Aurtengo Sanmiel jaiak eta Arrosarioko Ama Birjinaren jaiak giro ederrean eta herritarren parte-hartze onarekin ospatu dira. Festetako ostiral arratsaldean eta larunbat goizean euriak ez zuen gehiegi lagundu, baina hala ere, jendearen gogoa lagun jai giroa nagusitu zen erraldoi eta buruhandiekin, elektrotxarangaren erritmoarekin eta gaueko kontzertuetako doinuekin. Gainerako egun eta momentuetan eguraldi ona izan zen eta prestaturiko ekintzak normaltasunez aurrera eraman ahal izan ziren.
Aipamen berezia merezi dute asteburuan egin ziren bazkari herrikoiek, elkarte antolatzaileek egindako lan bikainari esker.
Nabarmentzekoa da, halaber, San Joan plazan eta txosna-gunean eskaini ziren mota guztietako kontzertuetan izan zen giro ona.
Urriko lehen asteburuan ospakizunek jarraipena izan dute Arrosarioko Ama Birjinaren ohorezko jaiekin eta Baserritarren egunarekin. Bi egun hauetan herritarrek jarduera ugariz gozatzeko aukera izan dute.
Bestalde, aipatu behar da jaiak errespetuzko giroan garatu direla, eta zorionez, ez dela gorabehera larririk erregistratu.
Jarduera horiek guztiak prestatu eta burutzeko ezinbestekoa izan da Jai Batzordeak eta herriko elkarteek egindako lana. Udalak zorionak eman nahi dizkie egindako lan bikainagatik, eta elkarlanean jarraitzeko gonbita egin nahi die, guztion artean ahalik eta jai anitzenak, inklusiboenak eta aberatsenak antolatzen jarraitzeko.
Halaber, gogoratu Urnietan jai giroak ez duela etenik eta astelehenean hasi zirela Xoxoka auzoko jaiak. Beraz, udalerriko bizilagunak auzoko elkarteak antolatutako egitarau politera hurbildu eta horretaz gozatzera animatzen ditugu.