Historialariek, legelariek, auzitegi-medikuek, auzitegi-psikologoek eta biktimen arloan adituek osatzen dute Balorazio Batzordea. Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean “motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa” emateko xedez sortu zen Balorazio Batzordea. Eta 2016az geroztik ari da lanean.
Hain zuzen, Juana Balmaseda abokatuak eta Jon Mirena Landa legelariak Batzordeak osatu duen laugarren, eta azken, txostena aurkeztu zuten Gasteizko legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean, urriaren 30an, esan bezala. 102 orrialdek osatzen dute txostena, eta horietatik bost (30-34 or.) Gurutze Iantzi Igerategiren kasuari eskaintzen dizkio (berez, M.G.Y.I. inizialez aipatzen da).
Hasierako lerroetatik, txostenak Iantziren heriotza “poliziaren zaintzapean zeudela bizia galdu dutenen artean” kokatzen du, eta zehazkiago esanda, “tortura-testuinguru batean gertatutako heriotza”-tzat jotzen du.
Atxiloketa unea gogoratuz ekiten dio kontaketari. “Bere etxean atxilotu zuten, Urnietan, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuko agenteek, 1993ko irailaren 23ko goizaldeko ordu biak inguruan. Atxiloketaren unean oso asaldatuta zegoen, segurtasun-indarrei beldur handia zielako eta bi egun lehenago senarra eta Urnietako kuadrillako beste kide batzuk atxilotu zituztelako. Atxiloketa horien guztien helburua Julio Iglesias Zamora enpresaburua aurkitzea zen. ETAk bahituta baitzeukan, eta, poliziaren susmoen arabera, Adarra mendiko lekuren batean egon zitekeen, Urnietako herrigunetik gertu”.
Gertakizunen kronologia laburra egiten du, ondoren: terrorismoaren aurkako legea aplikatuz, inkomunikatu egin zuten, Donostiako 513 Komandantziako kuartelean gauean eduki zuten, eta hurrengo goizean, Madrilgo Tres Cantos-eko Komandantziara eraman zuten. “Ordu batzuk geroago hil zen, poliziaren zaintzapean zegoela. Heriotzaren inguruabar ilunek asaldura eta eztabaida handia eragin zuten. 31 urte zituen”.
Txostena nahiko zorrotza da Iantziri heriotza zerk eragin zion zehazteko orduan. “Egitatezko presuntzio sendoak daude M.G.Y.I. atxilotuta zegoen bitartean tortura, zigor eta tratu krudel, anker edo iraingarriak eman zizkiotela eta horiek heriotza eragin ziotela”.
Ikerketa judizialak aurre egin behar izan zion presuntziorik larriena, “inkomunikatuta atxilo egon ondoren polizia-etxetik hilda ateratzea” dela dio zalantzarik gabe txostenak.
Bestalde, Balorazio Batzordeak adierazten du bereziki hartu duela kontuan legez kontrakoak izan daitezkeen heriotzak ikertzeari buruz Nazio Batuen Protokoloak (2016) jasotzen duen interpretazio-ildoa. “Izan ere, estandar hori erabateko erreferentzia bilakatu da nazioartean, inguruabar susmagarrietan gertatutako heriotzak ikertzen diharduten pertsonen jarduketen ebaluazioan, helburutzat hartuta bizitzeko eskubidea babestea, justizia sustatzea, kontu ematea eta erreparaziorako eskubidea bermatzea. Horretarako, heriotza guztien ikerketa eraginkorra bultzatu behar da, heriotza horiek legez kontrakoak izan daitezkeenean edo behartutako desagertzeen ondoriozkoak izan litezkeela susmatzen denean”.
Beste bi atxilotuen testigantzak
Egitatezko presuntzioen artean, egoitza berberetan zeuden beste bi atxilotuen lekukotzak ere jaso dituzte espedientean; lekukotza eman zuten horiek, Balorazio Batzordearen aurrean. Adibidez, atxilotuetako baten, E.ren kontaketa, torturak jasaten ari zen aldietako batean bizi izan zuen gertakariaren gainean: “Eta, derrepente, tipoa etorri zen. ‘Eh! °Venga, venga, venga!’, eta hasi ziren mugimenduan eta, o sea, aurrera, atzera. Ateratzen hasi ziren, zakua jarri zidaten eta kamila bat pasa zen nire ondotik. Orain ni seguru nago Gurutze zela kamilakoa, eta ‘Se nos ha escapado la mano’ entzuten zen eta holako gauzak”.
