Nagore Brelek aurkeztu du ekitaldia, eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Nekane Orkaizagirre dantzariak, Eneko Sierra musikariak, Irati Zinkunegi eta Eider Manterola txalapartariek hartu dute parte.
Nagore Brelek, besteak beste, 1993eko irailera, atzera joan du bertsio ofiziala gezurtatzeko, “Barne Ministerioko bertsio ofizialak berezko heriotza izan zen zela esan zuen. Familiari, telegrama bidez eman zioten zure heriotzaren berri, Gurutze. Lau hitz gordin, anker, gupidagabeak. Senarra zenuen Julen Irastorzak, bere begiekin ikusi zuen. Entzun. Bere larruan jasan zuek sufritu zenuena. Zure heriotzaren egunean utzi zuten aske, axolagabe, azalpenik deus gabe. Egun gorri-latz haietan gertatu zena badakigu. Antoniok, Xabik, Izaskunek, Jose Antoniok, Begok, Xopik, Ramonek edo Eukenek, esaterako. Haien salaketak lekuko”.
Jaurlaritzari zuzendutako aldarrikapenak
Bestalde, Xabier Olaran EH Bilduko zinegotziak eta 1982an talde parapolizialek hil zuten Pablo Garaialderen alaba Pilar Garaialdek Egiari Zor elkartearen izenean hartu dute hitza.
Pilar Garaialdek, aitormen ofiziala eskatu du Gurutze Iantzirentzat, “Ezingo genuke beste emaitzarik ulertu Gurutzeren kasurako. Izan ere, harekin batera, Guardia Zibilaren operazio hartan beste 19 lagun atxilotu zituzten; denek salatu zituzten torturak, denek. Horietako batzuk, berriki, torturaren biktima gisa ere aitortu dituzte ofizialki. Inork imajina dezake Gurutzeri beste tratu bat eman ziotela, gainerako atxilotuek jaso zutenetik bereizia? Tratu egokiago eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubidearekin lotuagoa? Gaur plaza honetan laguntzen diogunok, ez. Argi dugu besteek jasa zuten kalbario bera jasan zuela”.
Garaialde, osatu berri den Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio, eta honako aldarrikapena egin dio: “espero dugu legegintzaldi hau “aitortzaren legegintzaldia” izatea, eta, horretarako, premiazkoa da hainbat gai martxan jartzea, luzamendu gehiagorik gabe, hala nola: 12/2016 aitortza-legearen eskaera berriak izapidetzeko, epe berri bat zabaltzea, Legea bera garatzeari ekitea eta erreparazio neurriak parekatzea, eta, Estatuaren indarkeriaren biktimen egunaren oroitzapena urteko egutegian finkatzea”.