“Katuen superpopulazioa zegoen Urnietan, gu sortu ginenean”

Aiurri 2024ko urr. 4a, 08:02

Katuekin lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea da Katuamets. Pozarren agertu dira, festetako txekor-jate solidarioan irabazitako dirua beraientzat izango dela jakitean.

Zerk bultzatu zizuen elkartea martxan jartzera?

Hutsetik hasi ginen, orain dela zortzi urte, 2016an. Hasiera batean, 20 bat pertsona bildu ginen, guztiak herrikoak. Dena dela, urteen poderioz, geroz eta jende gutxiago izaten hasi ginen taldean. Izan ere, lan boluntarioa da, konpromisoa zein ardura eskatzen ditu, eta gure poltsikotik diru mordoxka uzten dugu. Lan gogorra da katuak zaintzea eta ez du mundu guztiak balio ikusten dugun guztia ikusteko. Gaur egun, nik eta nire senarrak kudeatzen dugu dena.

Ahaztu egiten zaigu katuak ere hor daudela. Gaizki daudenean, gainera, ezkutatu egiten dira, ez ditugu ikusi ere egiten. Inork jaramonik egin ezean, parasitoak izaten dituzte kaleko katuek, ez dituzte txertoak jarrita eta ez dute albaitaritza-zerbitzurik. Horrez gain, katuen superpopulazioa zegoen Urnietan, gu sortu ginenean. Herrian, gutxi gora-behera, zazpi elikadura-puntu ezberdinak ditugu eta bada jendea katuei jaten emateko. Azken horien rola oso garrantzitsua da, haiei esker baitakigu zein baldintzatan bizi diren kaleko katuak.

Zein da zuen egunerokoa elkartean?

Ez dago egunerokoa zehaztuta, beharren arabera egiten baitugu lan. CER metodologiarekin egiten dugu lan: harrapatu, esterilizatu eta koloniara itzuli. Katu eme bat, bataz beste, hiru aldiz erditzen bada urtean, eta aldiro lauzpabost kume izaten baditu, biderkatu egiten da populazioa. Beraz, osasun-kontua ere bada populazioaren kontrola. Gorozkiek, sexu-harremanek, borrokek eta abarrek eragindako gaixotasun asko dago. Estaltzeko sena kentzen badiezu, zirkulua asko murrizten duzu. Kolonia batzuk oso kontrolatuta daude, baina bada oraindik katuak kalean uzten dituenik, abandonatuta. Hortaz, kontrolpean? Ezinezkoa.

Belarrian marka bat daramate gure eskuetatik igarotako katuek, bai arrek, bai emeek, ebakuntza egin zaiela jakiteko. Behin artatuta, kalera itzultzen ditugu. Baldintzak betetzen dituztenak adopzioan ematen ditugu. Herriko katu guztiak erroldatuta daude, eta historiala dute irekita, bai kaleko katuek bai adopzioan ematen ditugunak: orotara, 800 bat katu bizi dira herrian. Kolonian mugitu ohi dira. Bada, talde batean zaharrak hil egiten badira eta kumerik jaiotzen ez baldin bada, kopurua jaisten da. Orduan, beste leku batzuetatik etortzen dira katuak eta kolonia hori birpopulatzen dute.

Orain dela gutxi arte, etxean izan ditugu arreta behar zuten katuak. Urnietako Udalak lokal bat utzi digu materiala gordetzeko (eramaileak, kaiolak...) eta katuak izateko. Nolanahi ere, jaioberriak direnean etxean izatea dut gustuko, sozializatzeko eta gizakiekin egotera ohitu daitezen, adoptatuak izan aurretik.

Garbiketa zorrotza izan behar dugu, infekzioak eta gaixotasunen transmisioa ekiditeko. Hartzen ditugun katu guztiei panleukopenia azterketa egiten zaie, oso hilkorra baita gazteen kasuan. Isolamendua behar duten katuak lokalera eramaten ditugu. Bestela, etxean. Abisuak pasa izan dizkigutenean eutanasiak ere ipini ditugu. Ez da erraza, negar asko ere egin izan dugu.

Herria lasai dagoenean egiten dugu lan, hau da, gauean. Gainera, katuak ere ilun dagoenean atera ohi dira ehizan. Garbitu, jaten eman, sendagaiak eman... Asko eta asko barruko nahiz kanpoko parasitoekin iristen zaizkigu, pneumoniarekin, begiak gorrituta, kolpatuta, ahuleriarekin... Sendatu egiten ditugu adopziorako. Kalera itzuli behar ditugunak, berriz: emeak bizpahiru egun izaten ditugu gurekin; arrak, egun bakarra.

Zein irizpide erabiltzen duzue katuak adopzioan emateko edo kalera itzultzeko?

Katuaren izaeraren arabera izaten da. Adibidez, katua hartu eta gurekin izaten dugu denbora-tarte zehatz bat. Egun horietan ez bada ukitzen uzten, kalera eramaten dugu bueltan. Horrenbeste urteren ondoren, erraz identifikatzen ditugu.

“Abandonu” hitza aipatu duzu. Denboraren joanarekin aldaketarik egon al da jendeak kalean uzten dituen katuen kopuruari erreparatuta?

