Udazkenean ere kaleak hartzeko gogoz da Poxta Zahar: Gazte Eguna antolatu du azaroaren 30ean, gaueko ordu txikietara arte luzatzen den egun osoko egitarauarekin. Bertako kide dira Peru Sanchez Larrañaga eta Unai Iraola Uribarrena.
Gazte Eguna ospatuko duzue hilaren azken larunbatean. Proposamen berria da, Poxta Zaharren ohiko urteko agendan. Zer moduz doaz prestaketa-lanak?
Unai Iraola Uribarrena: Nahiko hilabete tristea da azaroa. Zerbait jarri nahi genuen, hortaz, Sanmieletatik Gabonetara ezpaitugu, bestela, ezer antolatzen. Zubirik gabeko asteburua nahi genuen, eta azaroaren 30a buruan, prestaketarekin hasi ginen.
Peru Sanchez Larrañaga: Poxta Zaharren urteurrena antolatzearen pareko da. Azkenean, egitarauari begiratuta, ez da gehiegi ateratzen normalean egiten dugunetik. Beraz, nahiko erraza izan da antolaketa. Eguna zehaztea izan zen pixka bat konplexuagoa, baina, bestela, nahiko ondo.
U.I.: Urriaren bigarren hamabostaldian hasi ginen prestakuntzan, eta azaro hasiera, jada, gainean geneukan, berandu zen, ezer lotzeko. Era berean, abenduaren hasieran zubia izanda, kanpora joan ohi da jendea. Hortaz, azaroak 30.
Sanmielak aipatu dituzue. Indarrak berreskuratuta, jada? Ia bi hilabete pasa diren honetan, zein balorazio egiten duzue?
P.S.: Nahiko balorazio positiboa egin delakoan naiz, nahiz eta beti dagoen zer hobetu. Egia da, pixka bat ezustean harrapatu gintuela, azken bi urteetan egin dugun bezala, oraingoan, jaiak asteazkenetik hasi ezin ahal izateak. Bestalde, gu ere ez gara Jai Batzordeko bileretara joan, eta talde horrekin antolatutako zerbait da, festen hasiera San Miel egunaren arabera zehazten dute eta. Ea hurrengo urteari begira beste zerbait adosterik dugun.
Bestela, erantzun ona jaso genuen festetan: jende pila animatu zen, txosnako txandak arazorik gabe bete genituen, kamisetak arrakasta izan zuen, kontzertuetan herriko jende asko zebilen…
Gazte Eguna izango da hilaren 30ekoa. Gaztetasuna, ordea, subjektiboa omen…
U.I.: Urnietan, orokorrean, ez dago giro handirik eta jendea elkartzea nahi dugu. Herritar guztiei dago irekita.
Zenbat kide zaudete eguna antolatzen?
U.I.: Hamar kide baino gutxiago gaude gaur egun.
P.S.: Egia da egun honek, zehazki, ez duela lan handirik eskatzen, hitzorduak adostu eta jendearekin hitz egitea delako. Baina, bai, jendez eta ideiaz justu samar gabiltza. Geroz eta jende gehiago, orduan eta ideia gehiago.
U.I.: Egunean bertan, laguntzaileak beharko ditugu, gaudenon artean ezingo baikenuke.
Jendeari kosta egiten zaio laguntza ematea horrelakoetan?
U.I.: Egunean bertan, nire ustez, ez. Beste gauza bat da Poxta Zaharreko dinamikan sartzea eta bileretara joatea, urte osoan baikaude martxan.
P.S.: Ideia berriak sortzeko gogoz gaude.
U.I.: Eta gu baino jende gazteagoa sartzeko gogoz ere bai, 20 urte azpiko inor ez baitago.
P.S.: Belaunaldien arteko harremana zertxobait galdu egin da, beharbada, ez dugulako non elkartu, garai batean, Xauxar tabernan egiten zen bezala. Kide berriak agertu izan dira bilera irekietara, baina zaila da horri jarraikortasuna ematea.
Begirada bi asteburu barru ipiniz gero, zer egongo da herrian?
U.I.: Poteoarekin hasiko dugu eguna, herriko trikitilariekin, Frontoi tabernatik abiatuta.
P.S.: Ondoren, herri bazkaria egingo dugu. Apur bat ezberdina izango da eskaintza, udazkenean sartuta gaudela ikusita: babarrunak, haragi erregosia eta natillak. Menu begetarianoa ere egongo da: babarrunak, pistoa eta mazedonia. Frontoi tabernan daude salgai tiketak, hilaren 24ra arte. Berrikuntza moduan, zapia jasoko dute bazkarira bertaratzen direnek. Mozkor-jolasak antolatu ditugu, gero, Lasko txaranga hasi aurretik.
U.I.: Tolosako gazte batzuk dira, eta orain bi bat urte hasi ziren jotzen. Gauean, DJ Revu egongo da; Sanmieletan ere jo zuen.
Gabonak ate joka diren honetan, ba al duzue zerbait buruan?
P.S.: Gabonetan ere jendea herrian gelditzea nahi dugu. Abenduaren 24a oso egun polita izaten da, eta oraindik ezer zehaztuta ez dugun arren, txaranga bat, elektrotxaranga bat-edo jartzea pentsatu dugu.
U.I.: Beste urte batzuetan bezala, San Silbestrea antolatzeko asmoz ere bagabiltza, urteko azken egunari begira.
Zer esango zeniokete Poxta Zaharrera sartzeko gogoz dabilenari?
U.I.: Gurekin harremanetan jartzeko. Eta, beldurrik ez izan, askotariko adineko jendea behar dugu taldean, ideia berriak izateko!