Egapek euskararen kros jendetsu eta alaia ospatu du kaleetan barrena, Euskararen Egunean

Xabier Lasa 2024ko abe. 3a, 20:34

Egape ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek Korrikaren antzeko kros jendetsua eta alaia ospatu dute Urnietako kaleetan barrena, Euskararen Nazioarteko Egunean, arratsaldean. San Juan plazatik abiatu dira, eta bertan amaitu dute, hainbat kale igarota. Bidean, ikasleek eskuz esku eraman dute mezua zeraman lekukoa. Hain zuzen, udaletxeko balkoitik irakurri dute mezua. Argazkia-sorta eta bideoa (behean erantsita), ikusgai:

Hona ikasleek udaletxeko balkoitik irakurri duten mezua:

“Hasiera batean ez zen erraza izan. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen, baina gure arbasoen ahalegin eta dedikazioari esker, argira atera dugu. Ez dizkiogu gure txantxangorriari hegoak ebaki behar, hegan egiteari utz ez diezaion. Euskaraz bizitzeak gure nortasuna indartzen du eta gure historia eta kultura bizirik mantentzen ditu.

Euskararen herria ez da amets bat bakarrik. Euskara da euskaldun egiten gaituena eta Euskal Herri egiten duena. Herrian, kalean, eta tabernetan, euskararen aldeko jarrera sustatu behar da; izan ere, geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara.

Gure hizkuntza, gure ametsak eta gure ilusioak batera eginez, etorkizun hobe bat eraiki dezakegu. Euskaraz bizi eta euskaraz amestu., gure herriaren eta hizkuntzaren alde lan eginez. Guztion artean, egunero euskaraz aritu eta euskaraz bizi gaitezen, elkarrekin amets eta ilusio berriak sortuz.

Gaur, abenduaren 3an, euskararen egunean kalera irten gara euskarari merezi duen lekua ematera gure ondarea eta identitatea aldarrikatuz. Euskara baita gure identitatea eta gure arima.

Baina abenduaren 3tik aurrera ere euskaraz bizitzeko lanean jarraituko dugu. Bada garaia noizbait dezagun guda hori irabaz.

Bizi euskara, sentitu euskara, maitatu euskara eta borrokatu euskararen alde.

Euskaraz bizi nahi dugulako, gau eta egun, eskolan eta kalean, lanean zein etxean”.

Mezua entzun ostean, plazan bildutako LH6ko ikasleek bertsoak kantatu dituzte, eta baita ere, “Tu, tu, tu… euskaraz mintzatu abestiarekin koreografia berezia dantzatu dute. Ospakizunaren amaieran, meriendarekin gozatu ahal izan dute ikasleek.

 

Jardunez beteriko programazioa, azken egunetan

“Zein polita den zu euskaraz entzutea” lelo pean, euskararen erabilera zabaltzeko makina bat ekitaldi antolatu ditu ikastetxean azaroan zehar, gaurko Korrikaren aurretik. Hala nola, abestien kiniela, HH eta LHko ikasleen arteko topaketak, bingo musikala edota Egapeokea. Azken jardun hori, azaroaren 29ko arratsaldean, herriko lau plazatan banatuta egin zuten. Azaroaren 30ean, berriz, Aballarri guraso Elkarteak antolatuta, jolasak eta abenduaren 3ko egun berezian etxeetako balkoiak apaintzeko, kartelak egin zituzten.

Azkenik, gaur, programazio oparoa antolatu dute, goizean goizetik hasita. Horrela, 09:00etan, LH4-5 mailetako ikasleek bertso-saioa egin dute, ikastolako beste ikasleei eta gurasoei zuzenduta. Ordu erdi beranduago, DBHko ikasleek ipuin kontaketak egin dituzte, HH eta LHko maila eta talde guztietako ikasleak izan dituztelarik entzule. 10:00etan, “Tu, tu, tu, euskaraz mintzatu” koreografiaren entsegu orokorra egin dute. 11:00etan, jolas-orduaren txanda izan da, euskal abestiek girotuta. Azkenik, 11:30etik 12:30era arratsaldeko pankartak osatu dituzte eta denborapasetan jardun.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!