Egun haietan Tres Cantoseko guardia zibilen egoitzan atxilotuta zegoen K. U.ren bigarren baten lekukotzaren arabera, Gurutze Iantziren ibilera bereizgarria ezagutu zuen bere atearen burdin barraren azpitik: "(...) Une jakin batean egoera jasanezina da. Oihuak, oihu batzuk... Buff. 'Ez nazazue gehiago jo, mesedez, ez nazazue gehiago jo mesedez, ez nazazue gehiago jo, mesedez...'. Eta oihu burrunbatsuak, belarriak estali behar izateraino, egoera hura jasaten ez nuelako. Eta tira, oihu batzuk... Une latza. Nire artean aritu nintzen, 'Zer ari da gertatzen hemen? Zenbat jende dagoen! Zer gertatzen da hor kanpoan?' Hori ez dakit zenbat denboraz gertatzen den... Eta bat-batean, une batetik bestera, dena gelditzen da... Eta itaunketak amaitzen dira, kolpeak gelditzen dira, poltsako saioak amaitzen dira, guardia zibilen ziegako bisitak, mehatxuak, koakzioak, sexu-mehatxuak, dena amaitzen da. Dena amaitzen da. Bukatu baino lehen, entzun eta ikusi egiten dira... Urduritasun handia nabari da. Oihuak, baina ez torturatzen ari den pertsona baten oihuak... Ez! Bestela, aldaketa handia sumatzen da. Jendea aztoratuta bezala. Eta bat-batean, lehen aipatu dudan langa horretatik... ez dakit ohatila bat, gurpildun aulki bat... ez dakit esaten, baina gurpildun zerbait. Eta une horretatik aurrera dena amaitzen da, isiltasuna egiten da. Jateko zerbait ekartzen digute, aurreko denbora guztian ez bezala... ".
Auzitegi-medikuaren jardun “arduragabea”
Orain arte aipatutako aspektu horiek eta beste zenbait kontuan izanda, Balorazio Batzordeak berak peritu-txostena eskatu zuen. Eta honek oso iritzi irmoa ematen du auzitegi-medikuntzaren jarduerari buruz. “Auzitegi Nazionaleko auzitegi-medikuaren jarrera arduragabea izan zen, eta haren jokabidea ez zen egokitu praxi medikora (lex artis ad hoc); horrek diagnostiko goiztiarra eta tratamendu egokia eragotzi zituen”.
Honela deskribatzen du Auzitegi Nazionaleko auzitegi-medikuaren jarduna, zehazki: “Goizaldeko 03:25eko esku-hartzean diagnostiko-hutsegite argia gertatu zen. Askatasunaz gabetuta (inkomunikatuta) zegoen eta bularrezurraren atzeko mina zuen paziente baten aurrean, telefono bidezko elkarrizketa baten bidez, bronkioetako prozesu onbera (eztula+mukositatea) diagnostikatu zuen, eta mukolitiko bat agindu. Autopsiak ezarri zuen bat-bateko heriotzaren kausa tronbosi koronario bat izan zela”.
Peritu-txostenak zehazten du, berez, diagnostiko oker hutsa ez dela zabarkeria medikotzat edo praxi mediko txartzat hartzen: “Medikuek akatsak egin ditzakete diagnostikoetan. Hala ere, kasu honetan, akatsa “lex artis ad hoc” irizpidearen kontrako jarduketa baten ondorio izan zen; hau da, bularrezurraren atzeko min bat dagoenean egin behar zen jarduketaren aurkakoa izan zen, 1993ko gida klinikoen protokoloen arabera”.
