"Denon artean kantatzeko bertso-sorta aukeratu dugu"

Aiurri 2024ko ira. 28a, 08:00

Manttale elkarteak kantu-bazkaria antolatu du eta bertan Gaztelumendi anaiak izango dira gonbidatu bereziak. Haiekin batera ariko da Beñat Antxustegi musikaria.

"Bertso zaharrak eta berriak Urnietari jarriak" izenburupean, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak kantuan ariko dira Manttale euskaltzaleen elkarteak antolatu duen kantu-bazkarian. Igandean izango da Txosnagunean, eguerdiko 14:00tan hasita. San Miel eguneko hitzordua iritsi aurretik, Unai Gaztelumendik diseinatu duen afitxak zeresana eman du. Argazki-muntaia da, zeinean Txirrita eta Saiburu bertsolariak azaltzen diren argazki ezagunean Beñat eta Unairen aurpegiak txertatu dituen. Bikaina da muntaia.

Beñat Gaztelumendiri elkarrizketa

 

Zer da igandean bertsozaleak topatuko duena? Zein errepertorio prestatu duzue?

Iganderako pentsatu duguna ez da Unai eta bion emanaldi bat, biak ere ez garelako bereziki kantari luzituak. Buruan duguna da denon artean kantatzeko bertso-sorta batzuk aukeratzea, eta aitzakia on bat bazkaloste atsegin bat pasatzeko. Oinarrian, urnietarrek jarritako bertsoak edo Urnietarekin edo Urnietari jarritakoak izango dira. Sorpresaren bat ere emateko asmoa badaukagu. Hori aurretik ez dugu iragarriko. Finean, herriari eta herritik jarritako bertsoak izango dira abestuko ditugunak.

Ezin esan kartela bitxia ez denik. Zein izan zen zure lehen inpresioa hura ikustean?

Anaia artista izateak horrelako gauzak dauzka, bat-batean horrelako sorpresak hartzen direla eta, egia esan, susto txikia hartu nuen neure burua Txirritaren gorputzean ikusita. Eta, tira, ez naiz sare sozialetan asko ibiltzen, baina jakin dut kartelak zeresana eman duela. Jende dezentek galdetu digu ea zer egiteko asmotan gabiltzan. Beraz, kartelak bere lehendabiziko funtzioa ondo bete du. Gero, batzuetan, espektatibak sortzen dira eta aurrikuspenak ez betetzearen kezka ere izaten da. Baina, beno, hasieran izan nuen susto txiki hori eta, aldi berean, kartelak bere funtzioa bete duela ikusita, argi dago kartela bera jolasaren parte izango dela.

Akaso jendeak pentsatuko du mozorrotuko zaretela. Hala izango da?

Ez, ez. Ez dugu mozorrotzeko inongo asmorik. Garen bezala azalduko gara edo behintzat jendaurrean ateratzen garenean bezala, garenetik ahal den gertuen dagoen itxurarekin agertuko gara. Sorpresak bertsotan eta testuetan egongo dira, ez hainbeste gure itxuran.

Ez ohiko saioak motibagarriak dira zuentzat?

Horrelako saioak motibagarriak dira, bai. Aparteko lan bat eskatzen dutelako betiko eremutik atera eta bestelako bertsokeran aritzera behartuko gaituelako. Kasu honetan, adibidez, urnietarren bertsotan arakatzen ibili gara, edo Urnietatik jarritako bertsotan. Bilaketa horretan perla asko aurki daitezke. Den-denak ez dira eramateko modukoak izango, baina bilaketa lana polita izaten ari da guretzat. Batez ere, bertsolari baino gehiago bertsozale garelako eta betiere horrelako perlak aurkitzea pizgarri direlako. Are gehiago, udazkena txapelketa garaia izanik, bertsokera karratuetara lerratuta egoten gara. Bat-batean hortik atera eta bestelako zerbait asmatzea… Egia esan, arnasaldi ederra da guretzat. Tira, normalean baino urduriago jarriko gara dakigunetik harago doan zerbait egin behar denean. Horregatik guztiagatik motibagarria da Urnietako saioa. Prestaketa lanetan, behintzat, gustura ari gara. Ia igandekoa entseguetan sentitutakoa bezain atsegina izaten den.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!