Amona-biloba baten arteko eztabaida bati tiraka otu omen zitzaizuen manga euskaraz sortzeko ideia.
Orain dela bederatzi urte jaio zen nire aitaren eskutik Harriet Ediciones komikien eta eleberri grafikoen argitaletxea. Lehenago, zinemagintzan ibilia ginen biak, baina argitaletxe, ekoizpen eta diseinu ikasketak ditut, baita publizitate grafikoak ere. Komiki guztietan dago nire eskua sartuta, maketagile nagusia bainaiz. Aspalditik esana nion aitari manga euskaraz argitaratzearena, baina pandemia baino pare bat urte lehenago-edo hartu genuen hortan hasteko erabakia: Durangoko Azokan, amona-biloba batzuen arteko elkarrizketa batekin. Bilobak manga bat nahi zuen eta amonak erositako hori euskaraz izatea. Komiki bat hartu zion amonak, eta bilobak, eskuetan izan orduko, lurrera bota zuen, umore txarrez. Agian, manga euskaraz argitaratzea ideia ona izan zitekeela irudikatzen lagundu zion aitari egoera hark. Pandemiaren aurretik jarri ginen martxan, baina, koronabirusa zabaldu bezala, hermetikoki itxi zen Japonia. Ezin genuen ezer egin. Ondorioz, atzeratu egin behar izan genuen asmoa, 2022an, lehen manga argitaratu genuen arte: "Cube Arts". Hernanikomik azokan egin genuen debuta orain bi urte, argitaratua geneukan manga bakarrarekin. Ondo joan zen Hernanikoa, baina Durangoko Azoka... Ikaragarria izan zen. Guzti guztia saldu genuen. Gerora, egia da pixka bat lasaitu egin dela egoera, baina, adibidez, laugarren ediziora doa, jada, "Cube Arts". Ditugun beste argitalpenen artean, batzuek beste batzuek baino arrakasta handiagoa dute, baina denek hartu dute bere martxa.
Lehenengotarikoak zarete manga euskaraz argitaratzen. Erreferente faltaren aurrean, dena duzue aurretik asmatzeko. Zein zailtasun dakartza horrek? Eta zein aukera?
Guk "Cube Arts" atera baino bi aste lehenago kaleratu zuen Bartzelonako Ooso argitaletxeak euskarazko lehen manga, "Gorputza Krisian". Teknikoki hitz eginda, beraiena ez litzateke manga izango, ez delako japoniarra, Thailandiakoa baizik. Baina, beno, hau ez da inondik inora lasterketa bat eta zero axola zait.
Zorte txarra izan dute, Bartzelonakoak dira, gu baino argitaletxe txikiagoa eta eurak arduratzen dira banaketa egiteaz. Gure kasuan, Elkarrek eta SD enpresak egiten dute. Horrez gain, azoketan egoteko aukera daukagu guk: Getxoko Komiki Azoka, Hernanikomik, Durangoko Azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Zornotzako Mangamore, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka... Halako izena eta arrakasta lortu dugu. Euskaraz argitaratzeari utzi diote beraiek. Pena da, guretzat ez baita hori helburua.
Zure galderari erantzunez, abantailak? Ez daukagula inor alderaketan erortzeko. Zailtasunak? Euskal Herria ulertzeko arazoa daukate japoniarrek, beraientzat Espainia baita. Horregatik, azalpenak ematen hasi behar izaten dugu, hizkuntza bat baino gehiago daudela, gurea euskara dela, beste hartzaile mota bat daukagula...
Zenbat argitalpen egin dituzue orain arte?
Sei istorio argitaratu ditugu, hemezortzi aletan aterata: "Cube Arts" (hiru ale), "Heroines Game" (hiru ale), "Girls' Last Tour" (bost ale), “Dinosan” (lau ale), "Otaku bat Jainko Lanetan" (bi ale) eta "Change the World" (ale bakarra). Halere, gehiago ditugu inprimatzeke, otsailari begira.
Adin-tarteari dagokionez, zein da zuen argitaletxearen publikoa?
