"Txapas pertsona ezaguna zen askorentzat, etxekoa bezala"

Xabier Lasa 2024ko urr. 19a, 07:00

Joxe Mari Berasategi "Txapas" goenkale telesailan aritu zen hamaika urtez. Arralde herrian kokatu zen telesaila 21 urtez, Joxe Mari eta Martin, Lasa anaien arteko liskarretik hasita, makina bat pertsonaje eta istorioentzat.

30 urte igaro berri dira Goenkale telesaila ETB1ko pantailan lehen aldiz zabaldu zenetik. 1994ko urriaren 3an ikusi ahal izan zen lehen atala, eta 2015eko abenduaren 18an, berriz, kito egin zuen, 3.708. atala, azken atala emititu ostean. Izan ere, ikusle kuotaren gainbehera nabarmena jasan zen, urtez urte: lehenbiziko denboraldietan ehun milatik gora ikusle kuota izatetik, hamar-hamabost mila izatera jaitsi zen.

Arralde herrian kokatu zen telesaila 21 urtez, Joxe Mari eta Martin, Lasa anaien arteko liskarretik hasita, makina bat pertsonaia eta istorioentzat, konta ezin ahala egoera komiko zein dramatikoentzat eduki zuen tokia telesailak, 21 denboraldietan. Joxe Mari Lasa (Mikel Garmendia) eta Maria Luisa Galardiren (Kontxu Odriozola) Boga Boga tabernan bezainbat sekuentzia errodatu ziren Mikel Mendiaraz Pelos (IÒaki Beraetxe) eta Kepa Amutxastegi Txapas-en (Joxe Mari Berasategi) Varsovia tabernan.

Goenkale-ren eskutik 11 urtez euskal etxeetako telebistetan gauero gertuko aurpegia bihurtu zen Joxe Mari Berasategi Iriondorekin (Urnieta, 1964) egin dugu hitzordua Elkarteen Etxeko tabernaren terrazan, telesailaren hasieraren 30. urteurrena aitzakiatzat hartuta.

Nola, noiz… sartu zitzaizun antzerkirako arra?

Lurdes Iriondo izeba nuen. Umea nintzela, sumatuko zuen banuela etorri komikoa, eta pentsatzen dut hark bultzatuko ninduela. Xabier Lete eta biek Buruntza antzerki taldea osatu zuten Urnietan 70ko hamarkadan, eta ni haiekin pozez txoratzen! Urtetan pittin bat aurrera, gogoratzen naiz Gabon Txirrita antzezlanean, kaleko propaganda-banatzaile gisa jarri nindutela.

Eta erabakia hartu, modu profesionalean aritzeko?

OHOko ikasketak Egapen eta Andoaingo Aita Larramendi ikastolan egin ondoren eta Hernaniko institututik igaro ostean, oso argi eduki nuen antzerkigintzatik jo behar zuela nire bizitzak. Horrela, Madrilgo William Layton antzerki laborategira abiatu nintzen, hiru ikasturteko ikasketak egitera. Handik itzulita, Jaurlaritzak Donostian ireki zuen Antzerti arte dramatikoetako eskolan matrikulatu nintzen. Egiazki, Antzerti, ETBren sorreran ekoizten hasi ziren zenbait telesailen harrobi bilakatu zen, eta 90eko hamarkadan barrena, Goenkale-rako ez ezik beste zenbait telekomedietan (64, Bi eta Bat, Jaun eta Jabe) ere parte hartzeko deitu zidaten. Umore ukitukoak ziren denak; Jaun eta Jabe-n, esate batera, ertzain jator bezain katxondo baten papera egiten nuen.

Goenkale-n Txapas pertsonaiaren azalean sartuta aritu zinen urtetan.

Hamaika urte! Oso oroitzapen politak gordetzen ditut bizialdi hartatik. Gogoan dut nola deitu zidan Andu Lertxundik, telesaila hasi eta agudo; proba egin, eta barrura! Nonbait, lehenbizi-lehenbiziko ataletik, aktore printzipalentzat ondo definitu zuten Boga Boga taberna, topagune gisa; gazteagoentzat, berriz, Varsovia taberna jarri zuten, baina, tabernaririk gabe! Hortxe kokatu zuten nik antzeztu beharreko pertsonaia.

Sinpatikoa zen Txapas.

Beti pronto ateraldi umoretsuekin eta ziria sartzeko, hala zen! Goenkale-ko gidoilari-taldeak lan bikaina egiten zuen, baina egoerak eta elkarrizketak egunero osatzea eskatzen zuen telesaila zeukaten eskuartean, eta esango nuke normala izan zela inprobisazio puntu batekin jokatu behar izatea eta pertsonajeak poliki-poliki gorpuzten joatea. Horrela, Txapas-en kasuan, iruditzen zait ukitu fribolo batekin karakterizatu nahi izan zutela hasieran, eta nik proposatuta, nortasun sendoagoa eduki zezan bideratu zutela.     

