Asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata eta igandea. Bost eguneko egitarau biribila antolatu du aurtengo Sanmieletan Urnietako Txosna Batzordeak, hain justu ere, Poxta Zahar elkarteak, Mugimendu Sozialistak, Jardunek eta UKE Eskubaloiak.
Txupinazo alternatiboarekin eta herriko produktuen dastaketarekin ekin zioten jai-giroari asteazken iluntzean. Hala, haurtzaroko ipuinetako pertsonaiez beteko da txosnagunea ostegunean, patata-tortilla lehiaketarekin batera. Urtero, gertuko artistak igo ohi dira oholtzara egun horretan. Bada, aurten, musika elektronikoak hartuko du gaua, hiru DJ izango baitira taularen gainean: Karlos Salvatrutxa (tekno-punk session), DJ Revu eta DJ Achucarro.
Astia emango die ordu luzez festa egiten dutenei, ostiralean, atseden hartzeko, arratsaldeko 18:00tan hasiko baitira irailaren 27ko hitzorduak txosnagunean; jolasen ondoren, oilasko-jateaz gozatuko dute herritarrek. Gaueko 23:00tan, berriz, musikaren txanda izango da: Mutiko, Steady Rockets, Streetwise eta DJ Gio artistek girotuko dute gaua.
Eguneko parrandari eutsiko diote, berriz, larunbatean, goizean goizetik kalera ateratzeko aitzakia jarri baitu Txosna Batzordeak: 12:00tan poteoa izango da, Matxo tabernatik abiatuta. Jarraian, urteroko herri bazkari jendetsua egongo da, bingo musikatuarekin batera. Malatxo txarangaren ostean, Arrixku, Olgetan erromeria eta DJ Xala musikariek itxiko dute San Miel jaien egun handiaren egitaraua.
Festa-giroa egun bat gehiago luzatu nahian, "elizako galaz" jantzita aterako dira txosneroak kalera igandean, arratsaldeko bingoaz eta kontzertuez gozatzeko: Bombadil eta Lilith Selektah.