Gure hartzaile zuzena 12-16 urteren bueltako haurrak dira, istorio gehienak adin-tarte horri zuzenduta argitaratu ditugulako. Dena dela, gurasoak daude tarteko, haiek baitira liburu horien erosleak. Aurreko galderarekin lotuta, baditugu zenbait arazo: indarkeriaren aurrean jarrera lausoagoa daukate japoniarrek. Horren harira, inoiz izan dugu komeriaren bat edo beste, arrazoiarekin, noski. Horrez gain, heriotzarekiko eta sexu-praktikekiko ere oso ideia arraroa daukate, oso iluna, hemengo ikuspuntutik begiratuta. Bitxikeria moduan, hamar urtetik beherakoentzat ez dago mangarik. Ez dago ezer Japonian. Bertako umeek 10-12 urte bitarte izan arte ez baitute irakurtzen ikasten, oso zaila baita beren hizkuntza. Hiru grafia ezberdin dituzte: "hiragana", "katakana" eta "kanji", eta mila bat ikur ditu horietako bakoitzak. Bada, guztia ikasi ahal izateko urte dezente ematen dituzte.
Neska ala mutil, emakume ala gizon. Bereizketa horren nahiz adinaren arabera banatzen dituzte manga-generoak. Eta guk ez dugu halako zatiketarik egiten. Komodo du izena haurrentzat argitaratzen den mangak (“Doraimon”); shonen, adibidez, mutil gazteei zuzenduta dago eta bidaiak, borrokak nahiz abenturak dira nagusi (“Dragoi bola”, “Naruto”, “One Piece”); aldiz, shojo neska gazteentzako argitaratzen dute eta bikote-harreman heterosexualak zein erromantizismoa izan ohi dituzte hizpide (“Marmalade boy”, “Sailor moon”); gai sakonak lantzen ditu gizon helduei begirako seinen generoak (“Akira”, “Ghost in the Shell”), baita emakume helduentzat eginiko josei generoak ere, tartean, gai sozialak, harremanak, lan mundua... (“Chihayafuru”, “Nana”). LGTBIQ+ kolektiboari zuzenduriko generoa da yuri, eta, batez ere, hasieran lagunak diren bi nesken arteko erlazio erromantikoak jorratzen dira mangetan. Gauza bera gertatzen da yaoi generoarekin, bi mutilen arteko harreman erromantikoan oinarritzen baita, nagusiki. Guztien kasuan cis erlazioak izan ohi dira eta ez da iristen, baina porno kutsua dute, oso sexualizatuak dira.
Nahiz eta guk eskaintza anitzagoa eduki nahi izan, Japonian shonen moduan saltzen direnak dira nagusi gure argitalpenen artean. 12-15 urte bitartekoei zuzenduta dago, baina adin-tarte horrentzat egokiak ez diren edukiak ageri ohi dira manga askotan. Maiz, sinopsia eta lehen kapitulua ematen digute irakurri eta aukeraketa egiteko. Bada, hasieran itxura ona duen lana okertu egin daiteke askotan, eta buruhauste handiak ematen dizkigu horrek. Hortaz, nerabeentzat aproposa da? Irakurketa-maila, bai, ulerterraza bezain dibertigarria da, baina nik nahiago izaten diet gurasoei aldez aurretik abisatu badituztela zenbait pasarte desegoki samarrak.
Zein irizpide erabilita erabakitzen dituzue euskaratuko dituzuen lanak?
Aita gidoilaria izan denez, istorioei arreta berezia jartzen zaie Harriet Ediciones argitaletxean. Nahiago dugu marrazki narratsa duen istorio ona, marrazki txukuna duen istorio txarra baino. Mangarekin, gauza bera. Sinopsia irakurtzen dugu, baita lehen kapitulua ere. Astuna irudituz gero, atzera botatzen dugu. Batzuetan, ez dituzte ingelesez edo gaztelaniaz izaten istorioak. Horrelako kasuetan, internetera jo ohi dut. Marrazkiak ere pisua du, gure eskaintzan oso ilustrazio onak daudela iruditzen zait.
Japonian errotutako ilustrazioak eta istorioak ekarri dituzue euskarara. Kultura arteko jauzian oztoporik izaten al duzue?
