Mulixkora bisita gidatua, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan

Aiurri 2024ko urr. 14a, 11:00

Mulixkora bisita gidatua izango da, larunbat honetan,  Ondarearen Europako Jardunaldien harira: “Muniskue! Gure kulturaren lotunea!”. Goizeko 10:00etan egingo dute hitzordua mendizaleek Besadegiko elkargunean. Euskaraz zein gaztelaniaz emango dira azalpenak eta izen-ematea doakoa izan arren, aurretik egin beharko da: 943008000 zein 943008033 deituta edo merkataritzaurnieta@urnieta.eus helbide elektronikora idatzita. 

Europako kultura-ondarearen aberastasunaren eta aniztasunaren gaineko sentsibilizazioa da jardunaldiaren helburua, "kulturen arteko elkarrizketa" eta "ondare komunaren babesa" sustatzeko asmoz. Egun, 50 herrialdek hartzen dute parte Europa osoan. 

Hitzorduaren laburpena

Jentilak euskal mitologiako pertsonaiak ziren, kobazuloetan ezkutatuta, mendietan bizi zirenak. Indar neurrigabea zutenez, harkaitz handiak jaurtitzen zituzten urrutiko lekuetara, hala nola jolasteko, eta, batzuetan, “kristauak” beldurtzeko. Urnietan hilerri bat dago, eta bertan lurperatu zituzten segur aski azken jentilak. Proposamen honekin, jentilen hilerriraino bidaiatu nahi dugu, gure iragana orainaldiarekin non lotzen den eta gure kultura non loratzen den ezagutzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!