Gobernu Taldeak gaitzetsi egiten du Berrasoetako udal-instalazioen erasoa
"EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatutako Urnietako Udaleko Gobernu Taldeak erabat gaitzetsi eta arbuiatu egiten du azaroaren 30ean Berrasoetako udal instalazioei gazte talde batek egindako erasoa.
Gobernu Taldeak berretsi egiten du bere izaera irekia eta edozein herritar edo kolektiboren eskaera edo aldarrikapenei erantzuteko prestutasuna, baldin eta modu demokratikoan, baketsuan eta horretarako ezarritako bideak erabiliz egiten badira.
Beraz, Gobernu Taldeak berriro ere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du indarrez egindako ekintza horien aurrean, eta ez errepikatzea espero du. Era berean, elkarrizketaren, errespetuaren eta gizalegearen aldeko deia egiten du, udalerrian bizikidetza egokia izateko".
Urnietako EH Bilduk bat egin du gazteen aldarrikapenarekin
"Udal gobernuaren borondate eta kudeaketa faltaren ondorioz, Urnietan gazteek ez dute espazio autogestionatu bat izateko aukerarik. Gazteen aspaldiko aldarrikapena da Gaztetxea, baina EAJ-PNVk entzungor egin die urte luzez beharrizan horri. Jarrera horren ondorioa da joan den azaroaren 30ean Berrasoetako aparkalekuan gertatutakoa; gazte talde batek, ekintza baketsu baten bidez han utzitako eta erabiltzen ez diren etxolak okupatu zituzten ordu batzuez.
EH Bilduk ez du konpartitzen udal gobernuaren salaketa; ez da “erasoa” edo “delitua” izan, modu baketsuan eginiko desobedientzia-zibileko ekintza baizik, urteetako aldebakarreko jarrera baten ondorioa.
Gobernuaren kudeaketa eskasaren beste adibide bat erakusten du ekintza honek; gutxienez bi urtez hutsik egon dira etxola horiek, eta oposiziotik egin diren eskaerak alde batera utzi ditu gobernuak.
EH Bildu udal gobernuarekin ados dago gauza batean; horrelako beste ekintza bat ez errepikatzeko, ezinbestekoa da herriko gazteen beharrak entzutea. Horretarako, elkarrizketa mahai bat proposatzen dugu: Udaleko alderdi guztiak eta gazteen elkarteak eta norbanakoak biltzeko, helburu argi batekin: gazteen kolektiboaren ezinegona entzun, eta Udaletik beharrezkoak diren neurriak hartu".