Batzuk bai. Arlo teknikoan, demagun, Europan, onomatopeiak soinuak dira. Japonian, berriz, soinuak eta ekintzak. Pertsonaia bat aulkitik jaikiz geroz, "altxa" jartzen du onomatopeia gisa. Lan handia da hori guztia maketatzea. Bestalde, bertikala da beren idazkera. Eskuinetik ezkerrera idatzia. Euskaraz, ordea, hizkuntza eranskaria izanik, hamar silabako hitzak ere baditugu. Bunbuiloa oso bertikala da eta hitzak oso horizontalak (barreak). Ahal dudan guztietan saihesten ahalegintzen naiz, baina, tarteka, sartu izan dut bi mozketa dituen hitzen bat edo beste. Orriak ere alderantziz ipini behar ditugu, gurearekin alderatuta, atzekoz aurrerako irakurketa egiten delako mangan. Buruhauste handia izan zen lehen aldian, baina, egun, neurria hartuta diogu.
Negoziaketari begira ere baditugu talkak, hortan izaten ditugu arazo handienak, oso ezberdinak baititugu ikuspuntua eta helburuak. Bikaintasuna bilatzen dute, ehuneko ehunean. Perfekto ez baldin badago, atzera botatzen dizute dena. Adibide bat jartze aldera, zertxobait argalagoa da "Girls' Last Tour" manga, 160 bat orrialdekoa. Inprentakoek kanpoko estalkia handia gelditzen zitzaiola esan ziguten eta milimetro bat kentzeko. Milimetro bat. Kendu eta eredu berria bidali behar izan genien. Bada, argitaletxetik erantzun ziguten galdetuz ea zergatik kendu genion milimetro hori. Xehetasun txikienetan dute arreta jarrita. Era berean, "Dinosan" mangarekin ere gustuko dudan egoera berezia bizi izan genuen. Dinosauroei buruzkoa da manga. Bada, mangaren egileen lan-taldean, paleontologoa dute, aholkulari-lanetan. "Dinosan" guztia bidali genien maketatuta. Ez zigun argitaletxeak erantzun, paleontologoak baizik: "Euskaraz ikasten hasi naiz hau irakurtzeko eta ez dakit zergatik jartzen duzuen aditza modu horretara". Gure itzultzailea sartu behar izan zen, orduan, elkarrizketan, azalpen argigarriak emanez. Euskara bere kabuz ikasten hasi zen!
Artxiboen bidalketan ere arazoak eduki izan ditugu. Gaizki bidali izan dizkigute, ordena aldatuta... Ez dut ulertzen zergatik diren horren zorrotzak eta horren nahasiak aldi berean. Gaur egun, normalean, edukiak internetez bidali ohi dizkiogu elkarri. "Cube Arts" mangakoek, ezetz, disko konpaktu batean bidaliko zizkigutela artxiboak. Japoniatik hona, bi hilabete-edo igaroko dira CD-a iristerako? Iker Alvarez gure itzultzaileari bidali zioten azkenean, han bizi baita. Berak digitalizatu eta bidali zigun edukia. Diziplina zurruna eta kaotikoa dute. Beste denbora-martxa batzuetan mugitzen dira.
Nola egiten diozue aurre elkarrizketa eta esamolde japoniarrak euskarara egokitzeko erronkari?
Ikerren lana da hori, gehienbat. Hain zuzen ere, argitaratzeke dugun manga berriaren izenburua hitz-joko bat da, japonieraz. Hori mantendu nahi genuen, baina ariketa zaila zen euskaratzea. Interpretatu egin beharra dago eta, hiruok elkartu ostean, aita, Iker eta ni neu, lortu dugu: “Buztan eta buzti”. Zortea dugu, Ikerrek hamar urte daramatzalako Japonian bizitzen eta bertakoa du bikotekidea. Zentzu horretan, erraztasuna du hitz-jokoekin.
Etxeko literaturan gertatu den bezala, diskurtso eta testuinguru berriak sortu dira manga liburuen istorioetan?
Uf... Orokorrean, ez. Tradizio handikoak dira japoniarrak eta betidanik gauzak modu batera egin badira, horrela egiten jarraitzeko ohitura dute gehienek. Oso gutxi ausartzen dira hortik ateratzen. "One Piece"-ren zale porrokatua naiz ni eta, hain justu, azken sagan, bi pertsona trans sartu zituen egileak, naturaltasunez, gainera. Oso pertsonaia interesgarriak dira eta pisua dute kontaketan.
Osasuntsu al dago mangazaletasuna Euskal Herrian?
