Orotara, iraupen luzeko sei apartamentu ditu zerbitzuak: bost, banakakoak eta, bat, partekatua. Alkatearen esanetan, pertsonengan ipini da arreta proiektuaren diseinuan, eta “azken xehetasuneraino, zainketa-eredu berriarekin lerrokatuta dago”. Espazio komunak ere baditu egitasmoak, Seguradok dioenez, bertan bizi diren kideen harremanak sendotzeari begira: “Pertsonak dira ardatz nagusia eta etxean bezala egon daitezen egin da diseinua”. Etxebizitza berriarekin batera, igogailua eraiki da, Idiazabal kalea eta Errekalde kalea lotu eta bai bertan bizi direnek, bai herritarrek erabil dezaten.
Irudia: 83 urte ditu Marina Delera Caballerok eta bertan bizi da.
“Etxean goxo egongo balira bezala”. Ideia berbera azpimarratu nahi izan du Mendozak bisitaldian, haren hitzetan, hori da-eta egitasmoaren premisa, hiru helburu nagusirekin osatuta: komunitatea indartzea, arreta nahiz eskaintza pertsonalizatua eta berrikuntza politikoa: “Lanketa handia egiten da, eta bertan bizi diren pertsonek onura hori ikusi dute. Hobeto daude zainduta eta hobeto sentitzen dira”.