‘Amaia Agirreren omenezko mendi zine emanaldiak’ ekitaldiak bigarren urtea osatuko du datorren astean, bi emanaldirekin. Datorren azaroaren 13an, asteazkena, Pasang Temba xerpa nepaldar ezaguna izango dugu bisitan Saroben, iluntzeko 19:30an, eta biharamunean, ostegunez, eta ordu berean, Mikel Saez bertaratuko da, Baghirati III erpineko mendebaldeko ertzeko kontakizuna erakusten duen pelikula ikusi ahal izango da.
Pasang Tembak aste batzuk badaramatza dagoeneko Euskal Herrian. Alex Txikon mendizalearen bitartekaritzari esker etorri da gurera. Euskal Mendi Federazioko 100. ekitaldian hartu zuen parte aste batzuk atzera, Gasteizen, Martin Zabaleta alboan zuela. Bi lagun horiek Euskal Herriko ikur bilakatu ziren betirako 1980. urteko maiatzaren 14an, Everest, munduko tontor garaiena igo eta ikurrina jarri baitzuten harro.
Eskalada eta alpinismoan izen askoz handiagoa zuten beste herri askok baino lehenago lortu zuten balentria, eta Euskal Herriko historian urrezko tokia gordeko duen arrakasta izan zen. Garai hartan komunikazioak egungoak baino askoz zailagoak, apalagoak ziren, baina Everest mendira hurbildu zen espedizioak berriak bidali zain izaten zen Euskal Herria. Gailurra egin zutela baieztatu zenean ospakizun itzela izan zen Euskal Herrian, eta garaiko Eusko Jaurlaritzak ere heroi moduan hartu zituen Martin Zabaleta eta bere espedizio kide guztiak.
Pasang Tembak 74 urte ditu egun, eta euskaldun guztion begietan iltzatua geratu den argazkiko protagonista da, bera agertzen baita gailurrean ikurrina batekin, Martin Zabaletak egindako argazkian. Argazki horren inguruan, eta Zanpatuz mendi elkarteko bi kidek egingo dizkioten galderekin solasaldia antolatuko da. Ikusleei ere Pasang Tembari galderak egiteko aukera emango zaie. ‘Agur Everest’ Fernando eta Aitor Larruquert-en pelikula ikusi ahal izango da, 1980. urteko espedizioko hainbat argazkirekin batera. Pelikula horretan igoerako hainbat pasadizo ikus daitezke, irudi hunkigarriak benetan: igoera, jaitsierako herioa, Hego Gailurrean 8.760 metrora pasa zuten gau luzea…
Mikel Saez eta Baghirati
Ostegunean bigarren emanaldi bat eskainiko da, eta Mikel Saez de Urabain ordiziarra izango da protagonista. Baghirati III mendiko mendebaldeko ertzean egindako igoera azalduko du pelikula batekin. Indian dagoen mendia da Baghirati III, eta 6.454 metro ditu. Emanaldiaren ondoren nahi beste galdera egin ahal izango zaizkio protagonistari.