Bai, eta aspalditik, gainera. Lehen, ez nuen ulertzen zergatik ez zegoen euskaraz manga irakurtzerik. Ama argentinarra dut eta aitak ez daki euskaraz, baina Harriet Ediciones argitaletxea sortu zenean, argi genuen euskarari pisua eman nahi geniola: komiki guztiak ditugu euskaraz, ez, ordea, gaztelaniaz. Ikusi dugu komikigintzan eta mangan, kontsumitzaile euskaldun gehiago ditugula erdaldunak baino. Euskal Herria Frantziatik gertu egotea izan daiteke motiboa, bertan oso zaleak baitira.
Irakurzaletasuna sustatzeko bide polita izan daiteke manga.
Eta euskaraz trebatzeko aukera ere bai. Euskara ikasten ari direnentzat lagungarria da, testu gutxi du, ulerterraza da eta hizkuntzan sakontzeko erreminta polita da. Telebistako edukiak, liburuak, komikiak, mangak... Guztietan eduki behar dugu eskaintza euskaraz, hizkuntza horretan jarduteko aukera eta espazio gehiago izan ditzagun. Duela bi hamarkada, mordoxka bat marrazki bizidun genituen euskal telebistan, euskaraz.
Orain, bigarren edo hirugarren mailako kate batean daude eta ez ditu ia inork ikusten, mundu guztia interneten baitago eta plataforma digitaletan euskararen presentzia murritza da, ikusi dudanez. Eremu akademikotik harago ikusi behar dugu euskara, eta ez, soilik, literaturan.
Durangoko Azoka ate-joka den honetan, izango al dute txokoren bat gordeta zuen argitalpenek?
Komiki argitaletxe guztiak kale berean izango gara Durangoko Azokan, egunero, abenduaren 5etik 8ra, hain justu ere. Azokarik inportanteena da Durangokoa argitaletxearentzat, bertan egiten baitugu dirua. Durangoko Azoka erakusleiho handia da mangarentzat, bai eta komikiarentzat ere. Orain bi urte halako sold out-a egin genuen "Cube Arts" mangarekin. Ia, Eusko Jaurlaritzaren bidez, babeslea izan genuen: "Manga euskaraz" eta 500 manga oparitu genituen. Hainbat azokatan izan naiz Bartzelona edo Valentzia bezalako hirietan, baina ez dut sekula Durangoko Azokakoa bezalakorik ikusi. Izugarria da jasotzen duen harrera. Eta hori da euskal kultura.
Kabek argitaratutako zein manga gomendatuko zenioke zuenera gerturatzen denari?
“Zein istorio mota dituzu gustuko?”, erantzungo nuke nik. Gure eskaintzan ditugun sei istorioak kontatu ohi dizkiet apur bat zalantzati daudenei: misteriozkoak, beldurrezkoak, lasaiak, abenturazkoak... Umeentzat, adibidez, oso aproposa da “Otaku bat Jainko Lanetan 1” antropologia eta historia irakasten dituelako. “Dinosan” ere oso atsegina da: albaitari baten istorioa da, dinosauroak zaintzen. Eduki teorikoa du eta perfektuak dira marrazkiak.
Dena dela, guztien artetan gustukoen dudan istorioa da aholkatuko nukeena, "Girl¥s last tour". Bi neskato dira, guda ondorengo testuinguru batean bizirauten: buru azkarrekoa da bata, eta bestea oso fisikoa. Galdera filosofikoak izaten dituzte bidean, tanketa baten gainean daudela: "Zer da Jainkoa? Zer ez? Hau zergatik? Eta beste hau?". Oso lasai da, oso polita, egunerokotasunaz mintzo da eta bien arteko harremanean oinarritzen da kontakizuna. Oso maitekorrak dira biak al biak eta ez du testu luzerik, oso irakurterraza da. Nahiz eta marrazkia ez izan oso fina (apropos egina dago) oso estilo atsegina du, marra askorekin, izugarrizkoak dira paisaiak. Oso filosofikoa da eta konturatzen zara oraindik ez dugula zenbait galdera erantzuten asmatu.
Artista askok lotu ohi dute beren sorkuntza-agenda Durangoko Azokaren. Zuek ere ba al daukazue zerbait berria eskuen artean?
Komiki berriekin goaz, bai. Mangari dagokionez, bi ditugu maketatuta, baina ez dira Durangoko Azokarako izango, aurreragorako baizik, otsailerako-edo: "Change the World"-en bigarren alea eta "Girl¥s last tour"-en seigarren eta azken alea. Manga berri bat ere aterako dugu, aurki, “Buztan eta buzti”; shojo bat da.