Zaintza-ereduen lekukotza-bilduma aurkeztu zuten Urnietan

Alba Cabrera Jauregi 2024ko aza. 15a, 07:21

Zaintza-ereduen esperientziak jaso zituzten Lekaion egindako jardunaldian.

Beste urrats bat eman nahi du aurrera Urnietak herriaren zaintza sarearen gaineko hausnarketan: inguruko esperientzien bilduma osatu du, gertuko ereduak bidelagun bihur daitezen herriko ekosistema osatzeko prozesuan.

Urriaren amaieran, etxe ondoko lekukotzak entzuteko aukera izan zuten bizilagunek, Urnietako Udalak Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean antolatutako hitzorduan.

Xoxokako eskolak, ia ehun urte

Xoxokako Aierdi baserrikoa da Tere Lasarte, bertan hazia eta hezia. Hori horrela, gogora ekarri zuen aurkezpenean, duela mendebete, gutxi gorabehera, auzolanetik sortu zen eskola, Udalarekin Aldundiarekin elkarlanean, Goiburuk zituen gabeziak osatzeko. Haren esanetan, 1974. urtera arte egon zen martxan eta adin ezberdinetako haurrak ibiltzen ziren nahastuta, sei eta hamalau urtera bitarte, hiru taldetan banatuta. 70. hamarkadan itxi zenean, herrigunera jo behar izan zuten ikasleek eskolara, autobus-zerbitzua erabilita.

Zer gertatu zen, ostera, eskolarekin? Itxita egon zen urte luzez, eta aterpetxe moduan ere erabili zen, harik eta 2008aren bueltan, auzotarrek elkargune baten premia plazaratu zuten arte. “Hain zabala izanda auzoa, ia ez genuen elkar ikusten, bakoitza bere martxan zebilen”. Horrela, eraikinari zukua atera asmoz, auzo elkartea sortu eta espazioaren erabileraren gainean hausnartzeari ekin zioten. 

Urnietako Udalak egin zituen konponketak eta, harrezkero, erreferentzitazko tokia bilakatu da auzoan, Lasarteren esanetan, inguruko bizilagunen harremanak estutzeko: merendolak, ipuin-kontaketak, bertso-saioak, ikuskizunak, udalekuak, ikastaroak… “Oso aberasgarria da behin eskola izan zena, gaur egun, auzokoentzako txokoa bihurtu izana”.

Usurbil, herri zaintzailea

Orain urte batzuk zorroztu zuen begirada Usurbilgo herriak zaintzaren auzian, pandemiaren aurretik, hain justu ere. Bada, nazioartera zabaldutako osasun-larrialdiak are ageriagoa egin zuen zaintzaren problematikari erantzuteko garrantzia. Hala, epe luzeko prozesu batean dago murgilduta Usurbil eta horren gaineko aurkezpena egin zien urnietarrei egungo alkate den Agurtzane Solaberrietak: “Gure herriak prestatu behar ditugu erronka horri erronkak berak eskatzen duen tamainan erantzun ahal izateko, gure herrikide guztiek, zaintza behar izanda ere, bizitza duinak eduki ahal izateko”. Era berean, ezin izan zuen aipatu gabe utzi bileran mugimendu feministak egindako lana eta borroka gaia erdigunean ipintzeko, eta, horren erakusle joan den urteko azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorra: “Inflexio puntu bat izan zen eta horrek ere ekarri du, zorionez, zaintzaren gaia instituzioen agendetan egotea”.

