Prest dira urnietarrak Mielaren etorrerarako

Aiurri 2024ko ira. 16a, 17:35

Hemen dira, badatoz: ofizialki, irailaren 27tik 30era bitarte izango dira aurten Sanmielak, nahiz eta bezperako egunetan ere izango den zer ospatua. Jai-giroan murgiltzen hasteko, eragile zein elkarteekin batera osatu duten festen egitarauaren aurkezpena egin du Urnietako Udalak, gaur goizean, Urnietako Udaletxean. Bertan izan dira, besteak beste, Jorge Segurado alkatea, Ana Pozas Kultur zinegotzia eta Ainhoa Ostolaza Berdintasun zinegotzia. 

Aurten, Habitantes de Innsmouth rol jokoen elkarteak botako du jaien hasierako txupinazoa, bere ibilbidearen 30. urteurrenean: “Urte hauetan guztietan, lan bikaina egin du interpretazio-modalitate hori sustatzeko”, adierazi zuen kultur zinegotziak, “gainera, herriko dinamika sozial eta kulturaletan murgilduta dago”. Hala, Mielaren jaitsierarekin batera hasiko da jaia herrian, adin guztiei begirako egitarau biribilarekin. 

Musika eta jana

Festen hasierako su-ziriak hilaren 27an botako diren arren, bezperan, ostegunean bertan ekingo diote Sanmielei urnietarrek, kuttuneko ohitura bihurtu den txosnaguneko tortilla-lehiaketarekin eta ondorengo kontzertuekin. Hori horrela, iraileko azken asteburuan ere makina bat musika-talde igoko da oholtza gainera, bai Plazido Muxikako txosnagunean, bai San Juan plazan: Steady Rockets, Mutiko, La Otra Oreja de Van Gogh, Arrixku, Olgetan, Goxuan Salsa… 


Elkarteek eta eragileek antolaturiko bazkari eta afari herrikoiak ere nabarmendu ditu Pozasek. Ostiralean, Txosna Batzordeak antolaturiko afaria izango da Plazido Muxikan; nork bere afaria eman beharko du etxetik. Larunbatean, bestalde, hiru bazkari izango dira herrian: batetik, paella-jatea izango da San Juan plazan, Berdeak, L@as Vintages eta Etxeberri plazako auzo elkarteak antolatuta (txartelak, salgai, 2KN kafetegian eta Guria tabernan). Bestetik, emakume kuadrillen bazkaria izango da Oianume jatetxean. Azkenik, urteroko herri bazkaria antolatu du Txosna Batzordeak, txosnagunean bertan. Igandeari begira, halaber, mahaiaren bueltan biltzeko otordu gehiago antolatu dituzte eragileek: nagusien bazkaria izango da, Denda Berrik antolatuta, Oianumen. Era berean, kantu-bazkaria egingo du Manttale elkarteak, txosnagunean, Gaztelumendi anaien eskutik (txartelak, salgai, 2KN kafetegian eta Matxo tabernan, 24ra arte).

Kirol-jarduerek ere garrantzia izango dute irailaren 28an, Kuadrillen Egunean: helduen eta haurren esku pilotako txapelketen finalak izango dira, goizean, Kontzejupean. Jarraian, eguerdiko 12:00etan hiru hitzordu izango dira; hamaiketakoa Elkarteen Etxean, Olinpiar Jokoen Ginkana, kuadrillen lehen kalejira Pasai txarangarekin. Gainera, arratsaldetik hasita, gauera bitarte, danbor hotsez beteko ditu kaleak Urdanborrek. 

Asteburu luzeagoa

Beranduago hasita, baina beranduago bukatuta. Irailaren 29an, igandean, jarraipena izango du ospakizunak: Juanma Zarranzi egingo zaio omenaldia, besteak beste, “urte luzez herriko kulturari eta gazteriari egin dion ekarpen guztiagatik”. Horrela, haur danborrada, Txanbolin Txistulari Bandak Egape Dantza Taldearekin batera emango duen kontzertua, herri kirolak eta beste makina bat hitzorduk osatuko dute asteburu amaiera. 

Bada, aipaturiko guztia nahikoa ez eta hilaren 30ean, astelehenarekin, Haurren Eguna ospatuko da Urnietan, Alkate Txiekien izendapenarekin hasita: aurten, Oier Villar eta Joanne Cid urnietarrei tokatu zaie umeei zuzenduriko ekintzez betetako egunari hasiera ematea.  Azkenik, astelehen iluntze partean, agur esango diote Mielari herritarrek, zezen suzkoaren zein amaierako trakaren laguntzaz. 

“Jai parekide eta berdinzaleak”

Prentsaurrekoan, Ostolaza zinegotziak hartu du hitza, Udalak “jai parekide eta berdinzaleak sustatzeko konpromisoa” duela berresteko asmoz: “Ez da inolako eraso matxistarik edo arrazistarik onartuko, eta horien aurrean irmotasunez erantzungo da beharrezko neurriak hartuz”. Hala, informazio eta arreta gunea ipiniko dira, ondorengo egun eta orduetan:

  • Irailak 27: Gaztelekua 23:00-4:00
  • Irailak 28: Gaztelekua 23:00-4:00

Trafikoan aldaketak

Aldatu egin ohi da trafikoa Sanmielek irauten duten bitartean. Eta, aurten ere, aldaketaren bat edo beste egongo da. Hasteko Plazido Muxikako aparkalekua itxita egongo da 20tik 30era bitarte, bertan kokatuko baitira txosnak. Errekalde kaleko aparkalekua berriz, irailak 25 eta urriak 1 bitartean itxita egongo da, barraken ondorioz.

Idiazabal kaleari dagokionean, irailak 27-29 bitartean Itxaspe paretik Kandela tabernaren pareraino itxi egingo da. Bestalde, Etxeberriko biribilgunetik San Juan plazara doan trafikoa Maximo Yurramendi kalera bideratuko da. Arantzubi aldetik San Juan plaza itxita egongo da, San Juan 11 parean. Eta, Azkorte kalerako sarrera, Geltoki kaletik egin beharko da behetik gora.

Horren ondorioz, aldaketak izango dira, modu berean, autobus-zerbitzuan. Idiazabal kalean mozketak irauten duten bitartean bi autobus geltoki egongo dira: Elkarteen etxearen ondoko biribilgunean eta Ermotegiko Langardako biribilgune berrian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!