“Ez nago soldata batengatik sufritzen edo arrastaka ibiltzeko prest”

Andoni Urbistondo 2024ko aza. 4a, 07:25

Mikel Iturria Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak 32 urterekin eman du bukatutzat bere txirrindularitza profesionalaren bidea; 11 urtean komeria asko eta poz batzuk izan ditu, Vueltako etapa bat irabazi izana, batez ere.

Lasai sumatzen zaio Mikel Iturriari (Urnieta, 32 urte), erabaki garrantzitsua hartu berri badago ere. Bere bizitzako herena jan dion aktibitatea, txirrindularitza profesionala alboratu du betirako, eta bizitza berrirako prestatzen hasi da. Lasai hartuko du, amaren tabernan ikasi, ikasketaren bati ekin, eta gero gerokoak. Ez pentsa bizikleta sotoan usteltzen utziko duenik, lagunekin lasaiago ibiltzen jarraitzeko asmoa baitu, disfrutatzen.

Osasuna zer moduz? Alta hartu berri duzu, sei hilabete eta gero.

Nahiko ondo, bizitza normala egiten hasita. Orkatilan eta lepoan oraindik arazo txiki batzuk baditut, baina prozesua ondo doa.

Gogorra izan al da prozesu hori?

Luzea izango zela banekien. Momentu onak eta txarrak eduki ditut. Esango nuke orkatilako lesioa ondo eta azkar osatu dela. Lepoarekin arazo gehixeago izan ditut. Hezur dezente hautsi ditut nire kirol ibilbidean, hausturen osatze prozesua ezagutzen dut, baina lepoarekin ezberdina izan da. Gorabeherak izan ditut, eta kosta egin zait lepoa bere lekura eramatea. Oraindik ere ez daukat istripua baino lehen, baina ziur sentitzen naiz bizikleta gainean eta disfrutatzen hasita.

Istripuko irudirik ikusi al duzu, osatze prozesuan zinela?

Ez dago irudirik, baina buruak ondo gordea du kolpearen unea. Askotan ikusi dut erorketa, bizikletan nabilenean batez ere.

Istripuko epaiketa zertan da?

Ez naiz sobera arduratu. Orain denbora gehiago izango dut, eta hasiko naiz arreta gehiago jartzen. Italiako mutil gazte baten kontaktua lortu nuen, aritzen naiz berarekin solasean tarteka, eta hark bai, egoera gogorra: 23 urterekin ibiltzeko komeriekin. Segurtasuna funtsezkoa da guretzat, eta lasterketa hartan motor hark akats larria egin zuen. Ea zer gertatzen den.

Bizitza normala esan duzu, baina zure entrenamenduak ikusi eta aste batzuk atzera 300 kilometroko saioa egin zenuen.

Bai, gustatzen zait urtean behin-edo halakoak egitea. Betiko errepide eta igoeretatik ateratzeko nahiak bultzatuta egin nuen. IruÒean bizi den lagun batek handik Urnietara elkarrekin etorriko ginela esan zidan, eta hala egin nuen. Kostatik Deba bailara osoa, Arabako Lautada, Opakua, Ameskoa, Lizarra, IruÒea, Irurtzun eta etxera. Goizeko lehen argiekin irten eta ilunabarra zela etxera. Txirrindulari naizela sentitzeko egin nuen. Aurrerantzean akaso ez dut halakorik egiteko aukera, denbora edo gaitasunik izango.   

Arreta eman dit diozula bizikletan disfrutatzeko egin zenuela: 10 ordu, 300 kilometro. 20 urte bizikleta gainean daramatzazunean.

Profesionala zarenean zaletasuna ofizio bilakatzen da sarri, eta ez duzu hainbeste disfrutatzen. Ez dut haserre bukatu bizikleta edo txirrindularitzarekin, lagunak eta familia ditut bizikleta zaleak… Zergatik ez haiekin gozatzen jarraitu, ezta? Profesional izan naizenean serieak egin behar nituen, ariketa jakin batzuk, ezin polikiago joan, eta orain ba askatasun gehiago daukat: kirola egiteko, mundua ezagutzeko oso tresna polita da, eta gauzak normal, bizikleta alboan izango dut beti.

Aro bat ixtera zoaz. Txirrindularitza uzteko erabakia hartu duzu.

Ez da aurten hezur mamitu den ideia. Beste urte bat edo bi egiteko gai sentitzen nintzen, baina erorketa larria jasan nuen Italian, eta horrekin Espainiako Vueltan lehiatzeko atea itxi zen. Nire ametsak gauzatzeko ilusioa galdu nuen. 2024an Vueltarik ez, Giroa eta Tourreko ateak itxita aspaldi… 2025ean ere Vueltako ateak itxita izango nituzke, gehitu beste lesio larri bat, motibazioak behera… Puntuen kontuarekin bertako edo urruneko lasterketak korritu beharko nituzke, Txinan edo Malaysian, eta ez nau sobera motibatzen. Ez nago bizitza honetan soldata bategatik sufritzen edo arrastaka ibiltzeko; nire pasioa da txirrindularitza, baina profesional izateko eskaintzarik ere ez dut jaso. Ez nire taldearena, ez beste inorena, eta erabakia hartu dut. Familia, entrenatzailea, fisioarekin hitz egin nuen, eta erabakia hartu.