Zaintza behar duten pertsonak “erdigunean jartzeko bokazioz”, hiru galderaz osatutako abiapuntuarekin ekin zion Usurbilek bideari, parte-hartze prozesu batekin: nola nahi dugu zainduak izan? Nola nahi dugu zaindu? Zer bitarteko ditu herriak galdera horietatik eratorritako erantzunei erantzun ahal izateko? Alkatearen hitzetan, “oso garbi” izan zuten hasieratik  kolektiboa izan behar zela tokiko zaintza ekosistema sortzeko bidea, “behetik gorakoa eta elkarlanean oinarritutakoa”: administrazioa, sektore pribatua, komunitatea, bestelako erakundeak (Osakidetza zein Gipuzkoako Foru Aldundia, esaterako)... Hiru galdera horiei erantzuteko talde-motorra sortu zuten, horrela. "Gai izan ginen zaintzari ikuspegi integral batetik erreparatzeko”, azaldu zuen bileran Solaberrietak, “bai eta zaintzarekin lotura duten erpin eta eragile guztiak barnebilduko lituzkeen prozesua egiteko ere".  Herritarrak etxean edo etxean egongo balira bezala sentitzea nahi du Usurbilek eta, horretarako, zaintza behar duen pertsonari begira egotea dela gakoa uste du alkateak, bere nahiak errespetatzen dituen arreta-eredu bat eskaintzeko helburuz. Orduan, jabetu ziren zaintza ekosistemaz mintzo baino, “Usurbil herri zaintzaile” ideiaz jardun behar zirela, kontzeptu horrek trasnbersaltasun handiagoa duelakoan, bestelako eremuak ere interpelatzeraino: hizkuntza-politikak, irisgarritasuna, aniztasun kulturala, mugikortasuna, enplegu-politikak… “Ortzimuga horretatik ari gara eraikitzen herria”.

Parte-hartze prozesu horretatik bi ardatz nagusi dituen bide-orri bat osatu zuten: zaintzailea eta zaindua. Alde batetik, lehenengoaren kasuan, alkatearen ustez, zeresan zuzena du mugimendu feministaren borrokak: “Guztiok daukagu zainduak izateko eskubidea, baina ez beste pertsona baten eskubideen kaltetan”. Hitzorduan aditzera eman zuenez, emakume migratuen bizkar erortzen dira gehienetan zaintza-lanak, “kasu askotan, esklabutzaren pare”. Hala, errealitate horri ere erantzun egin behar zaiolakoan da, haren iritziz zaintzek ezin baitute eskubide galerarik ekarri: “Zaintza publiko komunitarioaz mintzo gara, baina nola egin hori zaintzaileak batzuetan ez badira komunitatearen parte? Biak egon behar dira barruan, zainduak eta zaintzaileak”. Horixe dute etorkizunerako erronka.

Beste alde batetik, mezua argia da bigarren zutabearen kasuan: pertsona bat, bizi plan bat. Hari horri tira eginez gero, sustraietik aldaketak egin behar direla azaldu zuen bileran hizlariak: “Menpekotasun-balorazioen araberako prestazio eta zerbitzuen logika eta antolaketa alboratu behar da eta pertsonen beharrak aintzat hartuko dituen plan integral pertsonalizatua sortu”. Horrek ekosistemako eragileak artikulatzea dakar, alkateak adierazi bezala, eta horren erakusle, beraiek herrian sortutako lan mahaiak: zerbitzuetako taldea, talde soziosanitarioa eta komunitateko taldea.

Etorkizuneko hutsuneei anbizioz erantzun nahi die Usurbilek, eta zaintzak prebentziotik landu,  egoera hauskorrean  egon daitezkeen pertsonen integrazio komunitarioa sustatze aldera. Etxean edo etxean egongo balira bezala sentitzea nahi du Usurbilek bertan bizi diren herritar guztiak. Bada horri begira lanean jarraituko dutela berretsi zuen alkateak aurkezpenean, zenbait adibide gogora ekarrita: belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioak biltzen ditu Txirikorda proiektuak, gazteen emantzipazioa bultzatu eta bakardade ez hautatuari aurre egin asmoz. Matiak kudeatutako Egurtzegi egitasmoa, berriz, zaintzapeko etxebizitzen multzoak osatzen du eta egungo erresidentzia-eredu hegemonikoa apurtzen du. Horiekin eta aipatu gabeko beste hamaika proiekturekin ari da, horrenbestez, Usurbil bere prozesua xehetzen herri zaintzailea izateko bidean.

