Haurtzarora egiten du salto Eva Domenech-ek yogarekin izan zuen lehen hartu-emanean lur hartzeko. Horren jakitun izan gabe, behin, etxeko komunera sartu, ispilura begiratu eta "nor naiz?" egin zion galdera bere buruari, hamabi urte zituela. Bada joko gisa hasi zena bizi-estilotzat du orain. Sei urte egingo ditu aurten Saroben, yoga klaseak ematen. Kendu zapatak eta eroso jarri, irakurle. NamastÈ.
Nola iritsi zinen yogara?
Betidanik, interes handia izan dut gorputzaren eta mugimenduaren arteko loturaren gainean. Bide horretan, tai chi, yudo, yoga... ezagutu nituen. Bada horrela sartu nintzen. Finean, meditazio-praktika da yoga. "Lotura" esan nahi du hitzak sanskritoz (hinduismoaren antzinateko hizkuntza) eta, gorputzaren bidez, arnasketaren bidez eta bistaratze-teknika batzuen bidez egiten den miaketa-praktika bat da. "Ni"-aren gaineko bilaketa-prozesuan murgildu nintzen yogaren bidez; nire arreta nabarmenki deitzen zuen horrek. Hala, urte batzuetara, yoga-formakuntzari ekin nionean, nire ezinegon horiei erantzuten zieten teknikak eskuratzen hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen uste baino lehenago hasi nintzela bizitzaren misterioaren bilaketan.
Tibeteko mendien magalean kokatzen da yogaren abiapuntua. Jende asko joan ohi da hara hura praktikatzera. Aukerarik izan al duzu zuk?
Orainari ematen zaio garrantzia arte martzialetan, unean unekoari erantzuten zaio, intuizioari pisu handia emanda. Mugimendua eta meditazioa uztartzen dituzten praktikak dira. Yogaren kasuan, Ekialdean sortu arren, urteen poderioz, Mendebaldeko ekarpenekin aberasten joan da.
India kolonizatu zuten ingelesek eta beren pratikak sartu zituzten herrialdean. Horrek guztiak eragina izan du yogan, hibridazioa eman da. Orain urte gutxi, gizateriaren ondare izendatu zuten, alegia, mundu osoan da ezaguna, gaur egun.
Galderari erantzunez, ez, oraindik ez. Aukera izan nuen behin, Bartzelonan egin nuen lehen formakuntzan. Baina, ez, ez naiz joan, eta, oraingoz, ez dut hara joateko asmo handirik. Baina, batek jakin!
Duela ia hogei urte, zure jaioterritik jauzi eginda etorri zinen Euskal Herrira. Hona etortzearekin batera ekin al zenion yoga irakasteari?
Bartzelonan hasi nintzen klaseak ematen, baina hona etorri nintzenean ekin nion batez ere irakasle jardunari. Donostiako Yoga Sadhanan egin nuen formakuntza, eta bestelako ekarpenak ezagutzeko aukera eman zidan, Bartzelonakoa tradizioari estuago lotuta baitzegoen. Yoga terapeutikoan ere sakondu nuen, jendearen ondoezetara ondo egokitzen asmatzeko, gorputzaren, adimenaren eta arnasketaren oreka bilatze aldera.
Sei urte daramatzazu Saroben. Zer dute zure klaseek jendeak urtero-urtero errepikatzeko?
Gustura egingo nieke nik galdera hori bera! Ikasle-talde egonkor samarra dut, eta ni etorri aurretik ere bazegoen hori. Erremintak ematen dizkiet, nork bere lasaitasuna bilatzeko. Izan ere, azalean gelditzen gara, arretarik jarri ezean. Kanpora begira bizi gara, presaka, korrika. Kontrara, barrura eramaten zaitu yogak; behin zarata guztia baretuta eta tentsioak askatuta, orduan hasten da yoga. Beti esan ohi dut klasea prestaketa dela.
Beti izango dituzu pentsamenduak joan-etorrian, baina ez zara buruhauste horietan horrenbeste denbora kiribilduko.
