Euskal Herriko lehen Hikadromoa izango da Durangoko Azokan

Aiurri 2024ko aza. 21a, 12:31

Irudia: UEU.

Euskaltzaleen topaleku ez ezik, hikalarien bilgune ere izango da aurtengo Durangoko Azoka, Euskal Herriko lehen Hikadromoa antolatuko baitu, bertan, abenduaren 7an, ZirHika taldeak: "Hika dakitenak eta ikasten ari direnak, guztiak daude gonbidatuta. Euskalkian zein batuan, bakoitzak berean egiteko aukera izango du". Landako ikastetxean egingo dute talde-ariketa, arratsaldeko 16:00etatik 17:45era.

Bagera euskara elkartearen ardura izango da hitzorduaren dinamizazioa. Laukoteak osatuta jardungo dute hika, eta ordu laurdenero, taldez eta mintzagaiz aldatuko dira. Irekia dago, jada izen ematea, online galdetegia beteta, edota honako bi mugikor-zenbakietako batera deituta: 943121775 edo 652750947.

Hitanoari loturiko beste hitzordu batzuk

Beste hitzordu batzuetan ere hitanoak presentzia izango du Durangoko Azokan:

  • HItzaldia: abenduaren 6an, 19:20an hasita, areto nagusian. Lehenengo, Badiharduguk hika ikasteko Appa Hi! aplikazioaren bertsio berriak eta hika.ahotsak.eus webgunea aurkeztuko ditu. Ondoren, Fernando Oiartzunek Leitzako hiketa izango du hizpide.
  • Mahaingurua. Abenduaren 7an, 11:30ean Durangoko museoan. "Hik eta biok", Deustuko unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta.
Zer da ZirHika?

Euskal Herriko hainbat tokitako hika eragileek osatzen dute, Badihardugu euskara elkarteak koordinatuta. Iaz egin zen Euskal Herriko I. Hika Topaketaren ondoren sortu da, elkar ezagutu, indarrak batu eta hitanoa bultzatzeko. Hikadromoa izan da antolatu duen lehen jarduera eta, horretarako, hainbat bidelagun izan ditu: Bagera, Praktikatu AEK eta Gerediaga, besteak best .

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!