Herri lagunkoiak

Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektua da Euskadi Lagunkoia egitasmoa. Matiako langilea den Ainara Tomasenak egin zuen proiektuaren aurkezpena Lekaion, institutu horrek baitauka ekimena gauzatzearen ardura. Zer behar du herri batek herri lagunkoi izateko? Zehatz azaldu zuen hitzorduan Tomasenak. Adineko pertsonen beharrak kontuan izaten eta horiei erantzuten dien herria da herri lagunkoia, “zahartzen goazen heinean, gure herrian ondo bizitzeko aukera ematen duena”, hainbat aldagai kontuan hartuta: ingurune fisikoa ingurune soziala, harremanak, herrian parte hartzeko aukera, mugikortasuna, irigarritasuna… “Alderdi horiek guztiak izaten ditugu kontuan”.  Hori horrela, prozesua osatzeko pausuak azaldu zituen, labur, Tomasenak: adineko pertsonez osatutako talde eragilea osatzea izan ohi da lehen urratsa. Gero, udala bidelagun dela, herriaren diagnosia egiten da, lagunkoitasun maila neurtzeko, eta, datu-bilketa hori oinarri, ekintzak antolatzen dira lagunkoitasuna bermatzeko. Askotariko programen adibidea eman zuen hitzorduan: harremanak sustatzeko espazioen antolamendua, bakardadeari heltzeko proiektua, belaunaldien arteko erlazioak lantzeko ekimenak… Antzuola ipini zuen eredu moduan Matiako langileak, buru-belarri baitago herria murgilduta prozesuan.

Auzotarrak saretzen

Pertsonen bizi kalitatea hobetzeko teknologia, errealitatearen azterketa, aktibazio komunitarioa eta esku-hartze soziala uztartzen dituen egitasmoa da Auzosare. Gipuzkoako arduraduna eta Zabalduzeko kide da Garazi Solis. Tokikotasunetik lan egiten dutela nabarmendu zuen aurkezpenean, “garrantzitsua delako herri bakoitza ezagutzea, bertan dauden baliabideak zein beharrak jakitea. Ez gatoz ezer ordezkatzera, dagoen hori balioan jarri eta horrekin lan egitera baizik”. Egoera hauskorrean den jendea artatzen dute. Batez ere adinekoekin aritu izan dira, baina Solisen esanetan, ez dira horretara mugatzen “edonork izan dezakeelako, bizitzako momenturen batean, zaindua izateko beharra”.

Nola eusten diote programan, hortaz, zaintzaren erronkari? Informazio-sistema aliatu eraginkorra dela azaldu zuen Solisek hitzaldian, “kosta” egiten delako, maiz, adibidez, bakardade ez hautatu batean bizi den jendea identifikatzea. Horrela, “gure ideia bada horiek garaiz detektatzea, mendekotasun egoera posiblek ahalik eta gehien lausotu ahal izateko”. Halaber, ezinbestekotzat jo zuen arduradunak komunitatearen rola, “nork beretik, guztion artean erantzun beharreko erronka baita zaintza”. Paraleloki, laguntza soziohezitzailearen garrantzia nabarmendu zuen, batzuetan, esku-hartze profesionala egon behar dela ulertuta.

Faseka egiten dute lan egitasmoan: testuinguruaren irakurketa egin ondoren, hutsuneen identifikazioa egiten dute, horietan eragiteko helburuz. Jarraian, errealitatearen diagnosi kuantitatiboa zein kualitatiboa egiten dute eta, azkenik, aktibazio komunitariora egiten dute jauzi, herritarrak eragile aktibo izan daitezen zaintzen sarea ehuntzen. Azkenik, pertsonak nahi izanez gero, laguntza eskaintzen zaio haren bizi-proiektuan oinarrituta. Legorretan, Zestoan, Oreretan edo Oiartzunen dago martxan egitasmoa, baita Hernanin ere. Bada, azken horren adibidea azaltzeko tartea hartu zuten hitzaldian. Herri bakoitzak bere ezaugarriak eta, ondorioz, prozesuak dituela azpimarratu zuen Solisek, “dituzten aukerak eta baliabideak ezberdinak baitira”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!