Aurtengo ekitaldia herriko festak bete-betean direla antolatu da, irailaren 26rako, osteguna, arratseko 7retan. Sarrera doakoa izango da, eta aretoko gaitasuna mugatua denez, komeni izena ematea Saroben bertan, azken orduko ezustekoak saiheste aldera.
Ohiko legez, eskaintza aberatsarekin dator Mendi Tourra Urnietara. Bost ekoizpen eskainiko dira guztira, eta horietatik lau euskal ekoizleek sortutakoak dira. ‘Canto Rodado’ da laburrena, 6 minutukoa, eta Ekhi Alde zuzendari hernaniarrak zuzendu du. Fabio Purroy argazkilari nafarra da protagonista, eta argazkilaritza, erreka arrantza, eta slow-life delakoa ditu ardatz.
Mikel Sarasola kayaker donostiar ezagunaren abenturek ere lekua izango dute aurten herrian, 10 minutuko ‘Zerbait Aldatu da’ ekoizpenean. Pirinioetako Ara ibaiaren sorburua esploratu eta klima aldaketaz hausnarketa egiten du Sarasolak, ur lasterretako piraguismoaren bitartez. Julen Elorza zuzendari arrasatearra ere aski ezaguna egin da Zegama-Aizkorriko laburpen bideoak egiteagatik, eta ‘La Gara’ 15 minutuko aurkezpena osatu du. Italiako Kima mendi lasterketa erakusten du Elorzak, Hillary Gerardi korrikalariaren soslaia lantzeaz gain. Jakina, trail running-a, mendiko maratoiei buruzkoa da Elorzaren lana.
‘Oinez’ ekoizpena Hernaniko Bira Produkzioak ekoizpen etxearen lana da, eta Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2023-ekimenaren bidez garatutako proiektua da, euskaraz. Xenda zaletasuna du hizpide 18 minutuko ekoizpenak.
Menua bostetan ekoizpen luzeenarekin itxiko da: ‘Captains On el Cap’, 54 minutuko pelikula. Seb Berthe eskalatzaile belgikarrak The Dawn Wall bidea egitea du helburu, Yosemiteko El Capitan horman (Kalifornia, AEB). Karbono arrastoa murriztu eta aldi berean bidaiari abentura puntua emate aldera, neska-mutil koadrila batu eta itsasoz zeharkatuko dute Atlantikoa (Tarragonatik Mexikora). Ondoren, auto-karabana zahar batean egingo dituzte handik Yosemite Natur Parkerainokoak. Eskaladari buruzko pelikula da, noski.
Mendi Film-eko Mendi Tourra hazten ari da etengabe
Aurtengo zenbakiak ikusgarriak izango dira: 33 hiri edo herritan egon dira dagoeneko, ia 10.000 ikusle batzeraino. Mendiko zinema ibiltariaren garrantziaz jabetzeko, esan Urnietakoaren segidan beste hiri hauetara egingo duela bisita Mendi Tourrak: Madril, Kanaria Handia, Burgos, Leon, Salamanca, Getaria, Markina-Xemein, Santander... hamazortzi bat egoitza gehiago azarora bitarte, eta tartean geltoki berri bat: Andoain. Mendi Tourrak geltokia egingo du lehen aldiz bertan. Datorren azaroaren 19an izango da, Bastero Kulturgunean.