Marrazteko eta bertsotan aritzeko teknika menderatzea garrantzitsua da, baina talentua ere eduki behar da. Bi ogibide horietan, behintzat, seguru. Zure bizibidea hortik doa, marraztetik eta kantatzetik.
Bai. Ume-umetatik marrazten ibili naiz. Eskolako txikitako oroitzapen guztietan, esaterako, marrazten ari naiz. Eta, gero, etxean, anaia hasi zen bertsotan eta ekin genion oso kontziente izan gabe. Eskolarteko txapelketetan ondo samar ibiltzen ginen bi anaiak eta tarte handia hartu zuen bertsolaritzak nire bizitzan. Bestalde, Arte Ederrak ikastera joan nintzen Bilbora. Bertsotan jarraitzen dut, ez asteroko jendaurreko saioekin, eta marrazten geroz eta gehiago. Nire bizitzan berriz ere tokia hartzen hasi da. Olatu bat jaitsi denean, bestea beste igo da. Hor nabil, bien artean.
Aiurrin eta tokiko hedabide askotan argitaratzen da zure komiki-tira, "Txokotik zabalera" izenekoa; GarbiÒe Ubedak urteetan egin zuen lanari segida eman dio. Komiki-tira egiteak badu, hein batean, bertsolaritzarekin lotura. Bi-hiru kolpetan zerbait kontatu behar baita.
Bai, lotura handia du. Komiki-tira, bertsoarekin alderatuta, sorkuntza aldetik luzeagoa da. Diferentzia dago bertsotan feedbacka edo erreakzioa momentukoa dela, eta horren arabera egiten duzun hori moldatu egin daiteke. Badakizulako unean bertan egindakoaren irribarrea, txaloa, txistua, edozer gauza etorriko dela. Komikian distantzia handiagoa hartzen duzu erreakzio horrekin, onerako eta txarrerako.
Karikaturak egitea, bestalde, oso gustuko duzu; karikaturan, berriz, ñabardurak garrantzi handikoak dira.
Jendaurrean, sare sozialetan zabaltzen hasi nintzen. Garai hartakoak oso fisikoak ziren, oso ezaugarri fisikoei lotuta. Bestalde, bertigo pixka bat eman zidan, ez baitakizu pertsona horrek zein harreman duen bere irudiarekin. Eta bueno, kontuz ibili behar da. Orain, gehiago saiatzen naiz pertsona horren barruan arakatzen eta haren esentzia transmititzen. Karikaturekin eboluzionatzeko gogoa badut, eta eskaerak jasotzen ditudanean orain dela hamar urte egiten nuena eskatzen didate. Badut borrokatxo bat. Eboluzionatzeko gogo bat badut, baina eskaerak garai batekoak dira.
Eskaera horiek lagunei opariak egiteko izaten dira?
Bulego batean lan egiten dut, beste batzuekin partekatuta, eta, erdi-txantxetan edo, Gipuzkoa erdia egin ote dudan adierazi zidaten. Saskibaloi talde bateko jokalariak marrazteko eskaera da jaso dudan azkena. Hamabost mutil gazte marraztu nituen. Horrelako lanak izaten ditut askotan.
Komiki-liburu bat egitea ere zer den badakizu. Anaiarekin batera egin zenuen "Bidea da borroka". Erronka da horri eustea; konplexuagoa dirudi. Mundu oso bat eraiki behar da. Beste lanetan ez duzun bertigoa sentitu zenuen, orduan?
Bertigo handia eman zidan, bai. Bertsotan ibili naizelako edo, epe luzeko lanek bertigo handia beti eman didate. Epeak bete behar direlako.
Epeak betetzeari diozu beldurra?
Badakit iritsiko naizela; nola da asuntoa. Ondo planifikatu behar da, gero korrika eta presaka ez ibiltzeko. Esan dut komiki-tirak eta bertsoak antz handia dutela, boteprontoan egunean bertan egiten den zerbait delako. Komiki-liburuaren kasuan, ez. Garai hartan, gainera, nire ogibidea ez zen marrazkigintza. Ez nuen soldata hortik ateratzen. Eguneko ordu gehienak beste lan batean ematen nituen, eta txarrenak utzi nituen marrazketarako. Oso ilunpean, oso bakarrik, ordu asko eskaini nizkion lan horri. Gustura pasatutako orduak, baina oso bakarrik, eta ez dakizu zer pasako den. Lan horretan eman duzu urte eta erdi, 110 orrialde marrazten, eta jendeak zer esango ote duen, beldur hori sortzen da. Bertsotan egiten duzun hori txalotu egiten dizute. Eta hau diferentea zen. Astunagoa da, ez nago ohituta, baina, bueno, esperientzia oso positiboa izan zen, eta eta bigarrena egitekotan gara bi anaiak.