Adopzio mailak nabarmenki egin zuen gora pandemiaren garaian. Ikaragarria izan zen. Lege berria sartu da indarrean, eta, txakurren antzera, mikrotxipatuta, bakunatuta zein parasitorik gabe eta zikiratuta egon behar dira. Hori dela eta, abandonu gehiago ikusi ditugu, ardura baitakar lege berriak eta jendeak ez du beregain hartu nahi. Luzera begira, berez, kalean utzitako katu-kopurua jaitsiko delakoan naiz, katua duenak kontzientziaz hartuko baitu etxean animalia.

Behin artatuta eta kalera itzuliko dela erabakita, zergatik da garrantzitsua katua erreskatatu duzuen leku berean uztea?

Horrela izan behar du, bai ala bai. Katu bati ezin diozu koloniaz aldatu, beti toki berera itzuli behar du.

Nola maneiatzen dituzue portaera zailak edo traumak dituzten katuen kasuak?

Kamikaze samarrak gara... Eskua sartu eta barrura. Egia da eskularru bereziak ditugula, lanerako. Esperientziak ere laguntzen du, abila izan behar zara. Garraiatzaileetatik, kaiola handiago batera eraman ohi ditugu eta, behin kaiolako atea irekita, itxaron egiten dugu, nahi duenean atera dadin katua. Haginkadaren bat edo beste jaso izan dugu, bai.

Antibiotikoak ditugu etxean eta iritsi bezala kentzen dizkiogu parasitoak. Alegia, etxean egiten dugu “erreskatea”. Egoeraren arabera, albaitariari deitzen diogu. Hiru zentro ditugu begiz jota: Larratxon egin ohi ditugu antzutzeak; Urnietako albaitarian, mikrotxipak eta kontsulta arinak egiten ditugu. Egoera itsusi samar ipintzen denean, ostera, Oriora eramaten dugu katua, Urrumara. Orain hiru hamarkadatik ezagutzen dugu elkar.

Astebetean, esaterako, zenbat  gautan atera ohi zarete kalera?

Elkartearen lehenengo urtean, astean lauzpabost bider ateratzen ginen, hankaz gora baitzegoen herria. Orain, egoera lasaiago egonda, ahal dugun bezala moldatzen gara, nork bere bizitza pertsonala ere baduelako. Abisuak ere jasotzen ditugu, beste kide batzuen partetik. Horrela, momentuan, ezin badut, ahalik eta azkarren egiten ahalegintzen naiz, biharamunean edo.

Momentu honetan, ba al duzue katurik etxean?

Batzuk, bai…! Bi katu paralitiko izan ditugu, eutanasiatzera zihoazelako eta ez genuelako nahi hori gertatzerik. Beste katu batzuek ez duten sena pizten zaie paralisiarekin. Orain kateme bat daukagu arazo neuronalekin: jaten irakatsi genion, lau hilabete bete arte ura eman behar izan genion, edaten ez zekielako... Gezurra badirudi ere, armonia ona dago etxean. Gu ere oso lasaiak gara.

Zaila izaten al da kalean aurkitutako katuei etxea topatzea?

Urtetik urtera, aldatu egiten da. Batzuetan, ez dizu inork deitzen, eta, beste egun batzuetan, lau katu eman dituzu adopzioan egun berean. Arraroa izaten ari da aurtengo kasua, lehen aipatu dizudan lege berriaren ondorioz. 70-100 adopzio egiten ditugu urtebetean, gutxi gorabehera. Katu kumeak etxean ditut eta, bestela, bitartean, gure zentroan egoten dira.

Aipatutako guztiak diru kostua du. Nola finantzatu zuen elkartea?

Dohaintzetatik bizi gara, guk gure poltsikotik jartzen dugunetik eta Urnietako Udalak ematen digun diru-laguntza batetik. Apur bat eskasa da, beti behar izaten baitira mantak, kaiolak, garraiolariak, pentsua, harea... Egia da Udala duela bi urtetik kontzientziatuago dagoela. Berez, Udala da udalerrian dauden katu guztien arduraduna. Edo, bestela, enpresa edo elkarteren bat kontratatu behar du kudeaketaz arduratzeko. 2017tik lokal bat aritu gara eskatzen; aurtengo ekainean lortu dugu.

Zer egin kalean ondoezik dagoen katu bat aurkituz gero?

Bi aukera daude: edo elkartearen zenbakira deitu (613187159), edo Udaltzaingoari. Ondoren, beraiek gurekin jarriko lirateke harremanetan.

Zer egin behar da zuen elkarteko boluntario izateko?

Boluntario izateko hamaika modu dago. Oso ondo datorkigu albaitarira katuak eramateko prest dagoen jendea, lokaleko katuez zaintzeko, gauean kalera ateratzeko, harrera etxeak… Ardura handia dakar gure eginbeharrak, nahiz eta gustura egin.

Zein aholku emango zenioke lehen aldiz katu bat hartzeko asmoa duen pertsona bati?

Kolorea, tamaina, adina... Beti esan ohi dut, ez garela irizpide horietan jausi behar; katuaren izaerari erreparatu behar zaio, baita adopzioan eramango duen pertsonaren beharrei, konpromisoari eta eskarmentuari ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!