Eta gehitzen du: “G.Y.k aipatutakoa bezalako bularrezurraren atzeko mina ez da mukolitiko batekin tratatzeko moduko eztul eta mukositate prozesu bronkial baten ezaugarria. Edozein kasutan, larrialdietako gidek adierazten dute funtsezkoa dela hilgarria izan daitekeen gaixotasun bat baztertzea, hala nola tronbosi koronarioa”. Eta hala dio peritu-txostenak konklusio-zatian, hitzez hitz: “Zabarkeria lau elementutan oinarritzen da gutxienez: 1. Aurreikuspenik egin ez izana eta emaitza hilgarria saihestu ez izana. 2. Eskatutako ezagutzak eta trebetasunak egiaztatu ez izana. 3. Egin beharreko jarduketa bat egin ez izana. 4. Osasun-asistentziari dagokionez, zaurgarritasun-egoera berezian dagoen pertsona baten arriskua ez haztatzea: inkomunikazioa, pazientearen autonomia gauzatzeko ezintasunarekin”.
Ondorioetan, honako hauxe ere adierazten du peritu-txostenak: “M.G.Y.I. osasun-egoera onean ospitaleratu zuten, eta ez zuen inoiz bihotzeko patologiarik izan, nahiz eta arrisku kardiobaskularreko faktoreak izan. 35 urtetik beherako emakumeetan tronbosi koronarioa oso ezohikoa da. Inkomunikazioarekin lotutako estres akutuko egoerak (beste atxilotu batzuek kontatutako beldur-giroarekin eta hark jasan zitzakeen tratu txarrekin batera) M.G.Y.I.ren heriotza eragin zuen faktorea izan zitekeen”.
Balorazio Batzordearen ondorioa, zorrotza
Azaldutako egitatezko presuntzio horiek oinarri izanda, Balorazio Batzordeak adierazten du ikerketak ez zuela “ez zehaztasunik ez eraginkortasunik izan, eta, gertatu izan balitz, heriotza zer inguruabarretan gertatu zen argitu ahal izango zela. Ikerketa sakonagoa egin beharko zen auzitegi-medikuntzako alderdiei buruz (heriotzaren etiologia), baita hildakoak zituen kolpe eta hematomei buruz ere. Bereziki garrantzitsua da kontuan izatea ezen, polizia-etxean atxilotuta zeuden beste pertsonen agerraldiak eskatu baziren ere, instruktoreak ez zuela ikerketa-lana zabaldu”. Laburbilduz, Balorazio Batzordeak uste du organo judizialek goizegi itxi zutela instrukzioa, “akusazio partikularrak eta herri-akusazioek behin eta berriz eskatutako ikerketa-eginbiderik egin gabe; izan ere, ondorioztatu zuten ez zegoela behar bezala justifikatuta kausa eratzeko delitua egin izana, atxilotuaren heriotzan hirugarrenek esku hartu ez zutela uste baitzuten”.
Guztiagatik, Balorazio Batzordeak bere 2024ko txostenean adierazi du uste osoa duela “gertatutakoa argitzeko baliagarriak izango ziren ikerketa-eginbideak egin gabe utzi zirela, eta, horregatik, deklaratzen du M.G.Y.I.ren bizitzeko eskubideari eta osotasun fisiko eta moralari (tortura eta tratu txarren debekua) eragin zien giza eskubideen urraketa bat gertatu zela, dimentsio prozesalean”.
2023-2024ko txostena
12/2016 Legeak, hots, “Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa”-k sortutako Balorazio Batzordeak urtean behin egiten du txostena. Era horretan, 2020ko ekainetik, 238 biktima aitortu dituzte.
2023ko uztailetik aurtengo ekainera bitarte osatu duten txostena da joan den urrian aurkeztutakoa, laugarrena. Horrek 93 biktimei aitortza egiten die ofizialki; 20 emakumezkoak dira eta 73 gizonezkoak. 20 frankismo garaikoak dira, eta gainerakoak geroztikakoak.
Aitortutako kasuen artean, zortzi heriotza daude. Tartean dira 1970/05/20an Hondarribian poliziak hildako Roke Mendez santurtziarra, 1976ko apirila-maiatzean guardia zibilek zauritu ostean Saran hilda agertu zen Bernardo Badiola tolosarra, 1980/01/15ean talde eskuindarrek hildako Karlos Saldise donostiarra, edota, esan bezala, Gurutze Iantzi.
