Hasi dira Lasarte-Oriaranzko bidea eraikitzeko lanak

Aiurri 2024ko aza. 12a, 11:43

Urriko Osoko Bilkuran argi berdea jaso ostean, martxan dira Lasarte-Oriaranzko bidea eraikitzeko lanak. Urnietako Udalak adierazi duenez, hasiera batean, obraren kostua "bere gain" hartuko du eta, ondoren, Babiloniako 32 HIE eremuaren jabetzari "jasanaraziko" zaio, "aurretik sinatutako hitzarmenaren arabera". Obrek sei hilabete iraungo dutela aurreikusten da, eta 1.051.094,97 euroko lizitazio-aurrekontua dago horiek egiteko. 

Babiloniari begira dago, gaur egun, Urnietako Udala, izan ere, eremu horren urbanizazioa du xede: "Hilabete honetan, behin betiko onartuko da Urbanizatzeko Ekintza Plana. Hurrengo urratsa Birpartzelazio Proiektua izango da". Hori horrela, bertan, 340 etxebizitza berri eraikiko dituela aurreikusten du Urnietako Udalak: %55 babes ofizialekoak izango dira, %20 tasatuak eta gainerako %25 etxebizitza libreak. Gainera, jakinarazi du eremu horretan kokatuko direla Egapeko DBHren eraikin berria eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuko duen adinekoen egoitza.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!