Azaroak 25 | 2024

Elkarretarazea egin du Urnietako Udalak, Emakumearenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean

Aiurri 2024ko aza. 25a, 14:10

Elkarretaratzea egin du, gaur, eguerdiko 12:00tan Urnietako Udalak, Emakumearenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Adierazpen instituzionala irakurri ondoren, minutu bateko isilunea egin dute. Bertan izan dira, besteak beste, Bagara talde feministako kideak. 

Urnietako Udalaren adierazpen instituzionala

Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta Udalok gaitzespen irmoa adierazten dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.

Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso  ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta  jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek,  emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago  doa, lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez. 

Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako  indarkeriarik gabeko gizartearen alde, – bai esparru legalean, eta politikoan, bai sozialean-, gaur  egungo joera neomachista hasten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin  ertainekoetan eta eremu digitalean, bereziki. Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino  eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, "indarkeriak ez duela generorik",  "asmakizun ideologikoa" dela eta berdintasun-politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak  jasotzen ari dira gazteak. 

Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten  digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko  desberdintasunean oinarritzen dena. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren  normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan. Hori guztia kontuan hartuta, Urnietako Udalean emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi  duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Gure herrian, euste-horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen  edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan  eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko eta halakoak sortuz:  partaidetza-mahaiak, zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak,  komunikazio bateratuak, erantzun publiko eta kolektiboko protokoloak...
  • Gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea, batez ere mutilei zuzendutakoak,  egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta  berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batik bat, bitarteko digitalen bidez.
  • Gune formal eta informaletan, eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre  egiteko eta desaktibatzeko.
  • Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzea, eskola-curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko.
  • Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki  borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.  

Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta,  Urnietan eta hainbat herritan antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu  herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu  aktiboan adierazteko, horien negazionismoa eta ezereztea barne.

Amaitzeko, Asier Niebla herritarra gogoratu nahi dugu, indarkeria matxistaren biktima. Gizon  batek emakume bati min emateko erabili zuen indarkeriaren biktima izan zen urnietarra, eta  horren ondorioz hil zen. Besarkada handi bat guraso, anai-arreba eta familiarentzat.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!