Durangoko Azoka 2024

Garbiñe Larrea Durangoko Azokako erreferentzietakoa bilakatu da

Jon Ander Ubeda 2024ko abe. 5a, 07:00

Argazkia: Ibai Arrieta.

Hilabete pasatxoko ibilbidearekin ailegatuko da Durangoko Azokara urnietarrak Argiarekin batera argitaratutako azken liburua

Durangoko Azoka begi-bistan dugu eta bertan aurkeztuko duzu “Kosmetikoak sendabelarrekin” ARGIArekin argitaratzen duzun hirugarren liburua. Liburugintzan dagoeneko eskarmentu handia pilatzen ari zara. Liburua eskuetan izan zenuenean, zer sentitu zenuen?

Nahasketa bat. Lehenengo, liberazio handi bat. Hau ez da nik bakarrik egindako zerbait.  Argia lantalde bat da, eta liburuaren ekoizpenean hainbat pertsonak egin dugu lan. Nik beti esan ohi dut letrak oso lehorrak eta soilak direla. Bada, norbaitek eder egiten badu liburua, hori Ibai Arrieta argazkilaria da, azala eta maketazioa egin dituen Maitane Gartziandia da. Inor ez da editoreekin akordatzen, baina testu hori horrela iristeko eta irakurleak ondo ulertzeko, Estitxu Eizagirrek egin du lan. Inprentan egiten den lana ere garrantzitsua da, lan hori produktu fisiko bihurtzen dutelako. Eskarmentuari dagokionez, tira, liburu bakoitzak bere berezitasunak eta ezaugarriak ditu. Denetatik ikasten da. Hortaz, luzea da "hau egitea gustatu litzaiguke" hasierako ideia hura mahaigaineratu genuenetik, eskuetan edukitzera bitarteko epea. Badut lorpenaren sentsazioa, baina, era berean, "gainetik kendu dezaket" nolabaiteko ideia hori ere bai, izan ere, buru-belarri, bestelako gairik gabe aritu naiz hilabetetan, hori prestatzen.

Durangoko Azokan izango zarete, urtero legez. Kontsulta asko egiten al dizkizu jendeak, egun horietan?

Salmenta, ospakizuna... Emozio nahasketa handia da Durangoko Azoka. Eskerrak ematera gerturatzen zaizu jendea, beste batzuk lehen aldiz ezagutzen zaituzte... Azken urteetan, dibulgazio-lanetan aritu gara, “Bizi-baratzea” proiektuarekin, eta oso harrera ona izan du. Horren gose zen jendea eta, formatuan, asmatu dugulakoan gaude. Oso ederra da hori. Liburua bera ez da, gainera, ipuingintza. Egiteko zerbait da, eta hor zalantzak sortzen dira, edukian. Durangoko Azokakoak oso egun biziak dira, eta egunero egoten gara bertan. Aurten, larunbat arratsaldean, hitzaldia izango dugu, 17:00etan, Landakogunean. Hau guztia esanda, esker on handia sentitzen duzun tokia da Durangoko Azoka.

Azokan, Jakoba Errekondorekin batera, bisitariekin hartu-eman handia izaten duzue. Salmenta polita egitera iritsi zara aurrekoetan. Arian-arian, azokako erreferentzietakoa bilakatu da zuen estanda.

Guk estand deigarria ipintzen dugu, elementu begetalak jartzen dizkiogu. Urtetan, ibilbidea egin du Jakobak eta egunak dituen ordu guztietan egoten da bertan bera. Gustuko du jendeak, eta bera eskura egoten da. Lehenengo urtean, ez neukan oso argi zer egin behar zen Durangon, ezjakina nintzen. Berak oso garbi esan zidan: "Begira, nik hau egiten dut, nahi baldin baduzu, lagunduko dizut". Egia da, bere aldamenean ipinita, oso erraza izan zela. Bidea erakusten dit. Beste idazle batzuk ere etorri dira: Josebe Blanco, esate baterako... Transmisio-lan bat egiteko ere bagaude, dibulgazio-lana egiteko helburua dugu. Grazia egiten dit, kanpotik nola ikusten gaituzuen, barrutik oso serio gabiltzalako, lan klabean, aurretiazko prestaketarekin.