Bestalde, Balorazio Batzordeko bi kideek legebiltzarrean salatu zutenez, ekainetik ezin izan dute ebazpenik eman, auzitegi medikuak falta direlako.
12/2016 Legeak sortutako Balorazio Batzordeak urtean behin egiten du txostena, eta laugarrengoa da atzo aurkeztu zutena. Era horretan, 2020ko ekainetik, 238 biktima aitortu dituzte.
Egiari Zor Fundazioaren balorazio gazi-gozoa
Balorazio Batzordearen agerraldia hizpide hartuta, estatuaren biktimak biltzen dituen Egiari Zor Fundazioak balorazio gazi-gozoa egin zuen biharamunean Donostian egin zuen prentsaurrekoan. Pilar Garaialde, Guardia Zibilak torturatua eta Triple Ak hildako Paulo Garaialderen alabak eta Guardia Zibilak torturatu zuen eta txostenak jasotzen duen Urko Amasek hartu dute hitza fundazioaren izenean.
Balorazio Batzordeak egindako lanaren profesionaltasuna azpimarratu zuten, “lan horrek oinarri ukaezinak ditu: giza eskubideak eta nazioarteko legedia”. Era horretan, aipatu Batzordeak egin berri dituen aitortzak txalotu zituen Garaialdek, “inpunitate osoz erail, zauritu eta torturatu zituzten pertsonentzat justizia-ekintza baitira. Berrezarpen moraleko ekintza bat da, gertatutakoaren egia ezartzen duena, haien aurkako krimenak justifikatu eta legitimatu zituen kontakizun faltsu batek inposatutako ahanzturaren-hamarkaden aurka-
koa”.
Bestalde, gogoratu zuen gaur egun, milaka direla “aitortza ofizialik gabe jarraitzen duten giza eskubideen urraketak eta hura eskuratzeko aukerarik gabe jarraitzen dutenak”. Gaineratu zuenez, “egoera hau berehala zuzendu beharreko anomalia demokratikoa da. Urte gehiegi daramatzagu zain, eta merezi dugu legez aitortuak izateko dugun eskubidea gauzatu ahal izatea”.
Aldi berean, Garaialdek onartezintzat jo zuen Balorazio Batzordeak gogoratu duen bezala, “bitartekoen faltagatik” aitortzen prozesua moteldu izana. “Administrazioak behar diren baliabideak jarri behar ditu batzorde horren zerbitzura, beren lana baldintza ezin hobeetan egin ahal izan dezaten, prozesua eraginkorra, dinamikoa eta proaktiboa izan dadin”.
Eskaera zuzena egin zioten Eusko Jaurlaritzari, “aitortzaren legegintzaldia izan behar du honek. Premiazkoa da epe berri bat zabaltzea eskaera berriak izapidetzeko, legearen denbora-eremua egokituz eta bere garapenari helduz”.
Azkenik, Egiari Zor Fundazioko kideek adierazi zuten bizikidetza demokratikorako funtsezko gaia dela hauxe, eta iragarri zuten bilera-sortari ekin diotela erakundeekin, alderdiekin eta sindikatuekin. “Lehendakariaren erantzunaren zain ere bagaude, harekin guzti hori jorratzeko”.
Gurutze Iantzi eta justizia: lehenbiziko urratsa
Lehenbiziko urrats gisa hartu behar da EAEko Legebiltzarraren menpekoa den Biktimen Balorazio Batzordeak Gurutze Iantzi Igerategi biktimatzat hartzea ofizialki. Urrats gehiago etorri beharko lirateke segidan, biktimen arloan nazioarteko zuzenbideak onartzen duen “Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak barne” printzipioari jarraiki. Hots, Madrilgo gobernuak ikerketa independentea abian jarri beharko luke bere menpeko instantzien (segurtasuna indarrak, mediku-forentseak, epaileak...) jarduna ikerketagai izanik, erantzukizunak eskatzeko, eta aitormen publikoa eskaintzeko biktimari eta bere senitartekoei.