Aski aldatzen da bat bi hamarkadatan. Zure klase emateko modua ere zerbaitetan aldatu al da denborarekin?
Klaseak aberasten joan naiz, formakuntzak jaso ahala. Bai buruan, bai gorputzean, desoreka handia dugula nabari dut. Hala, batzuetan hobe da, oso urrutira joan gabe, oinarrira jotzea, gorputz-jarrerak ondo ikastea, luzapenak egitea eta meditazioan sakontzea.
Gorputz mota desberdinek praktikatzen dute yoga zure klaseetan. Nork bere onura topatzen al dio diziplina honi?
Hori da, nork bere burua autoerregulatzen ikasi beharko luke. Baliabideak ere erabiltzen ditugu klaseetan (kuxinak, zintak...), ariketak behar bezala egiteko, bakoitzaren beharrei erreparatuta, tentsioa zein minak kendu eta oreka bilatzeko xedez. Egoten ikasteko aukera da: egon eta kito, kulturalki ez baitzaigu atseden hartzen uzten.
Meditazioa, gorputzaren mugimendu leunak, arnasketak… Pultsua egiten dio yogak makina bat estimuluz betetako egungo errealitate azeleratuari.
Mantso joan behar dugu batzuetan, esperientziarik ez badago. Horregatik da garrantzitsua niretzat modu progresiboan egitea lanketa: "Urduri nago", ikustea, eta onartzea, baina lasaitasunetik. Funtsa berdina izango den arren, hori bizitzeko ikuspegia aldatu egingo delako.
"Nola nago? Zein gorputz-jarrera dut? Zein tentsio? Nola daude nire emozioak?"... Bakoitzak bere burua miatzea da yoga egitea, eta topatzen den hori balioztatzea.
Geldotasun hori aurkitzeko bidean, pisu handia hartzen du isiltasunak.
Oasia da yoga, gehiegizko estimuluz eta zarataz bizi garen honetan. Energia jaitsi egiten da klaseko atea gurutzatzen duzunean, eta isiltasuna areagotu, ez baitaukagu isiltasunez inguratuta egoteko aukera handirik, egun. Ongizatea bilatzeko, pentsamendu eta egoteko modu berriak ereitea da gakoa, kanpora begirako estimuluekin harremantzean, armonia senti dezagun. Hainbeste deskonektatu gara geure buruarengandik, non berriro gure esentziara hurbiltzeko beharra baitugu.
Sarobetik aterata, zein leku du yogak zure bizitzan?
Ahalegintzen naiz yogak ematen didan begirada hori ez galtzen, norberaren perspektiba ez galtzeko, erreaktibotasuna saihesteko. “Nola harremantzen naiz nire buruarekin? Nola, inguratzen nautenekin?”. Horri erreparatzen saiatzen naiz. Inportantea da orainean bizitzea, arreta lantzea alegia, harrikoa egiten ari banaiz, harrikoa egiten ari naiz, eta gero gerokoak. Egun, geroz eta zailagoa da hori egitea.
Hector Leal lagun, Nidra saioa egin zenuten, joan den ikasturtea amaitzeko. Zertan datza yogaren praktika jakin horrek?
Gorputz-jarrerari jaramon eginda, erlaxazio-egoera sakona sortzen laguntzen duen yogaren erreminta klasikoa da, ahots bat gidari dela. Oso aspaldiko musika-instrumentuak ekarri zituen Hectorrek: diapasoia, tibetar ontziak, Armeniako flauta, krotaloa... Gainera, horrez gain, landareen aldaketa bioelektrikoekin egiten du lan. Landareari eta ordenagailuari konektatutako elektrodo batzuekin, soinua ateratzen dio landareari. Hori guztia erabili genuen klase emateko eta ikasturtea ixteko.
Ikasturte berriari begira, udatik bueltan indarrak batuta itzuli al zara?
Gogo handiz nabil, bai! Oparia da niretzat honetan lan egin ahal izatea, jende zoragarriz inguratuta, gainera. Asko estimulatzen nau nire lanak, eta oso esker onekoa da jendea. Finean, nork bere bidea, bere tokia aurki dezake yogan.