Urtetan eta ataletan aurrera, telesaileko arduradunek hiru hilabetero aktoreak biltzen gintuztenean, eta gidoiak hurrengo hilabeteetan nondik nora joko zuen azaltzen zigutenean, nik komentatu izan nien Txapas-en inguruan trama sumatzen nuela faltan. Betiko egoera barregarriak eta solasaldi bizi eta informalak sartzen segitzen zuten, eta baita ere, Lutxi bikotea eta biok ume bat adopzioan hartuta jarri gintuzten, trama txikia sortuz horrela. Baina fundamentuzko trama bat deseatzen nuen Txapas-entzat; horretarako prestatuta nengoen behintzat. Kontua da garbi zeukatela rolak nola banatu behar ziren telesailean, eta hori zintzo onartzea zegokigula aktoreei.

Maiz aipatu izan da Txapas-ek Mikel Pelos-ekin edo Lutxi Porrutxo (Itziar Urretabizkaia) bere bikotearekin egiten zituen solasaldiak zeinen naturalak eta biziak ziren; euskara estandarraren eta kolokialaren eredutzat har zitezkeela.

Halako elkarrizketak gidoilarien meritua ziren. Geure aldetik, aktore-lanak graziarekin egiten saiatzen ginen. Ondo ikasten nituen irakurtzeko aurrez pasatzen zizkiguten elkarrizketak, eta Txapas-en larrutan barru-barruraino sartzen saiatzen nintzen.

Hika modurik naturalenean jarduten genuen, eta gozatu ederrak hartzen genituen, egoerak benetan bizitzen ariko bagina bezala; interpretazioarekin bete-betean asmatzen ari ginenaren sentsazioa edukitzen genuen. Egia esan, ohituta nengoen hikan aritzea, hala jardun izan bainuen txikitatik lagunekin eta eskolan. Goenkale-n, gehiago kostatu zitzaidan emakumeekin, izan ere, beti zuka egiteko joera eduki nuen. Eskola polita izan zen niretzat, alde horretatik.

Goenkale-ren ibilbidearen erdian parte hartu ostean, ezkutatu egin zinen halako batean.

Bai, hasi bezala ezkutatu zen nire pertsonajea. Ez zen heriotzarik, hilketarik, ihesaldirik, espetxeratzerik… gertatu Txapas derrepente zergatik desagertu zen azal zezakeena, beste zenbait pertsonajeekin egin zen bezala.

Etxe askotan sartu zinen pantailaren eskutik, gauero-gauero. Nola eraman zenuen pertsona publiko bilakatu izana?

Txapas pertsona ezaguna zen askorentzat, etxekoa bezala, eta iritsi zen une bat gainezka egin zidala fama horrek. Jazarpen-konplexua ere sentitzen hasi nintzen, mundu guztia niri begira balego bezala sentituz. Halako batean, baina, barneratu behar izan nuen telesail ospetsu bateko aktore izateak bere faktura zekarrela, eta alferrik zela jendeari bakean uzteko eskatzea. Onean onartu beharra zegoen. ETBren kontra zerbait kritikatzeko zeukatenak edozein une eta egoeratan hurbiltzen zitzaizkidanean ere, pazientziarekin onartu behar nituela, alegia.

Urteak igaro dira, baina euskal jende askoren oroimenean itsatsita geratu dira Goenkale-ko zenbait pertsonaje; batzuk batik bat, Maria Luisa, Joxe Mari, Gina, Margari, Xatur, Pelos… baita zurea ere.

Txapas ezizena betirako geratu zait, baita Urnietan umetatik ezagutzen nautenen aldetik ere, eta horrek ez dit atzeraka egiten, kontrara baizik. Euskal Herrian edozein tokietan nagoela, maiz etortzen zait jendea betiko lagunen antzera kasu egitera. Halakoetan, pixka bat nahastuta ibiltzen naiz, ez baitakit ezaguna dudan, ala besterik gabe, Goenkale-tik bakarrik identifikatu nauen.   

Batera edo bestera izan, ez dakizu zein hunkigarria izaten den pertsona heldu bat, urreratzen zaizu konfiantza guztiarekin, eta irribarrea ezpainetan duela, esaten dizunean zenbat estimatzen zuten telebistako Txapas. Edo eta hasten zaizkidanean kontatzen, emozionatuta, Goenkale-k ekartzen dizkion oroitzapen politak! Hor hasten zaizkizu kontu-kontari, txikitan, etxean, bere familia osoa, amona eta guzti, nola biltzen zen telebista aurrean afal ostean, Goenkale ikusteko! Erritu hori galdu egin da etxeetan!

Goenkale-z geroztik helduentzat euskarazko fikziorik apenas egin izana salatzen zaio ETBri.

Ez da askorik ekoiztu, egia esanda. Eta ez da izango euskal aktoreen falta dagoelako!

Azken urtetan antzerkigintzan segi izan duzu.

Aktore gisa egin izan ditut lan txikiak han-hemen pelikula ezagunetan, baina ez nahi adina. Suerte handiegirik ez dudala izan, esango nuke. Beharbada, publikoak nigan erreparatzea eragingo lukeen paper distiratsu hori topatu ez izanak ematen dit pena. Nolanahi ere, interpretazioaren munduan segitzeko indarrez sentitzen naiz, horretan ez daukat zalantzarik!

Bestalde, 12 bat urtetan Urnietako haurrekin, helduekin eta jubilatuekin antzerkia landu izan dut, eta oso pozgarria izan da esperientzia hori niretzat. Arau konbentzionaletatik kanpo ibiltzen saiatu naiz, antzerkiaren ikuspegi nahiko pertsonaletik jo dut, eta gustura nago egindako lanarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!