“Bost sendabelarrekin egin dezakegu kosmetika on bat”, adierazi zenuen aurkezpen-ekitaldian. Uste baino errazago eta eskuragarriago dugulako akaso?

Hain justu, horixe da. Sendabelar asko behar ditugula uste da, atzerritik ekarri behar ditugula... Badaukagu gure artean oso ugaria eta ezaguna dena gutxiesteko joera. Berrizalea da gizakia, eta beti nahi izaten ditu elementu berriak. Nola bururatuko zaigu kalendula edo labanda direnik sekulako sendabelarrak? Eta badira! Eta gero landare basati asko ditugu: plantila belarra, asuna... Sekulako sendabelarrak dira eta azalerako eta hilerako propietate handiak dituzte. Aldiz, sektore honek oso berezkoa du aktibo berriak eta kanpotik ekarritako landareen propietateak nabarmentzeko joera... Produktu berriak asmatzen dituzte horrela eta, nire ustez, ez dugu horren urrutira joan beharrik, askotan, azal batek ez baitu askoz gehiago behar. Etekina atera ahal badiezu lauzpabost sendabelarrei, eta horrekin kosmetika seguru bat eta eraginkorra egiteko gai bazara, ez duzu askoz gehiago behar.

Ustez, eskura dugunaren ordez, industria osoa sortu da kosmetikaren kontura. Eta horren atzetik etorri dira hainbat eta hainbat arazo, gehiegizko erabilera dela eta.

Gehiegizkoagatik baino, eguneroko erabilera xumeagatik esango nuke. Produktu gutxi erabiltzen dituena ere ez da jabetzen horrekin. Hori izan da liburua idazteko motibazioetako bat: kutsaduraren gaiak asko kezkatzen nau. Lurrarenak, jakina: estolderian behera, egunero ari gara kutsatutako ur kopuru handia sortzen denok, eta, aldi berean, geure gorputza kutsatzen dugu, eta Nazioarteko Endokrinologia Elkarteak aurten txosten bat atera du esanez, geure barruko sistema hormonala nola hackeatzen duen, eta nola ari den osasun arazo larriak sortzen epe laburrean zein ertain-luzean. Horren aurrean ezezagutza da nagusi. Urte batzuk badira, Onintza Iruretak egindako elkarrizketa batean, aipatzen nuena amianto berria izango dela. Amiantoari buruz hasi zirenean, barre egin zitzaien, eta, orain, iritsi dira sententziak eta ikusi dugu zein inpaktu duen horrek. Bada, honek ere osasun hormonalean, ugalkortasunean inpaktu handia du, eta geure gorputzetan berandu ikusiko dugu, baina, nerabeen artean, nabariagoa izango da, esposizioa askoz handiagoa delako. Eredu hori kritikatzea izan dut helburu eta hor datuak ematen ditut, baina alternatiba ere eskaini beharra zegoen.

Azken belaundalietan, landa-eremutik edo baserritik etorritako jakintza hori galtzen ari da. Eta, esan gabe doa, liburuetan, transmisioari heldu nahi diozuela.

Lan honen ardatzetako da, bai. Nik neuk ere ideia hori nuen hasieran, jakintzaren galerarena. Baina, esango nizuke, Euskal Herrian barrena kilometro asko egin eta gero, ez daukadala irudipen hori horren argi, gehiago dela transmisio falta: beste belaunaldi bat etorri da eta hori ez du hartu, eta batez ere ez du praktikan ipini. Aitzitik, hitzaldietan-eta, sekulako jakintza duen jendea gerturatzen zait, baita gogotsu dagoena ere, egin duen hori norbaiti emateko. Hartzaileak falta dira, eta ikusi dugu badela tristura sentitzen duen eta ikasteko gogoz den jenderik, bere etxean egiten zen hori galdu delako. Transmisio-lana egitea dagokigu orain, ondare immateriala da, ez da inorena.

“Kosmetikoak sendabelarrekin” liburua salgai izango da Durangoko Azokan, baita Argiako webgunean edota liburudendetan. Urnietan?

Azoka bada salmenta-puntu bat eta eskura dago Argiako webgunean edota liburudendetan. Andoaingoetan bai eta Urnietaren kasuan, nik dakidala, ez. Hernaniko Elkar liburu-dendan, bai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!