Hamarkada pasatxo egin beharra dago atzera salto Mirail taldearen hastapenekin topo egiteko. Musikarekiko zaletasunak bildu zituen, nerabe zirela, Martin Barrientos, Jon Iturbe, Iñigo Labat, John Sanchez eta Julen Sarasua urnietarrak. Bada, uzta oparoa utzi du behin etxeko garajean hasi zuten bideak. Iragan abuztuan eman zuten argitara su-txikian ontzen ari diren diskoaren lehen zertzelada, “Hodeiak”.
Hilabete igaro da, gutxi gorabehera, zuen lehen singlea kaleratu zenutenetik. Bihotza beteta omen daukazue.
Izugarrizko harrera ona jaso zuen abestiak. 2022 aldean hasi genuen proiektua, modu informalean. Azken finean, betidanik izan gara herriko lagunak, musika gustu antzekoekin. Entseatzen hasi ginen, Saroben, denbora-pasa moduan, elkartu eta zer edo zer egiten genuen. Hasieran, bertsioak egiten genituen, baina, denborarekin, horri forma ematen hasi ginen, eta, egia esan, ilusio handiarekin atera genuen abestia. Horrela, martxan jarri dugu pixka bat denbora honetan guztian bueltaka izan duguna eta oso ona izan da jendearen partetik jasotako erantzuna. Motibazioa eman digu horrek, aurrera begira.
“Nahi ta ezin” moduan ikusi izan zaituztegu jotzen. Orain, “Mirail” izenarekin ekin diozue bideari. Zer dela eta aldaketa?
Lehenengo aldiz, DBHn ginela elkartu ginen, duela hamabi bat urte edo. "Nahi ta ezin" zuen izena taldeak, eta Julenen garajean elkartzen ginen. Ez zuen proiektu formarik, guztiok genuen musika gustuko, besterik ez. Hori izan zen musikarekin edukitako lehen harremana. Gerora, nork bere bidea hartu zuen eta, handik urte batzuetara, berriro batu ginen, lagunartean, modu informalean. Horrela, lehenago erabilitako izena berreskuratu genuen. Abestiak konposatu heinean etorri zen aldaketa, zerbait txukuna egin nahi baikenuen. Horregatik, "Nahi ta ezin" izena iraganarekin lotzen genuen eta beste norabide bat hartzera gindoazela ikusita, zaharkituta gelditu zitzaigun. Bestelako amu bat behar genuen, buruari eragin eta izen berri bati eutsi. Bakoitzak bere hausnarketa egin zuen eta guztiok ikusten genuen aldaketa behar zela, proiektua ez baitzen berbera. Izena aldatzeak ere sinbolikoki norabide aldaketa irudikatzen zuen.
Zergatik "mirail"?
Proposamen-zerrenda luzea genuen. "Mirail"-ek Ipar Euskal Herrian, "ispilu, isla" esan nahi du. Belarriarentzat atsegina da hitza bera eta esanahiak jokoa ematen zigun. Egia da izena atera zenean, guztiak ginela nahiko konforme, ginenaren isla ere irudika zezakeelako taldearen izenak.
Irratian, sare sozialetan… Behin baino gehiagotan entzun da, jada, “Hodeiak”. Nola ari zarete bizitzen abestia egiten ari den bidea?
Ezin sinetsi gabiltza pixka bat, oraindik. Abestia igo genuenean, oporretan ginen gutako batzuk. Gaueko 00:00etan igo genuen eta goizeko 02:00etan logelan ginen ea zenbat entzule izan zituen ikusten, zenbat erreprodukzio... Ilusioa sentitzen dugu eta, oraindik, ez dugu normaltasunez hartzen. Errespetu pixka bat ere ematen du musika-plataformetan sartu eta gure izena ikusteak.
Urnietan, gure identitatearen oso elementu garrantzitsua izan da musika. Herrian bertan jaso dugun zerbait da, eskolan, lagun artean, herriko kontzertuetan, musika-eskolan... Musika mundua Urnietagatik ezagutzen dugu, nahiz eta, gerora, nork bere norabidea hartu ondoren ibilbide horretan. Urnietako musika-ekosisteman eragin nahi dugu, orain, etxeko musika egin, herrian aztarna uzteko.
Urnietako irudiak agertzen dira abestiaren bideoklipean, eta zuen lagun-taldeko bat edo beste ere bai. Etxean eta xumetik ekoiztutako proiektua al da?
Aipatzekoa da Julenek egindako lana, bideoklipa homemade izan delako, goitik behera, eta orduak eta orduak eman ditu editatzen. Zerbait erraza egin nahi genuen, naturala: kamara hartu, gidoirik gabe, eta Urnietako txoko ezberdinetan geure burua filmatu. Soinuari eman diogu, kasu honetan, garrantzia, eta horretan utzi dugu dirua. Bideoari dagokionez, bai, xumetik egin nahi genuen, ez baita izugarrizko jakintza behar zerbait sortzeko. Garrantzitsua zen lehen abestia irudi bidez ere aurkeztea, belarrietatik ez ezik begietatik ere sartzeko.
Abiapuntuan, Noisestudioa izan duzue bidelagun.
