Eulalia Abaitua argazkilariaren memoriak, oholtza gainera eramanda

Aiurri 2024ko aza. 14a, 13:06

Ikus-entzunezkoak, antzerkia eta musika uztartzen ditu "Mira hadi: Eulalia Abaitua andre-begietan" ikuskizunak. Lehen euskal emakume argazkilariaren memoriak laburbiltzen ditu obrak eta hilaren 24an bisitatuko du Sarobe arte eszenikoen gunearean oholtza. Arratsaldeko 19:00tan izango da hitzordua eta doakoa izango da sarrera, Urnietako Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatu baitu. 

Sinopsia
Eulalia Abaitua gure lehen emakumezko argazkilaria izan zen. Ingalaterran ikasi omen zuen hasi berria zen artea eta Bilbora, bere hirira, ekarri zuen, XIX. mendearen bigarren erdialdean. Kamerarekin islatu zituen pertsonak (hamaika emakume)  eta paisaiak gure memoria dira. Irudi ezinbestekoak gure nortasuna ulertzeko eta ezagutzeko.

Beraz, aitzindaria eta bidegile handia izan zen, baina gaur egun oraindik ezezaguna da gure artean. Euskal kulturak zor dio onespena eta ezagutza. Horregatik, Loraldia Kultur Elkarteak sustatu du ikuskizun hau. Aurretik Anton Abbadia, Elkano edo Iparragirrerekin egin zen bezala, Eulalia Abaitua sormen garaikide baten bidez eramango da oholtza gainera.

Ikuskizunak hiru osagai ditu: ikus entzunezkoen bidez, Abaituaren argazkiak ezagutuko ditugu; teatro-kontaketak (Ane Pikaza) haren bizitza eta memoria osatuko du; eta musikak (Maite Larburu) historia miresgarri honi soinu banda jarriko dio. Loraldia Kultur Elkartearen produkzio propioa da, Abaituaren ondarea lau haizetara hedatzeko sortua.

Fitxa teknikoa

  • Gidoia: Patxo Telleria
  • Zuzendaria: Getari Etxegarai
  • Aktorea: Maria Urcelay
  • Musika: Lide Hernando
  • Ikus-entzunezkoak: Alphax
  • Argiztapena: Arantza Flores
  • Ekoizpena: Loraldia Kultur Elkartea
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!