Urnietako AEK-k abian du 2024-2025 ikasturteko matrikulazio epea

Urnietako AEK 2024ko ira. 11a, 09:46

2024-2025 ikasturtea hasi berri da eta aurten ere Urnietako AEK-k euskara ikasteko edo hobetzeko aukera emango die herritarrei. Korrikan Urnietako kaleak harrotasunez bete ondoren, orain euskaltegiak betetzeko garaia da.

Euskaltegiak euskara ikasteko leku erosoak izatea nahi dugu, eta guregana etortzen diren guztiei hainbat esparrutan euskaraz eroso aritzeko tresnak eman nahi dizkiegu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…

Ohi bezala, eskaintza zabala dugu Urnietako AEKn. Batetik, maila guztietako, eta ikasleen beharretara egokitutako klaseak ditugu: etorri euskaltegira, deitu edo idatzi, eta kontatu zuk zer behar duzun. Goizetan, eguerditan ala arratsaldetan ematen ditugu eskolak.

Azpimarratzekoa iruditzen zaigu, gure helburu nagusia euskalduntzea izanik, aurten dirulaguntza berezia izango dutela
euskara ikasteko lehen pausoak eman nahi dituztenek, eta euskaltegietara etortzera animatu nahi ditugu: bidelagun izango gaituzte euskararen bidean, beren bizitzetarako praktikoa izan dadin, hasieratik.

Iazko moduan, C1 mailako titulua eskuratzeko ikastaroa egin nahi duten 16-18 urte arteko gaztetxoek ere dirulaguntza izango dute horretarako, eta prest ditugu haientzako ordutegi eta programazio bereziak.

Bestetik, klaseez gain, hainbat egitasmo praktiko ditugu. Zilegi eskolekin jarraituko dugu, askotariko gaiei buruzko ikastaroen
bidez ikasleak eta herritarrak euskaraz nahasteko. Mintzalagun egitasmoa ere izango dugu, euskara eroso erabili nahi duten urnietarrek horretarako aukera izan dezaten.

Urnietako Udalak diruz laguntzen ditu Urnietako AEK-k antolatutako ikastaro guztiak. Informazio gehiago nahi izanez gero, euskaltegira etorri, deitu edo idatzi. Matrikulazio epea irekita egongo da irailaren 26ra arte. Zuen zain gaude! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!