Horrelako lan mardul baten ondoren liburua hona ekarriko banizu, zer pasako litzaizuke burutik?
Gaizki pasatzen dut. Oso kritikoa naiz nire iraganarekin, baita oso iragan hurbilarekin ere. Baina bertsotan ere berdina pasatzen zait. Niri jartzen didazu Euskal Herriko Txapelketan bota nuen bertso bat eta lotsa pasatuko nuke. Kostatzen zait nire marrazkiak ikustea, eta, bertsoen kasuan, neure burua ikusi eta entzutea ere kosta egiten zait.
Heldu diezaiogun bertsolaritzari; Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren atarikoa, herriz herri egiten aritu dira. Bertsozale Elkarteak irudiari garrantzi handia eman dio. Aurtengo irudia zurea da.
Helduen bertso eskolaren 50. urteurrena da, eta hori eraman nahi nuen iruditara. Efemeridea aipatu zidatenean, segituan etorri zitzaidan irudi bat burura. Uztapide ageri da orduko bertso eskolako gazteekin. Gainera, argazkiari erreparatuta, berehala identifikatzen ditugu: Xabier Euzkitze, Anatx urnietarra, Felix IÒurrategi, Jon Sarasua, Arantzazu Loidi... Argazki hori neukan buruan, eta hortik tiraka osatu nuen. Nahieran egiteko libre utzi ninduten, eta hori oso eskertzekoa da. Ez da beti aukera izaten, eta oso gustura geratu naiz egin dudan irudi horrekin. Sinplifikazio-lan bat da, karikaturak dira, baina estetika zehatza jarraituz. Gipuzkoako Txapelketan erabiliko duten irudia ere nik egindakoa izango da.
Eta bertan zuk abestuko duzu.
Halaxe da; ea zenbat saiotan kantatzen dugun.
Dagoeneko prestatzen ari zara? Eta norekin?
Azkenaldian, Jon Altuna Añorgako gaztea atera da Gipuzkoa Bertsotan txapelketan. Harekin aritu naiz, sparring lanetan. Hasi gara, pixkanaka. Dudan pena da ez dudala txapelketarik inoiz prestatu, esaten den moduan, koadernoko lanarekin. Emaitza eta norberari ematen diona baino gehiago, niretzat garrantzitsuena da lagunartean elkartu, bertsotan egin lasai eta kantatuta joatea txapelketara. Eta horrekin gustura.
Adinean gora joaten garenean bada artistikoki edo lanean sinplifikatzeko joera. Eta lehiarako badago halako urruntzea edo beldurra. Presio erantsia sortu dizu lehiatzeak garai batean horrenbesteraino eragingo ez zizuna?
Umetan, eskola kirolean hasita, sekula ez nintzen batere lehiakorra izan. Badut nire egoa eta ahal dudan ondoen egin nahi dut, jendaurrekoa delako, gainera. Baina ez naiz inoiz obsesionatu. Orain, txapelketara ailegatuko naiz 36 urterekin, bi ume txikirekin etxean, eta bertsolaritzari ezin eskaini horrelako txapelketa batek eskatzen dituen orduak. Txapelketan parte hartzeko garaian, horregatik egin nuen zalantza. Merezi al du hainbeste eskaintzea? Eta beste guztiari kentzea? Askotan, sufritzeko ere izaten da. Ikusten dut azkeneko txapelketa gertu dagoela. Hau ez baldin bada... Iruditzen ibilbide bat ixteko garai ona dela. Gainera, beste diskurtso batzuk, beste bertsolari batzuk askoz erakargarriagoak eta askoz indartsuagoak dira, nire ustez, gu baino. Iruditzen zait pauso bat atzera egiteko garaia gertu dagoela.
Hori bai, txapelketa honetan aritzeko gogoa badut. Beste urte batzuetan, zer esan behar horrekin beldurrez aritu nintzen. Iruditzen zait orain garbiago daukadala zer kontatu nahi dudan, zer kantatu nahi dudan. Nirea egitera joango naiz.
Anaiarekin batera egin zenuen komiki-liburuaren izenburua aintzat hartuta, bidea da borroka, ezta? Jarraituko duzula, alegia, bietan.
Bai, bai. Eta ahal dudan bitartean horretan segituko dut, eta orain tokatzen zait batzuetan lan-marko zabaleko lanak egitea, jende askorengana iritsi daitezkeenak, Euskal Herri mailan argitaratzen diren lanak baitira. Edo kantatzea. Eta hori bukatzen denean jarraituko dut nire komunitateari edo komunitateei kantatzen. Uste dut bietan jarraituko dudala; nori marrazten eta kantatzen ez dakit, baina bietan jarraituko dut.
Zorterik onena, batean zein bestean.
Eskerrik asko.