12 urterekin, Irungo La Salle kongregazioan sartu zen, Xabier bezala. Bertan, bi urte egin zituen, eta, San Asension beste hainbeste egin ondoren, Irunera itzuli zen. Garai hartan, beste askoren antzera, Valladoliden errebalidako azterketa eginda eskuratu zuen maisu titulua. Fraile izateari 17 urterekin utzi zion, eta Bilboko Lauro ikastolara joan zen, bere anaiak utzitako lekua betetzera. Handik, Bartzelonara, auzo txiro batera; eskuzabala zen Ixidro. Barrenak eskatzen zion modura, jendearen ezina eta ahulezia iraultzen saiatu zen. Eta jendeak maite zuen... Baina bere herrira itzuli zen, besteak beste soldaduska egin beharra zuelako. Kritikoa zen edozein autoritarismorekin, eta ez zen samurra izan garai hura.
Ixidro 1975. urtean itzuli zen bere herrira, eta Larramendi ikastolan eman zituen klaseak ikasturte hartan. Bertan ezagutu zituen Urnietako Egapeko ikasleak, herriko ikastolan ezin zituztelako 6. 7. eta 8. mailak egin. Maria Pilar Iriondok, urte askoan Egapeko idazkari izandakoak, Urnietako Egapera joatea proposatu zion, eta halaxe egin zuen. 1976-1977 ikasturtean, 2. eta 3. mailetako tutore izan zen, eta horrela, jubilatu bitarteko garaia Egapen eman zuen.
Ixidro, “gure Ixidro” bihurtu zen ikasle eta irakasleentzat, irakasle “zelebre” eta “xelebrea” aldi berean, zorrotza eta maitakorra aldi berean; txuria edo beltza, Òabardurek ez zuten lekurik beretzat, inor axolagabe uzten ez duen horietakoa zen bera.
Hogeita hamairu urte inguru egin zituen Urnietako ikastolan, eta zorrotza zen bere buruarekin eta besteekin, maite zuen irakaskuntza eta maite zituen ikasleak. Elizondo zinema azpian (gaurko Sarobe) eman zituen lehen klaseak, harik eta eraikuntza berria gauzatu zen arte. Mobilete batean etortzen zen, jator, egunero lanera, eta eraikuntza berrian logela bat ere izan zuen hasiera batean. Elektronikarekin, mekanikarekin eta eskulanarekin lotura zuen guztia gustukoa zuen eta Galileo izeneko proiektuaren arduraduna izan zen. Egapeko txikien eraikineko eraikuntzaren arduraduna ere izan zen, eta bere anaia Estanisen ferreteriara laguntzera joan behar ez zuen udara guztiak ikastolan pasatzen zituen pintatzen, altzariak mugitzen…
Beti lanean.
Juerga ere gustuko zuen. Nork ez ditu gogoratzen inauterietako mozorroak, fraide moduan jantzita, buruhezur bat buruan zuela, punkiz mobiletean…? Artista zen. Hemen ikasle ohi batzuen kontakizuna: “Ixidro maisua oso serioa genuen klasean, baina handik kanpora parranda ere gustatzen zitzaion. Sanmielak hituan, eta urte hartan Ixidro festak antolatzen eta firin-faran ibili huan. Sanmielak bukatu, eta lehen klasea Euskara genian, Juxtorekin. Ixidroren kontua atera huan eta denon artean bertso bat osatzea proposatu zian norbaitek. Hurrengo klasea, Matematika, Ixidrorekin; han sartu huan serio demonio, eta han kantatu genion:
Buenos dÌas “Ixidro” jauna
Ipurditik zintzilik galtzak
Aspaldi hontan janak dituzu
Gure baratzeko azak
Ardoa edanda eiten dituzu
Izugarrizko balantzak
Sanmieletan ikusi zaitut
musuka lurrari plazan"
Egia esan, kafeari botatzen zion ttantta kenduta, ez zuen ezertxo ere edaten
Eskuzabala zen Elorza maisua, ingurukoei lagunduz ondo sentitzen zena. Burugorra ere bazen, hartutako erabakiez ez zen inoiz damutzen. "Zer moduz, Ixidro?" galdetutako guztietan, "oso ondo" izaten zen haren erantzuna, ondo egon ala ez.
Egape Ikastola bere bizitzaren muina izan zen, jubilatu zen arte. Andoainen urte batzuk pasatu, eta zerbaiten falta balu bezala, Urnietara itzuli zen, bere ikasle izandako Ainhoaren pentsiora, zelatari, ikastolatik ehun metrotara.
Herriarekiko lotura ez zen hor moztu, zeren eta ikastola utzi ondoren ere antzezle moduan aritu baitzen Urnietako historia taularatu zuten hiru ikuskizunetan: Marizulo, Urnieta 59 eta 1936, azken hori Gerra Zibilaren gainekoa. Ixidrok bazuen antzezteko dohaina, eta haren paperak ez ziren nolanahikoak izaten; horren adibide, Erdi Aroko inkisidorearena azpimarratzekoa da.
Uztailaren 26an utzi bagintuen ere, datorren ostegunean, hilak 24, egingo dugu elizkizuna, 19:00etan, Urnietan. Gonbidatuta zaudete jaiotzez andoindarra baina bihotzez urnietarra genuen "gure Ixidro" agurtzera.