu egiten zara, badakizulako jaiak geroz eta gertuago daudela. Oso giro polita dugu gure artean,  eta mundu guztiari begirako festak antolatzen ditugu.

E.C.: Garrantzitsua da azpimarratzea jendeak egiten dituela festak; borondatez antolatzen ditugu guk Etxeberriko jaiak eta jenderik gabe ez da ospakizunik.  Horregatik, urnietar guztiak animatzen ditugu!

E.T.: Ederra izango da!

 

Jai-egitaraua

IRAILAK 13, OSTIRALA

18:30 Txupinazoa.

19:00 Apar jaia.

20:30 Otra Kalle musika- taldea.

 

IRAILAK 14, LARUNBATA

11:00 Diana: Txanbolin.

11:30 Ginkana eta jokuak.

13:30 Herri-bazkaria.
Tiketak erosteko epea datorren  irailaren 9an amaituko da.

16:30 Bingoa.

18:30 Etxeberri Talent lehiaketa.

20:00 Txiki Festa:
DJ Flowing.

21:00 Herri-afaria.

22:30 DJ Flowing.

00:00 Saturday night gaua.

 

IRAILAK 15, IGANDEA

12:00 Txirristra irristakorra.

18:00 Nimu Zirko saioa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!