Lasai sumatzen zaizu erabakiarekin.

Bai, bai. Ohean egun asko eman ditut hanka hautsita, bi, hiru urte barru non ikusten naizen pentsatzen… Hausnartzeko denbora izan dut, eta erabakia jakinarazi nien. Lo egiteko komeriak izan nituen erabakia hartu nuen gauean, baina nire bizitzako heren bat bizikletari lotuta pasa dut, eta normala era bada malko batzuk isurtzea.

11 urte profesionaletan. Atzera begirakoa egin eta zer ikusten duzu?

Kopuru polita da. Txikitan esan izan balidate halakorik egingo nuela, edota profesionaletara iritsiko nintzatekeela… Gainera nahiko tarte txarra egokitu zaidala esango nuke: Euskaltel desagertu, afizionatuetara bueltatu, Euskal Herrian lasterketa asko desagertu ziren… Halere borroka egin dut beti, eta 11 urte irauteak badu meritu. Zerbait ondo egin dudanaren seinale.

11 urte eta ia beti alanbrean, ezin jakin hurrengo urtean jarraitu ahal izango zenuen. Lagundu zaitu horrek erabaki gogor hau hartzerakoan?

Bai, dudarik ez. Kolpeek indartsuago egiten zaituzte. Lehen bi urteak izan ziren gogorrenak, profesionaletan bi urte egin eta kitto… Gero urtebeteko kontratuak… B plana prest izaten duzu, eta orain ere hala izan da.

Badago zure kirol ibilbidean Urdazubi arteko bidea, eta ostekoa? Vueltako etapa irabazi zenuen 2019an, lorpen itzela!

Oihartzuna eduki zuen, mapan jarri ninduen. Etapa garaipena ere berezia izan zen: 25 kilometro bakarrik buruan, tentsio handia, harrapatu egingo nindutela zirudien… Gertukoek zenbat sufritu zuten jakinarazi zidaten, eta akaso ni neu izan nintzen egun hartan gutxien sufritu zuena. Baina egia da, zerbaitegatik ezaguna izango banaiz, egun horregatik izango da. Irailak 4a ez dut inoiz ahaztuko.

Garaipen hark beste ate batzuk irekiko zizkizula pentsatu genuen, koskaren bat igo, baina ez zen posible izan.

Mundu honetan interes asko daude. Gauza askok egin behar dute bat halako jauzi bat emateko, eta ez zen eman. Ni ez naiz oso trebea irabazten, edo ihesaldietan sartzen. Txirrindulari langile moduan ikusi dut nire bidea, eta World Tour mailan lan hori egiteko gaitasuna eduki dudala esango nuke. Etxeko taldeetan moldatu behar izan dut, eta gustura. Nire garaipen handiena ere etxean lortu dut. Donostiako klasikoan ere lehena pasa nintzen Urnietatik, ihesaldian sartuta,eta hori ere polita izan zen niretzat.

Txirrindularitzaren bilakaera ezagutu duzu modu gordinean. Maila ikaragarri hobetu da, eta gazteak egurrean datoz oso gazte.

Pandemia ondoren dena aldatu da. Erritmoa handitu egin da, errekor guztiak hautsi dira Tourrean. Ez batzuk, ziklista askok baizik. Orain ditudan gaitasunekin burutik eta fisikoki %100 egin behar duzu neurria emateko, eta nik zalantzak nituen, batez ere buru aldetik, tropelera bueltatzen nintzenean zer esango ote zidan. Azken urteetan asko sufritu dut errepideetan, gaixorik batzuetan, eta horrela ibiltzeak ez du merezi. 20 urterekin bai, agian, egun ez.

Ez dizute kontratu berritzerik eskaini.

Ez, eta horrek txirrindularitza uzteko erabakia azkartu du. Akaso borrokan segitu behar nuen, beste talderen bat bilatu, baina ez dut indarrik izan.

Arreta ematen du Euskaltel-Euskadik eskaintzarik egin ez izana; Murias taldeak, esaterako, erietxean izter hezurreko haustura osatzen zeundela eskaini zizun kontratu berria.

Hala da, bai. Garai ezberdinak dira, orain neu ere zaharragoa naiz. Murias-ekin nintzenean 25 urte nituen, egun 32… Talde eta enpresa bakoitzak kudeatzen ditu gauza horiek, eta ez daukat zer leporaturik inori.

Bizitza normalaz: kalean lagunekin ikusi zaitugu poteoan, korrika… Nola ari zara egokitzen, dieta zorrotzik gabe, entrenamendu gogorrik gabe?

Gauza ez da asko aldatu. Jarraitzen dut gimnasiora joaten, oinez, bizikletan… Lesioa osatzeko biderik onena hori da. Lehen ezin nuen bazkaltzera edo afaltzera joan lagunekin, orain bai. Moldatuko naiz.

Zer duzu buruan? Zer egingo duzu?

Urtebete lasai hartu, amarekin tabernako ofizioa ikasi pixkanaka (Andoaingo Irrintzi taberna). Ikasteko asmoa badaukat, Lanbide Heziketako zerbait, eta gero gerokoak. Presarik ez daukat, langabezia saria badut, eta ikusiko da. Badaukat ideia bat nondik jo, baina lasai hartuko dut.

Beste zerbait esan nahi duzu?

Eskerrak eman lagundu nauten guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!