“Indarkeria sufritu duten urnietarrak entzunez. Aitortzarako bideak argitzeko ikaskuntzak” txostena osatu zuten orain hilabete batzuk. Horretarako, erabat “aberatsa eta ikasgarritzat” jotzen duten entzuketa-ariketarik ekin zioten 2019an, Urnietan sufrimendu motaren bat jasan zuten bederatzi pertsonekin.
Txostena argitaratu ostean bizikidetzaren lanketan etapa bat amaiturik, etorkizunean zer egin daitekeen hausnartzeari ekin zion hirukoteak. Horretan, atzera begira jarri, eta bizi izandako esperientzia pertsonala izan dute hizpide, ondorengo erreportajean.
Topaketak, giro gozoan
Herritarren artean sortu izan diren lubakiak kontuan izanda, egin dituzten topaketa edo entzuketa horiek bereziki zaindu egin zituztela nabarmendu du Rosa Elosegik. “Urnietan, leku diskretu eta goxo batean egin genituen topaketa gehien-gehienak. Konfiantzazko giroa sortu nahi izaten genuen, eta hori oso kontuan hartzen zuten. Jakina, herrikideak izatea ere lagungarri egin du guztia; mesfidantza, izatekotan, politikoekin gehiago daukate”.
Goian aipatu txostenean idatzita utzi zutenez, konstatazio bati eutsi zioten hasieratik: “Urnietan, beste hainbat herrietan bezala, askotariko sufrimenduak bizitako pertsonak bizi dira. Bizilagunak izan arren, ordea, askotan ez ditugu ezagutzen sufrimenduzko esperientzia horiek. Beste batzuetan, ezagutu arren ez gara hurbildu geure elkartasuna adieraztera, urteetako indarkeriak eta tentsioek lubakiak sortu baitituzte geure artean”.
Nolanahi ere, hasierako uste hori motz geratu zela aitortu dute hiruek ere, Joxpi Lasak azpimarratu duenez: “Nabarmendu egin zaigu aurrez geneukan pertzepzio hori. Bizi izan dituztenak oraindik ere gordinagoak izan direla konturatu ahal izan gara”.
Elkarrizketatu gehienek harrituta jaso zuten topaketa egiteko proposamena lehenbizi, baina egitasmori buruzko beharrezko azalpenak eman ondoren, eta elkarrizketa eduki ostean batez ere, biziki eskertuta agertu direla ere azpimarratu du Lasak. “Kalean-eta topatzen garenean, sumatzen dugu inor ez dela damutu gurekin elkarrizketa eduki izanagatik, baizik eta estimatzen dutela beren testigantza entzun izana”.
Sentsazio gazi-gozoa
Entzuketa prozesuak utzi dizkien sentsazio eta sentipenengatik galdetuz gero, luze eta zabal jo dezake erantzunak, barru-barruraino sartu baitzaie. Baina bat egiten dute “gazi-gozoa” izan dela erantzuterakoan. “Gertukoa eta eskuzabala izan da herrikide hauek egin diguten harrera. Eskertzekoa da gure proposamenari nola erantzun dioten, beren bizitzak, bizipenak zabaldu baitizkigute, partekatu dituzte gurekin. Hunkigarriak zeharo izan dira guztiak, eta izugarri ikasi dugu; enpatia ariketa polita egiten lagundu digute, besteak beste”, adierazi du Mertxe Estebezek.
Gazia zergatik izan den aipatu du Lasak; “beraiekin entzute ariketa egite hutsa aitormen pribatu xume baten gisa har daiteke. Baina geratzen zaigun uste sendoa da aitormen publikoa falta zaiela. Ekimen hori funtsezko pausoa da justizia jaso dezaten ondoren”.
Urnietan, bide luzea jorratzeko
Aitormen publikoaren arloari tiraka, inguruko herrietara begira jarri da Elosegi: “Andoainen, Lasarte-Orian, Hernanin, Amasa-Villabonan... ikusten dugu giza eskubideen urraketen edo sufrimenduen gaineko mapa egina daukatela. Urnietak hori premiazkoa dauka, memoriaren lanketarekin aurrera segitzeko asmorik baldin badago”.
Elosegik gaineratu duenez, 1936ko gerrari buruz Urnietan egin den lanketak ere zer pentsatua ematen die: “Atera zuten liburua, mardula, baina horretan geratu zen ekimena. Ez da ekitaldi publikorik egin biktimekin geroztik, ez dago tokirik biktimen izenak bildu eta oroituko dituena...”.
Ustezko gabezia horri ekiteko orduan, tresnen falta baino gehiago borondate kontua dela iruditzen zaie. Hala dio Estebezek: “Politikoek eratuta daukate Bizikidetza Mahaia. Baina ez dakigu zein ote den geldikrik egotearen arrazoia: udalgintzan gaia hirugarren edo laugarren mailakotzat jotzen dutelako, alderdien arteko desadostasunak badirelako, gaiak daukan osagai delikatu eta emozionalak paralizatzen dielako, presio sozialik sentitzen ez dutelako...”.
Estebezek gaineratu duenez, “baditugu elkarteak (Aranzadi, Argituz, Baketik...) eskarmentua pilatuta dutenak han-hemen, eta prest daudenak beren ekarpenak egiteko. Guk egindako bidea ere, baliagarri izan daiteke, bere xumetasunean. Azken batean, balioa eman diogu pentsamendu edo mundu desberdinetako jendea biltzeari, elkar entzuteari, hautsitako harremanak berreskuratzeari, eta hori guztia, aurrean duzuna epaitu gabe eta berarekin enpatia sentituz gauzatzeari”.
Presio handiegirik ez, urnietarren aldetik
Bestalde, urnietarren aldetik bizikidetzan murgiltzeko gogo berezik ez dutela sumatzen aitortu du Lasak. “Azken urtetan egin izan dira bizikidetzaren gaineko jardunaldiak, mahai inguruak,antzerki-saioak.... Baina egia da Urnietan, oro har, ez dugula sumatzen aparteko kulturarik gaia lantzeko, ez gizabanakoen aldetik, ez elkarteen aldetik”.
Gaiarekiko apatia hori ez dela Urnietara mugatu behar gogorarazi du Lasak. Euskal Herrian zabaldua dagoela zoritxarrez, Lasak aipatu duen bezala: “ETAk eman zion bukaera bere jardun armatuari, eta, geroztik, badirudi bakean bizi garela eta ez dagoela zertan ezer landu beharrik”.
Estebezek gaia aipatuz gero jende ugariren erreakzioa zein den deskribatu du, “iraganean nahikoa sufritu genuela, familien arteko harreman batzuk hautsi egin zirela, eta aurrera begiratu behar dela, entzuten zaie batzuei. Kasik, 1936ko gerra ostean etxe eta sukalde askotan txikitan entzun izan genuenaren antzera”. Pena sentitu ohi du Lasak halako jarrerak entzun aldiko: “Elkar entzuteko eta enpatizatzeko ariketan eta gainerako memoriarako urratsetan ez bagara ahalegintzen, nekez eraikiko dugu gizarte osasuntsurik”.
Ezkortasun horren gainetik, ekimenei eustearen aldeko mezua zabaldu nahi du hirukoak: “Sekula ez da izango askorengana iritsiko den gaia, baina masa kritikoa txikia mantendu behar da, eta ahal den gehienetan plazaratu. Goiz ala berandu, batzen joango da gutxieneko sentiberatasun daukan herritar hori”.