Padel-txapelketa eta paella-jate solidarioa, Abay Etiopiarekin elkartasunez

Aiurri 2024ko ira. 11a, 10:01

Elkartasun keinua izan du London hizkuntza-akademiak Abay Etiopia Gobernuz Kanpoko Erakundearekin: padel-txapelketa eta paella-jate solidarioa izango dira herrian hilaren 21ean, Walmaran (Etiopia) eguzki-energiaz funtzionatuko duen putzu bat sortzeko dirua biltzeko xedez.

Aipaturiko proiektu horrek komunitatean "eragin nabarmena" izango duela adierazi du Gobernuz Kanpoko Erakundeak: "Ur garbirako hurbileko sarbidea bermatzean, herriko haurrek egunero ura lortzeko kilometro luzerik egin behar ez izaten lagunduko diegu, horrela eskolara joan ahal izango dute". 

Padel-txapelketa

Goizeko 9:00etatik aurrera jokatuko da Urnietako udal kiroldegian eta antolatzaileek adierazi dutenez maila guztiei begirako hitzordua izango da. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu izena ematean eta ongi-etorri poltsa jasoko du opari. 

Elkartasun bazkaria

Musika lagun, padelean jokatu nahi ez dutenek ere izango dute zer gozatua. Izan ere, Basque Culinary Centerreko ikasleek prestatutako paellaz gozatzeko aukera izango da 13:00etatik aurrera, Zubitxo plazan. Jada, eskuragarri daude sarrerak, 10 euroko kostuan, Guria zein Matxo tabernetan eta London hizkuntza-akademian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!