Zuen egonaldiaren ekuatorean gara. Zer moduz doa asteburua?
Sentsazio politak bildu genituen atzo, oso eroso egon baikinen ikuskizunean. Harrera beroa jaso dute gure dantzariek, ikus-entzuleen partetik, txalo-zaparradak entzun baitziren emanaldiaren erdian. Oso ondo joan zen ikuskizuna, eta baita ondorengo ospakizuna ere. Egin ohi dugunetik aski urruntzen den pieza da, eta, askotan, errespetua ematen digu, baina publikoak oso ondo konektatu zuen. Gaur goizekoan, ostera, tradizioari eutsiko diogu.
Kutsu garaikideko mugimenduak txertatzen dizkiozue oinarri tradizionalei. Oreka bilatu al duzue horren ezberdinak diren dantzatzeko bi moduen artean?
Betidanik egin izan dugu dantza tradizionala. Baina, orain pare bat urte, proiektu berri bati ekin genion. Jauzi handia eman genuen, orduantxe: dantza garaikideko eta urbanoko koreografo batekin ipini ginen harremanetan, ikuskizun berri bat ontzeko. Mugimendu tradizionalen nahiz garaikideen erdibidean zen kokatzekoa, hasiera batean, proiektua, nahiz eta azken emaitzak mugimendu modernoagoetara jo. Kosta egin zitzaien dantzariei aldaketa egitea, pausu tradizionalak deseraiki behar baitzituzten, nolabait, beste mugimendu batzuk txertatzeko. Elkarren arteko konexioa landu zuten sakonki, baita gorputz jarreraren gainean hausnartu ere. Gogorra bezain interesgarria izan zen ariketa.
Zenbat dantzarik osatzen duzue Esbart Rocasagna?
Talde handiarekin etorri gara Urnietara: guztira, 30 dantzari dira, nahiz eta hona, soilik, 23 etorri. Gaur egun, oso talde gaztea da, aurten 14 gazte igo direlako taldera dantza-eskolatik. 17 eta 27 urte bitarte dituzte taldekideek. Gelidako gazteak dira gehienbat, taldean, nahiz eta, oso tarteka, inguruko baten bat ere etorri.
Harrobi sendoa duzue, hortaz.
Bai, bai, jakina! Harribitxia dugu. 90 kide ditugu, oraintxe bertan, 4 eta 17 urte bitartekoak eta, beteranoen taldean, 30 kide. Helduen taldea ere badugu, baina maiztasun txikiagoarekin biltzen dira, dantza egin bitartean, ondo pasatzeko, batik bat.
50 urtekoko ibilbidea du taldeak. Euskal Herrira etortzen zareten lehen aldia al da?
Proiektu txiki bat zen, sorreran, 1967an. Pixkanaka, egonkortzen joan da, gaurdaino. Garrantzi handiko entitatea bilakatu da. Eta, bai, Euskal Herrira gatozen lehen aldia dela esango nuke. Bidaia mordoxka egin dugu: Galiza, Asturias, Aragoi, Kanariar Uharteak, Valentzia, Balear uharteak... Bide beretik nazioarteko zenbait jaialditan ere izan gara: Bulgaria, Frantzia, Jugoslavia... Joan den urtean ezagutu genuen elkar, Aukeran Dantza Konpainiaren bidez. Horregatik etorri gara asteburuan Urnietara.
Kasualitate ederra, hortaz, zuen antzeko filosofia duen Egape Dantza Taldearekin topo egin izana.
Bat-bateko maitemina izan genuen Aukeran Dantza Konpainiarekin Manresan, egia esan. Eta horrela gertatu zitzaigun atzo ere, Egapeko dantzarien ikuskizunarekin. Are gehiago, 2025eko ekainean datozenean, zenbait tailer egitea bururatu zaigu, gure arteko elkartrukea sustatze aldera. Oso gustura sentitu gara eta oso goian jarri digute langa!