Orokorrean, oso gustura egon gara. Ez genuen elkar ezagutzen eta Iñigoren arrebaren bitartez iritsi ginen Zarautzera. Oihanekin harremanetan jarri eta gure proiektua azaldu genion. Berunezko oinekin gerturatu ginen bertara, eta, gure ustez, bera ere horrela zegoen, hasiera batean, gurekin, ez baitzekien zein asmorekin jo genuen beregana. Oso ondo ulertu dugu elkar, lehen egunetik. Erraztasun pila eman dizkigu eta asko murgildu da proiektuan. Etxean bezala sentitu gara eta oso garrantzitsua da hori, ordu pila ematen dituzulako bertan sartuta.
Ahots sintetizadorea gehitu diozue zuen doinuei. Euskal Herriko musika-testuinguruan geroz eta gehiago erabiltzen den baliabidea da.
Eztabaida izan genuen, "auto-tune bai, auto-tune ez". Hori ere mahaigaineratu genuen, "bai, baino... ez, baino...". Azkenean, guztion artean adostasun puntu batera iritsita, beste erreminta bat dela erabaki genuen, ahotsari kolorea emateko. Betiere oreka bilatzen ahalegindu gara eta uste dugu asmatu dugula gure musikan txertatzen.
Musikaren testuinguruan mugarri izan den baliabidea delakoan gara: mundu guztiak ez daki abesten, edo ez du eduki abesten ikasteko aukera. Horrela, ahotsean teknika izan ez arren, barruko ideia horiek kantuan lurreratzeko modua da. Bere garaian, punkak distortsiorako joera hartu zuen, perfekziora iritsi behar izan gabe. Horrela, arrakala horri erantzuten dio, musika munduan sartzeko jauzia errazagoa bihurtzeko.
Euskaraz zein gaztelaniaz abesten duzue “Hodeiak” kantuan. Artista askoren lanetan ikusten da azken boladan hori. Zergatik hautua?
Bost gara taldean, eta bakoitzak bere joerak ditu. Baina guztia ematen dugu eztabaidara eta sintonian egoten ahalegintzen gara. Julen da letragilea eta buruan zituen ideiak etorri bezala idatzi ditu, batzuk euskaraz, batzuk gaztelaniaz, lagun artean aritzen den moduan. Ez da A ala B, bi hizkuntzetan pentsatzen du eta bi hizkuntzak darabilzki. Euskaraz daude idatzita, nagusiki, eta, gaztelaniaz, zertzeladaren bat edo beste sartu diegu abestiei. Sentimenduak adierazteko egiten dugu musika, guretzat egiten dugu eta hori da isla erreala. Euskal musikagintzan mugitu nahi dugu, garbi daukagu hori, hor baikaude eroso eta horren aldeko hautua egiten dugu, baina geure buruari muga jarri gabe, ideien jarioa ez eteteko.
“Ea herri txiki honetan hasitakoa noraino bultza dezakegun”, zenioten zuen sare sozialetan, abestia kaleratu zenutenean. Noraino iritsi nahiko zenukete?
Ez diogu gure buruari galdetu, ez eta mugarik jarri ere. Lagunen artean bizi nahi dugu esperientzia berria, Euskal Herrian kontzertuak eman, jendeak gure musika entzun dezan. Gauzak ondo egin nahi ditugu, denbora hartu, presarik gabe, emaitzarekin asetuta sentitzeko. Iritsi dadila merezi duen tokira, guk, bitartean, bideaz gozatu nahi dugu eta.
Lagunak zarete aspalditik. Konplizitate hori nabaritzen al duzue musika sortzean?
Sanmieletan, orain pare bat urte, hiru bat kanta jo genituen. Gutako batzuen lehen aldia zen oholtza gainean eta segurtasuna ematen zigun lagunen artean egoteak, babestuta sentitzen ginen. Oso polita da oholtzara igo aurreko momentua: elkartu eta animoak eman elkarri. Horrela, beste gorputz batekin igotzen zara taula gainera. Lagunak izanagatik elkartu gara gu, eta aitzakia eman digu, era berean, elkarrekin denbora partekatzeko. Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta asko errazten ditu gauzak horrek, ondokoaren indarguneen zein ahulguneen jakitun garelako.
Zuen lanaren pintzelkada bat bota duzue, soilik. Noiz ikusiko du argia diskoak?
Datozen asteetan, pare bat kanta kaleratuko ditugu. Paraleloki ere kanta berriak sortzen hasi gara. Ez dakigu, zehazki, zenbat abesti izango dituen, baina datorren urtearen erdialde aldera-edo diskoa kaleratzeko asmoa dugu. Kontzertuak prestatzen hasiko gara, bien bitartean.
Ekoizpen-prozesuaren erdian harrapatu zaituzte Sanmielen etorrerak. Aurten ezin izango bada ere, begiz jota duzuen oholtza al da Urnietako txosnagunea?
Jakina! Gogo handiz gabiltza gure herrian jotzeko, eta egiten ari garena erakusteko. Datak harrapatu gaitu eta penaz gabiltza, baina datorren urteko Sanmieletan kontzertu ederra emateko moduan izango gara. Mereziko du itxaronaldiak. Plaza polita izango litzateke Urnieta, lagunengandik gertu. Gainera, bereziak zaizkigu Sanmielak; egutegian gorriz marratzen ditugun egunak dira. Betidanik gustatu izan zaigu, gainera, Sanmieletan herriko taldeak oholtza gainera igotzen ikustea, Cohenen garaian, esaterako.
Gogotsu al zabiltzate festetarako?
Beti dago gogoa Urnietako festetarako! Herri-giroan, txosnan eta musikaz inguratuta... Ezin gehiago eskatu! Aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko aitzakia ematen dute festek, baita parranda herrian egiteko ere.